ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa
Ikasturte hasierako freskotasuna baliatuta, hausnarketa orokor batekin nator. Hezkuntza (gizarteko gainontzeko esparru guztiak bezala), klase borroka ematen den esparru gisara ulertzen dugu sozialistok eta, horregatik da ezinbestekoa, bertan ere langileok burgesia menderatzeko garatu behar dugun jardun politikoaren nolakotasunaz hausnartzea. Bada, auzi konplexu horri ekarpena egiteko asmoz idatzi dut; baina esan beharra dago idatzia ez dela indibiduala, hausnarketa eta gogoeta kolektiboen emaitza baizik (oraindik amaitu gabe daudenak, garapen handia behar duten lan lerroak baitira).

Nioen moduan, idatzi honen helburua, modu orokorrean ulerkera politikoen inguruan egindako hausnarketak mahai gaineratzea da, konkretuki, militantzia ereduaren inguruan jarduteko. Horretarako, bi militantzia ereduren arteko bereizketa egiten saiatuko naiz: Alde batetik, klase ertainaren proiektu politikoari erantzuten dion militantzia eta, bestetik, proletalgoaren proiektu politikoari erantzuten dion militantzia eredua. Bereizketa hau, orokorrean Euskal Herriko ikastetxe eta Unibertsitateetan dagoen ikasle eta langile mugimendua parametro hauetan kokatzen dudalako egin dut. Horregatik dauka garrantzia berezia auzi hau modu egokian kokatzeak: Mugimendu ezberdinen ohitura eta jarduteko moduak kritikatzetik haratago, militantzia kultura egokian sakontzeko eginbeharra lehen mailako auzia delako. Honela, belaunaldiz-belaunaldi transmititutako ohitura eta (egungo egoerarako) tradizio desegokiak alde batera utzi eta militantzia kultura sozialista egoki bat martxan jartzea da gure belaunaldiaren erronka nagusienetakoa. Norabide horretan ekarpena egiteko asmoz idatzi dut.[1]

Klase ertaina, bere proiektu politikoa eta militantziaren izaera

Aipatu dudan bezala, hezkuntza esparruan klase ertainaren eta proletalgoaren interesei erantzuten dien militantzia ereduen arteko bereizketa egitea da testu honen helburu nagusia. Horretarako ezinbestekoa da lehenik eta behin, klase ertainaz eta proletalgoaz ari garenean zertaz ari garen argitzea.

Klase ertainaz hitz egitean, bloke politiko bati egiten diogu erreferentzia. Langile klasearen goi estratuak (langile aristokraziak) eta burgesia txikiak egindako hitzarmen edo paktuaren ondorio den bloke politikoa. Hitzarmen hau noski, ez da bi pertsonen artean paper bat sinatzearen modukoa; prozesu historikoaren bitartez sortu den fenomeno edo egoera politiko eta sozial bat bezala ulertu behar dugu. Egoera honen emaitza, langileriaren zati bat (langile aristokrazia) burgesiaren aliatu leialena eta langileriaren traidore zuzenena bilakatzea izan da: Zehazki, burgesiak, estratu hau eskupeko bidez bizi baldintza “eroso” batzuekin erosotzea lortu du, honek, bere klase interesei eta eginbehar historikoa den komunismoaren eraikuntzari traizioa egitearen truke. Nola gertatu den hau?

Zentro inperialistan kapitalismoak izan duen garapenaren baitan, burgesiak kapital metaketaren dimentsio jakin bat lortzearekin batera (lurralde periferikoetan lan indarraren muturreko esplotazioari esker), langileriari kontzesioak egiteko gaitasunarekin (eta orokorrean interesarekin) aurkitu zen. Aldi berean, langile klasearen garapenarekin eta bere borrokari esker (Adam Radomskik ondo azaldu izan duen bezala), langile mugimenduak burgesiari irabazi kuotak kentzeko gaitasuna aprobetxatu eta hobekuntzak lortu zituen (garaipen hauetako asko, gainera, kulturalki hegemonizatzea lortu da denborarekin). Egoera honek, bi klase estratuen (langile aristokrazia eta burgesia txikia) arteko hitzarmen edo paktua deitzen dioguna eratzeko baldintzak sortu zituela esan daiteke: Burgesiak langile klasearen sektore bati soldata altuak, goi-mailako hezkuntza jasotzeko aukera, hainbat askatasun politiko eta, orokorrean, bizi baldintza erosoak bezalako kontzesioak egin zizkion. “Trukean”, langile klasearen sektore batek ez zuen proiektu antagonista baterako borondaterik eta berehalako beharrik adieraziko. Bere bizi baldintza erosoekin sintonian, jardun politikoa legez egiteko aukera eta tartea irabazi zuen estatu burgesean parte hartze kuotak handituz (sindikatu, alderdi eta abarren bitartez esaterako). Ordutik aurrera, ongizate estatuaren baitan, bizi baldintzak eta bere posizio soziala hobetzera mugatuko zen klase estratu honen jardun politikoa. Beste era batera esanda, komunismoaren proiektu politikoari bizkarra ematera.[2]

