AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Abortu-eskubidearen alde gauden emakumeoi puta alabak deitu eta mehatxu batekin harrikoa egiteko agintzen digun, maritxuarena egin baino hiltzea nahiago duen, Franco goraipatzen duen eta mota guztietako mezu faxistak zabaltzen dituen gizon batek klaseak eman ditu EHUko Leioako Zuzenbide fakultatean. Ehunka ikaslek mobilizatu behar izan du bere klaseak eteteko. Hala ere, beste behin, ikasleen protestak lehertu arte ezer egin ez duen unibertsitateak ikasleen protestatzeko moduak eta bideak gaitzetsi ditu.

Miseria hedatzen ari den garai honetan, ideia erreakzionarioak ere zabaltzen ari dira. Gorrotoa eta beldurra ari dira hedatzen, baita gazteen artean ere. "Azkena iristen dena marikoia", "Ez dut uste gaur egun horrenbeste eraso matxista dagoenik", "Moro zikina", gehiegitan entzuten dira gazte-talde askotan; ondo dakigu hori hezkuntzan edo gazteekin lan egiten dugunok. Mezu horiekin batera, jopuntuan egoteko beldurra, seinalatua eta baztertua izateko izua, bakardadearen mamua, liderrari jarraitu beharra. Biolentzia.

Egoera honetan, aukera bakarra faxismoari aurre egiteko antolatzea eta borrokatzea da. Ez da nahikoa faxista ez izatearekin; faxismoari aurre egin behar zaio, eta adi egoteko unea da. Ez du ezertarako balio unibertsitateak zer balore ilustratu eta demokratiko dituen esateak, balore horiek zalantzan jartzen dituzten irakasleak kontratatzen badira eta horiek urratzen dituzten akordioak sinatzen badira. Ezin ahaztu joan den ikasturtean bertan, hainbat ikasle zein irakasleren protestengatik ez balitz, EHUko errektoretzak Zibersegurtasun Katedra abiarazi izango zukeela sionistekin lankidetzan. Edo duela urte batzuk, ikasleak antolatu eta presio egin zutenera arte, hainbat ikasleri bortizki zakila erakutsi zien beste irakasle batek klaseak ematen jarraitu zuela Arkitektura fakultatean.

Heziguneak, eta bereziki unibertsitatea, arrazoimenaren eta ezagutzaren baloreek ardaztu beharko lituzketela entzuten da maiz. Baina ezin dira askatasun politikoak eta adierazpen askatasuna aitzakia gisa erabili ideia guztiei toki egiteko; kolektiborik zaurgarrienak eta gizarteko sektore batzuk seinalatu, baztertu eta zapaltzen dituztenei ez baitzaie tokirik egin behar. Hain zuzen ere, ideia erreakzionarioen olatua geldiarazteko zutabe izan beharko lukete heziguneek. Faxistei ateak ixteaz gain, belaunaldi gazteenei horretarako arrazoiak eta garrantzia ulertarazteko espazio izan behar lukete. Errealitatea parez pare jarri, hori ulertzeko tresnak eman, eta ikasleria klase-elkartasunean hezteko toki izan behar lukete.

EZ DAGO IRUZKINIK