Gaur egun, bakarrik dauden 5.600 adingabe ditu bere ardurapean Kanarietako Gobernuak, 347 dira penintsulako autonomia-erkidegoen artean banatu nahi dituzten adingabeak; hamabi egunkari-azal hartu ditu VOXen eta PPren arteko harreman-apurketak bost erkidegotan, 23 dira Valentziako Erkidegoari dagozkion adingabeak; 29.589 dira, 2014tik, Mediterraneoa zeharkatu nahian hil diren pertsonak, 1.541 dira urtea hasi zenetik, 0 dira egitate hori jaso duten egunkari-azalak; 95 milioi turista jaso ditu Espainiako Estatuak 2024an, 31.155 pertsona bisarik gabe eta geratzeko asmoz iritsi diren bitartean; Espainiako Estatuak 198.220 ukrainarri eskaini zien asiloa, iaz deportazio gehien egin zituen Europar Batasuneko bosgarren herrialdea da –10.645 izan ziren–, eta nazioartean babes gutxien ematen dutenen buruan dago, asilo-eskatzaileen %12 baino ez; 17 urte ditu Lamine Yamalek, 21.000 like ditu Yamal "arrazakeriaren aurkako harrotasuna" dela esaten zuen Yolanda Diazen tweet-ak; 37 izan ziren Melillako sarraskian erailak eta 76 desagertuak, 33 diputatu zituen Podemosek Kongresuan; hiru dira uda honetan beren bikotekide poliziek edo polizia ohiek eraildako emakumeak; 339.000 harpidedun ditu Roberto Vaqueroren Youtubeko kontuak, non islamizazioa emakumeen eskubideen kontrako mehatxutzat jotzen duen.
Neurtzeko baremo bikoitza izateak ez dio inori axola. Zenbaki batzuk alderdi politikoen helburuetarako baliagarriak diren bitartean, dena ondo doa. Uda honetan oso baliagarriak izan dira eskuin espainolarentzat, nahi baino lehengusu propio gehiago atera baitzaizkio, eta bereizi beharra baitauka, dantzalekuan nabarmendu: PSOE zokoratu nahian dabil PP, agenda politikoaren erritmoa markatuta; VOX are eskuinerago mugitzen ari da, eta katagorriaren alderdiari bidea ixten saiatzen ari da; eta Alvisek pozarren ikusten du nola ari diren beste batzuk, bere partez, paranoia- eta kriminalizazio-giroa ereiten. Gero berak jasoko baitu uzta hori, besteei nahikoa ez egitea leporatuz. Hiru eskuinak dantzan ari dira, beraiek abestu duten abestiaren doinuan. Hauteskunde-merkatu eskuindarra berrantolatzeko kostua baldin bada eskuinera passé bat egitea, pas de burré xenofobo batekin, nor da ezkerra dantza hori izorratzeko?
Baina, ezker sozialdemokrata zeharo kezkatuta dago eskuin aldeko pasodoble horrekin. Hala ere, ezer gutxi egin dezake. Sozialdemokraziak kontraesan gaindiezina du bere printzipio etikoen –humanismo berdinzale bat, giza-bizitza eta oinarrizko eskubideak defendatzen dituena– eta printzipio estrategikoen artean. Esparru nazionalera mugatzen den estrategia elektoralista bati lotuta dituzte eskuak eta oinak; eta estrategia horren proposamen politiko birbanatzailea baliagarria zen oparoaldi batean, baina ahuldu egiten da krisiak markatutako testuinguru honen aurrean. Immigrazioa, beraz, faktore desegonkortzaile konponezin bat da haientzat: ezin dituzte migrazio-fluxuak murriztu, horien kausak mundu-mailako menderatze- eta interdependentzia-harremanei lotuta daudelako, eta ezker horiek, batez ere, nazionalak direlako; errepresioaren bideari uko egiten badiote ere, ezin dute saihestu pentsatzea estatuaren baliabideak kontsumitzen dituela immigrazioak. Hain zuzen ere, urriak diren eta "herri-klase nazionalen" artean birbanatu nahi dituzten baliabide horiexek berak.
Beraz, arazoari ezin diotenez zinez aurre egin, kriminalizazio- eta arrazakeria-kontu batera mugatzen dute arazoa. Horrela, erreakziotik bereizten saiatzen dira arraza-aurreiritziari aurre eginez, pertsona migrantea gizatiartuz eta hari izatez positiboak diren balio batzuk erantsiz. Eskuinarekiko desberdintasuna ez datza immigrazioaren kudeaketa eraginkorrean, ezta emigratzen duten pertsonak sozialki integratzeko proposamen politikoan ere, baizik eta homo progresistaren eszenifikazio harroan; moralki katagorriaren, kaioaren edo zezenaren gainetik dagoen espezie gisa.
