Kolore-konbinazio desberdinez jantzita ikusten ari gara faxismoa, baita aurpegi eta beso desberdinekin jarduten ere, Donostian bezala: erreakzionario talde bat kalean mobilizatu da baliabiderik ez duten pertsonentzat antolatzen diren afari solidarioen kontra, eta afari horiek debekatu ditu udalak (debekua betearazteko lagun izango du Polizia). Batzuek seinalatu egiten dute, beste batzuek exekutatu egiten dute; baina eskutik doaz guztiak olatu erreakzionarioa elikatzen. Eta faxismoaren sendotzeak sekulako abagunea topatu du immigrazioaren eta segurtasunaren aitzakiapean. Horixe da Donostiaz eta beste hainbatez kontatzen ez dizutena.
Oraindik Euskal Herria oasi bat dela pentsatzen duenak ingurura begiratzea besterik ez du. Hainbestek ikusten baitu arazoen jatorria kanpotik datozen pertsona konkretu batzuengan. Badirudi (ditxosozko) segurtasun falta, lapurretak, indarkeria matxista, baliabide publikoen eskasia, pobrezia, lan-baldintzen andeatzea, hizkuntza baten galera eta edonolako gatazkak kanpotik datorren horrek sortzen eta eragiten dituela. Eta ez munduaren luze-zabalean gure bizitzen alderdi oro antolatzen duen eta berez gatazkatsua den gizarte-antolaketa kapitalista biolentoak; edota antolaketa horren euskarri, betearazle nahiz kudeatzaileek (bertakoak ere badirenak, bide batez).
Eta ideia arrazistak eta faxistak ere kanpotik kutsatzen diren gaitz bat direla uste duenak, funtsean, akats antzekoa egiten du, kanpoan ikusten baitu beti arazoaren jatorria. Olatu erreakzionariotik (edota olatu horren erro posibleetatik) kanpo uzten eta salbuesten saiatzen baita norbere burua, ingurua edo komunitatea. Zoritxarrez inork ez du berezko DNA antifaxistarik, faxismoaren jatorria den gizarte-antolaketa beraren parte garenez. Faxismoari aurre egiteko berezko euskal antigorputz batzuez hitz egiten du hainbatek, baina beldurrez ikusi dugu gurean ere zer forma har dezaketen gene horiek eta antolakuntzak gaur egun: pertsona migratuekiko eta (batez ere) pobreekiko gorroto antolatua.
Antola gaitezen gu. Egin dezagun borroka faxismoaren kontra, muga oro borrokatuz; baita proletalgoaren barruko arraza- eta etnia-mugak ere. Antola gaitezen miseria sozialaren kausa errealei aurre egiteko, ezin baitugu ahaztu: miseriaren kausek klase-izaera dute. Eta miseria hori bera da arazotzat jotzen diren hamaika auziren sorburua, ez lurralde- edo kultura-jatorri konkretu batzuk. Ez diezaiegun espazio bat bera ere utzi faxistei.