Europako Parlamentuko hauteskundeetan bozkatzera deitu gaituzte oraingoan, eta azken asteotan alderdiek propaganda-makineria martxan jarri dute berriro, gaurko egunari begira. Edonola ere, Europar Batasunaren egituraketak eta bere botere-organoek Europako Parlamentuari nolako erabakimen sinbolikoa eskaintzen dioten ikusita, zirkuaren parte izateko gogo guztiak kentzen zaizkio bati.
Zer esanik ez gauzak nola diren ikusita: kapitalismo global geroz eta jasangaitzago eta bortitzagoan, Europako botere-blokeek gerra eta austeritatea beste apusturik ez daukate beraien lehiakortasuna mantendu ahal izateko. Botere bloke horiek hauteskunde batera ere aurkezten ez diren enpresari handiek eta munstro finantzarioek osatzen dituzte, eta NATO zein Europako Banku Zentrala bezalako organoak dauzkate beren interesak gauzatzeko.
Hala ere, ezkerreko alderdiek antzerki parlamentarioa legitimatu eta bertan parte hartzea erabakitzen dute, besteak beste, “boto antifaxista” eskatuz. Ohi baino diskurtso subertsiboagoak plazaratu dituzte, seguruenik, boto-emaileen konfiantza berreskuratzeko eta faxismoaren indartzeak eragiten duen beldurra boto modura aprobetxatzeko.
Baina faxismoa, eskuin muturreko alderdi parlamentarioez harago, gizarte osoan zabaltzen ari den fenomeno bat da: talde neonazien zabalpena da, ideia erreakzionarioen normalizazioa, eraso arrazista eta antiproletarioen hedapena, eta abar. Produktibitate beherakorreko eta belarrietaraino zorpetutako estatuek biztanleria ongizate material bidez erosteko ezintasuna daukate gaur-gaurkoz. Ondorioz, faxismoak haztegi bikaina topatzen du pobretzen ari den erdi-mailako klase europarrean, ongizate nazionalen berreskurapenaren promesak itsututa.
Faxismo hori enpresari handiek eta oligarka finantzarioek markatutako joeraren bertsio erradikalizatua besterik ez da, eta jada presente zeuden zenbait aspektu eta politika bizkortzea dakar: proletarioen kriminalizazioa eta xenofobia, matxismoa, antolakunde iraultzaileen edo protestaren kontrako errepresioa, eta kontrol soziala.
Ezkerreko alderdiek ere rol garrantzitsu bat daukate horretan, eta ez, ulertarazi nahi diguten modura, faxismoaren hedapena gelditzearen zentzuan. Horiek ere ezarritako joerara azpiratzen dira. Berdintasuneko Europaz hitz egiten duten bitartean, austeritate-politikak aplikatzen dituzte; bakeaz eta dialogoaz hitz egiten duten bitartean, eskalada belikoa bultzatzen dute; askatasunaz hitz egiten duten bitartean, kontrol sozialerako mekanismoak indartzen eta eskubide politikoak urratzen dituzte; alternatibez eta progresismoaz hitz egiten duten bitartean, praktika eta diskurtso faxistei ez diete inolako mugarik jartzen. Diskurtsoan faxistengandik desberdintzen saiatu arren, errealitatean, Europako burgesia handiaren joera berdina aplikatzen dute, eta, horrek guztiak, faxismoa loratzeko ongarria jartzen jarraitzea dakar.
Beraz, ez: faxismoa ez da ezkerreko alderdien boto faltagatik zabaltzen, baizik eta alternatiba erreal baten faltagatik. Ezkerreko alderdiek, faxismoa gelditzetik urrun, Europar Batasuna eta NATO eta beraien joera gerrazale, arrazista eta autoritarioak legitimatzen dituzte, eta inoiz betetzen ez diren promesa faltsuekin frustrazioa handitzea besterik ez dute eragiten. Argi diogu: Europar Batasunaren eta bere alderdien egitura, gaur-gaurkoz, ez dira faxismoari aurre egiteko espazio bat, faxismoaren hazkundearen erantzule nagusietako bat baizik.
Horregatik, aukera politiko ezberdinen itxurak egiten dituen antzerki elektorala agerian uztea ezinbestekoa da. Izan ere, muturren parean dugun bidegurutzea ez da sozialdemokraziaren eta faxismoaren artekoa: bidegurutzea gosea eta heriotza eragiten dituzten instituzio burgesen eta justizia unibertsala helburu izanda eraiki behar dugun antolakuntza proletario independentearen artekoa da. Ez dezagun gerra eta austeritate-politikak legitimatzen jarraitu, eta bultzatu dezagun politika horien kontrako borroka eta langile-boterearen eraikuntzaren aldeko mobilizazioa. Iraultza ez da bere kabuz modu magikoan iritsiko, eta ez dago balizko gaitzetan txikienik, faxismoaren eta bere kausen kontrako alternatiba antolatzearen alde egiten ez bada.