AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Atzo, 70 urteko emakume bat etxegabetu zuten Astrabuduan. Telebistan eta legebiltzarrean "etxebizitzaren arazoaz" txor-txor ari diren bitartean, etxebizitzaren negozioak makina bat bizitza suntsitzen jarraitzen du. Aipaturiko emakumea beste biktima bat besterik ez da izan. Enpresa batek lukurreriaz bota du bere etxetik, bere etxea berme gisa jartzera behartu zutelako 7.000 euroko mailegu ziztrin batengatik.

Denok entzun dugun lelo bat da zuzenbide-estatua babesgabeen alde egiteko dagoela egina. Alabaina, errentatzaileak, mailegatzaileak, bankuak, putre-funtsak eta abar are gehiago aberastu dituzten dirulaguntzetara mugatu da, gaurdaino, Madrilek zein Gasteizek etxebizitza eskubidea bermatzeko egindakoa. Ahula babestu baino, indartsuari tributua ordaintzen diote proletarioa erabat esplotatu ez dezan. Urrutiegi joan gabe, atzoko operazio polizialean, etxegabetutako emakumeak zor zuena baino gehiago xahutu zuten. Era berean, alderdi parlamentarioak eta instituzioak etxegabetzeak legitimatzen eta jabeak biktimizatzen saiatzen dira. Kontrara, Ogasunaren datuen arabera, 18.000 eurotik beherako sarrerak dituztenen artean maizterrak %46 dira, jabeak %8 soilik diren bitartean. 53.000 eurotik gorakoen artean ordea, kopuruak alderantzizkoak dira.

Horrenbestez, estatua ez da arbitro ez eta epaile neutral bat etxebizitzaren merkatuan. Esanak esan, jabedunaren interesen zaindaria besterik ez da; jabetza eta irabazia behar sozialen gainetik daudela bermatuko duen ordenamendu juridikoa babesten duena. Politikari profesionalek ez bezala, ondo asko ulertzen du hau Rosak, atzo etxegabetua izan zen emakumeak. Izan ere, amorru eta inpotentzia guztia bere gain zituenean, pikutara bidali zuen bere azken jabetza-apurrak eramaten laguntzeko bere burua eskaini zuen polizia.

EZ DAGO IRUZKINIK