Bidenek, trumpismoaren erokeria geldiarazi behar zuen printze urdinak, 1964tik hartu den erabaki arduragabe eta arriskutsuenetariko bat hartu du: irismen handiko misilak eman dizkio Ukrainari, Errusiari eraso diezaion. NATOk Errusiari erasoko diola esan nahi du horrek, Ukrainak ez baitauka baliabiderik arma hori erabiltzeko.
Itsu batek ere ikusiko luke erokeria honek eskala handiko gerra ekarriko duela. Erabakia ez da eztabaidatu ere egin, ez parlamentuetan ez beste inon, biziraupen senaren izenean bederen. Alabaina, hura txalotzera atera dira Europako sei herrialde (hiru herrialderik boteretsuenak tarteko, Europa osoa beraz) eta eraso hau "gutxiegi" iruditzen zaion prentsa (El País, Finantial Times…), adibidez.
Axolagabekeria belizista hau ez da burugabea. Kontrara, Mendebaldeko demokrazia parlamentarioen ustezko supremazismoa eta horiek munduaren jaun eta jabe ziren garaien nostalgia duten nazionalismoak nahasten dituen diskurtsoak sostengatzen du. Izan ere, beste herrialdeen merkatuak eta aberastasuna jo eta gar konkistatzeko gose diren enpresariak buru-belarri dabiltza beren armagintza-fabrikak, komunikabideak eta abarrak diskurtso horren mesedera jartzen.
Hala sortu da gerra nuklearraren arriskuaz jabe ez den burbuila bat. Horren tenkatua dagoen kate inperialista edozein katebegitan lehertu daiteke, eta, hala ere, hildakoak urrutiko herrialderen batean geratuko direlako ilusioak bake soziala mantentzen du hemen. Bada garaia NATO edo Israel deuseztatu gabe bakerik egongo ez dela aldarrikatzeko. Bada garaia, bestela, agian ez baita beste garairik egongo.