Bonbardaketa mediatikoak hamaika izugarrikeria irenstera eta larritu gabe jasatera ohitu gaitu. Pantailetan eta egunkarietan, gure begiekin ikusten ari gara genozidio dokumentatu bat, kale gorrian uzten ari diren edo itsasoa gurutzatu beste aukerarik ez duten milaka lagunen drama, eguraldiari eta Gabonetako argiteriari buruzko albisteekin batera. Guztiak maila berean, guztiak gure egunerokotasunaren parte bailiran, guztiak azalpenik eta beraz erremediorik gabeko berezko gertaera gisa.
Anabasa horren barruan ematen da indarkeria matxistaren berri. Argitara ateratzen dira sexu-erasoak, bortxaketak eta jazarpena; tratu txarrak eta jipoiak; baina egiturazko kausarik gabeko gertaerak izango balira bezala kontatzen dizkigute, eta gero eta eragin txikiagoa sortzen dute gizartean. Tristea da zenbateraino asimilatu eta normalizatu dezakegun basakeria: EAEko txosten batek dio gizon gazteen erdiak uste duela indarkeria matxista ez dela "lehen mailako arazo bat", eta duela urtebete Espainiako Estatuan argitaratutako txosten baten arabera, gizonezko gazteen laurdenak ukatzen du indarkeria matxistaren existentzia.
Eta, horri lotuta, hain dago hedatuta itxuraz indarkeria matxistaren kontra agertzea, hain dago zabalduta aurpegia zuritzeko kareta morea ipintzea, erabat desitxuratu dela indarkeria matxistaren aurkako borroka. Gaurkoa bezalako egunetan, zenbaezinak diren erakunde publiko eta pribatuek, taldeek eta norbanakoek altxatzen dute biolentzia matxistaren aurkako bandera anbiguoa, inolako inplikaziorik gabeko aldarri bat bilakatzeraino. Ustez, zentzu komunaren parte da indarkeria matxistaren kontrako jarrera, baina ez dirudi horrek indarkeria matxistaren amaiera eragin duenik.
Ez dezagun baimendu biolentzia matxista naturalizatzea eta horren egiturazko kausak naturaltzat jotzea, baina, aldi berean, egin diezaiegun aurre indarkeria matxistaren aurkako borroka edukiz eta inplikazioz husten duten posizioei. Emakume langileok besterik gabe "beldurrik" ez sentitzera eta "ausartak" izatera bultzatu nahi gaituztela dirudi, eta bai, ausartak izan behar gara, baina ez modu etsian etxera bakarrik eta onik itzuli ahal izateko soilik: ausardia izan behar dugu elkarrekin antolatzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide kolektiboak sortzeko, eta biolentzia sortzen duten figurei eta egitura sozialari modu antolatuan aurre egiteko.