Oraingoz, gurutzada kultural honetan, ezker sozialdemokratarentzat aliatu bat da PSOE. Badirudi Pedro Sanchezek ez diola diskurtso sekuritarioaren amuari hozka egiten, eta ekidin egiten duela immigrazioa eta segurtasunik eza modu erabatekoan lotzea. Hala ere, ez ginateke harritu behar noizbait honetan ere amore ematen badu. Inoren harridurarako, gobernuko presidenteak arrazakeriaren aurkako diskurtsoa eta migrazioaren aurkako politika gogor bat uztartzen ditu. Egun batean, iraileko presidentetza-hitzaldian, migrazio-politika "humanistaz" hitz egiten digu, eta, hurrengoan, udako bira afrikarrean, lankidetza-akordioak sinatzen ditu Mauritaniarekin, Gambiarekin edo Senegalekin, "legez kanpoko immigrazioa" geldiarazteko eta deportazioak errazteko. Hanka-sartze bat? Inola ere ez. Ezin da inolako kontraesanik egon inoiz predikatu ez den eta aplikatu nahi izan ez den migrazio-politika baten eta egiaz aplikatzen ari den politika baten artean. Ezker sozialdemokrataren partener-ak "arazo arrazista" seinalatzen lagundu besterik ez du egiten, inoiz ez hortik harago. Izan ere, PSOE, etiketa ideologikoen gainetik, estatu burgesaren "kudeatzailea" da, eta, gaur egun, "migrazioaren arazoa" kudeatzeko proposamen bakarra dago: migrazio-fluxua murrizten saiatzea errepresioaren bidez, bai mugen barruan bai kanpoan, eta fluxu horren zati bat xurgatzea, estatuko ekonomiako eskulan merke gisa.
Pedro Sanchez honakoa egiten ari da: progresistei moralki onargarriak zaizkien kode batzuetara moldatzen ari da formula horixe bera. Lehenik eta behin, immigrazio "legala" eta "ilegala" bereiziz eta mafiak jomugan jarriz, herrialdean sartzeko aukerak zailtzen dituzten eta milaka pertsona deportatzea ahalbidetzen duten hainbat neurri justifikatzen ditu. Bigarrenik, "immigrazio zirkularraren" panazearen bitartez, soldatapeko esplotazioa eztitzen du. Hala, gobernuaren benetako politika ez da Alemaniako politikatik, Frantziakotik edo Erresuma Batukotik asko desberdintzen: setio-egoera mugetan eta esplotazioa muga horien barruan.
Ez da oso bizkorra izan behar ohartzeko "legezko" edo "legez kanpoko" immigrazioa estatu hartzaileen migrazio-politiken araberakoa dela erabat; zenbat eta debeku handiagoak izan, orduan eta handiagoa da legez kanpoko immigrazioa. Gainera, espero izatekoa da gero eta pertsona gehiagok emigratu behar izatea, krisi ekologikoen ondorioz eta Mendebaldeko esku-hartze inperialistek areagotutako krisi ekonomiko, politiko eta belikoen ondorioz. Prozesu hori geldiezina da, bere kausarik sakonenak konpontzen ez badira, ezin da aldatu. Beraz, Pedro Sanchez bezalako politikariak asumitzen ari direna da, inplizituki, izugarrizko biolentzia-dosiak aplikatuko dituztela arazoa areagotuz baina, gutxienez, urrun mantenduz. Izan ere, mugak militarizatzen dituztenean, bisak ukatzen dituztenean edo pertsonak deportatzen dituztenean, ez dira "immigrazioari pizgarriak kentzen" ari. Prozesu hori are biolentoago bihurtzen ari dira. Beren jatorrizko lekuetatik ihes egiten duten pertsonak kondenatzen ari dira: kontrolak saihesteko bada, itsas-bide arriskutsuagoetara jotzera kondenatzen dituzte; edota, aukera hobe bat izateko bada, tratu txarrak ematen dizkieten mafien eskuetan erortzera.
Immigrazioa ez da atzera bota daitekeen zerbait, bere horretan jarraituko du, eta areagotu egingo da, bere kausek dirauten bitartean: dominazio inperialistan oinarritutako sistema kapitalista. Horren aurrean, batzuentzat faktore desegonkortzaile bat dena, potentzial politiko bihurtu behar da komunistontzat: lehenik eta behin, baztertu egin behar dugu immigrazioa arazo bihurtzen duen eta egiazko arazoaren ondoriotzat jotzen ez duen diskurtso oro. Antolakuntza komunistak gerra kulturalerako tresna izan behar du, arrazakeriari eta era guztietako ideia erreakzionario eta baztertzaileei aurre egin behar diegu. Arazoen dimentsioa eta kausak desitxuratzen dituzten kriminalizazio-kanpainen aurka, fenomenoak birdimentsionatu, fideltasunez adierazi eta egiturazko arazoekin lotu behar ditugu. Bigarrenik, proletariotza immigranteak mugetan eta mugetatik kanpo jasaten duen errepresioan sakontzen duen neurri orori aurre egin behar diogu, eta bere eskubide politiko eta ekonomikoen defentsa irmoa egin behar dugu. Eta, hirugarrenik, gai izan behar dugu proletariotza immigrante osoari integrazio sozialerako proiektu bat eskaintzeko. Integratzeko moduak politikoa izan behar du –hau da, proletariotza immigrantea proiektu komunistari lotzea–, eta integrazio hori jasotzeko lekuak, nahitaez, komunitate multikultural bat izan behar du, oinarri etiko ez-baztertzaile batzuen gainean berreraikia eta bateratua. Lana ez da erraza, baina behar-beharrezkoa da.