AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

214 hilotz eta kalte neurgaitzak eragin ditu ekialdean ekaitzak. Hori gutxi ez eta orain entzun behar diren sermoiek pandemia garaian etengabe errepikatzen zirenen antza dute. "Hondamendi natural" soil gisa aurkeztu zen hura, kontrol poliziala handitzea eskatzen zuena, baliabide sanitario gehiago lortu ordez.

"Denok batera soilik egingo diogu aurre honi" eta antzerako esloganak berreskuratu aurretik, komeni da politikari profesionalez, kazetariez, sasijakintsuez, enpresariez eta abarrez ohartaraztea, maisu baitira beren erruz eragindako kalteak "zoritxarreko gaitz saihestezin" bihurtzen.

Zalantza izpirik gabe, presio baxuko aire-poltsa baten ondorio gisa, gertakari natural bat da DANA. Alabaina, ez dira gertakari natural hutsak azken 20 urteetan Mediterraneo itsasoa 2 gradu berotu izana; ura gerritik gora zuenean iritsi izana ekaitzaren abisua jendeari; Mercadonako langileek lanean jarraitu behar izana; larrialdi-zerbitzuen desegitea; edo aberatskumeak salbu egon izana beren luxuzko etxeetan, zer eta langile-familiak beren lantokietan, horietara bidean kotxez, edo espekulazio-garaian uholde-arriskuko zonaldeetan eraikitako jostailuzko etxeetan harrapatuta zeuden bitartean.

Hortaz, ahaleginak eta bi eginez kaltetuak laguntzeko zabaltzen ari den elkartasun-uholdea ez dadila izan "herriak soilik salba dezake herria" eta tankerako diskurtsoetarako aitzakia. Ez dago "herririk" eta ez gaude denok bando berean: proletalgoak hildakoak jarri ditu, burgesia aberasteko hain zuzen ere. Horrenbestez, arazoa politikari batzuen arduragabekerian (soilik) oinarritu nahi duten horiek, gobernua kolorez aldatzera mugatu nahi dute haserrea. Horrek ordea ez du ezer konponduko, enpresariek gerora tragedia modura salduko dituzten ondorio ez-naturalei esker aberasten jarraitzen badute.

EZ DAGO IRUZKINIK