Baten bat honezkero galdezka ariko da zertarako azaldu ote (edo behar ote) dudan hau. Bada, azkenengo puntura iristeko, hain zuzen ere: Klase ertainaren programa eta eginbehar politikoa demokrazia burgesaren baitan, ongizate estatuan sakontzea dela azaltzen saiatzeko, alegia. Izan ere, Estatu burgesaren bitartez bere klase estratuarentzat hobekuntza sozial, ekonomiko eta politikoetan sakontzea du helburu klase ertainak. Funtsezkoa da klase ertainaren programa politikoaren helburu eta norabidea ondo kokatzea, honen logika ezagutuz soilik ezaugarritu dezakegulako bere jarduteko modu politikoa edo militantzia eredua.

Programa politiko hau Espainian, Katalunian edo Euskal Herrian ezaugarri ezberdinez osatua badago ere (besteak-beste ezaugarri kulturalak) eta ezaugarri hauen ondorioz, programa berdina duten bloke territorial hauen artean interes kontrajarriak daudela eman badezake ere, helburu eta norabideari dagokionez, programa  berdina da.

Klase ertainaren programa politikoak, demokrazia burgesaren bitartez ongizate estatuan sakondu eta bere estratuarentzat hobekuntzak lortzeari erantzuten dionez (proletalgoa legezko joko zelai politikoan babes gabe eta albo batera utzita), bere izaera politikoa, burokratiko-abangoardista[3] bezala definitu genezake. Zer esan nahi du honek? Programa politiko honen norabidean sortutako mugimendu politiko eta sozial oro eta honen mesederako antolatzen den jardun politiko eta militante oro, kanpo-abangoardia burokratiko batek kapitalizatuz eta kapitalizatzeko egiten dela, sortutako indar edo energia hori izaera instituzionaleko jarduera baterako xurgatu ahal izateko. Beste hitz batzuekin esanda, gutxi batzuk kontrolatzen duten alderdi instituzionala dago mugimendu politiko eta sozial guztiaren gainetik eta egiten den aktibitate orok (lan kultural, ideologiko edo borroka dinamikak) berau elikatu behar du. Izan ere, alderdi instituzional eta burokrata horren bidez soilik egin dezake politika klase ertainak, bere programa politikoaren funtsa, estatu burgesaren bitartez (lege bidezko erreformekin) ongizate estatuan sakontzea delako.

Honela, klase ertainak garatu duen militantzia politikoaren izaera azaleratzera iritsi garela esan dezakegu: Alderdi instituzionala elikatzeko jardun politikoa egitea da klase ertainaren militantzia politikoa. Azken batean, alderdi instituzionalaren boto kantitatea hazteko lan egitea da klase ertainak garatu duen militantzia ereduaren oinarria eta helburua.

Honen hamarnaka adibide aurkitu ditzakegu klase ertainaren adierazpen ezberdinen egunerokotasuneko praktika politikoan. Esaterako, “Sindicato de Estudiantes” taldeak PPren gobernuaren aurka ikasle greba deialdia egiten duenean, klase ertainaren militantzia eredua erreproduzitzen duela esan dezakegu. Greba honen bidez, PP gobernutik botatzeko sortzen den iritzi guzti hori, soilik alderdi burokratiko eta instituzional batek, demokrazia burgesaren bitartez kapitalizatu dezakeelako. Ernai antolakundeko kideek Gasteizeko tranbiara sartu eta kartulina batean idatzita ikasleentzako garraio bono bat aldarrikatzen dutenean ere berdin. Izan ere, berau lortzeko antolakuntza proposamenik eta proposamen taktikorik ez dutenez, aldarrikapenaren indarra EH Bilduk erreforma bidez kapitalizatzea da bilatzen dutena.

Proletalgoa, bere proiektu politikoa eta bere militantziaren izaera

Proletalgoa, aipatu dugun moduan, klase ertainak albo batera utzi duen (eta honen esplotazioari esker bizi den) langile klasearen estratua da, luxurik gabe eta soldatarekiko hil ala biziko dependentzian bizi dena. Dependentzia eta  babesgabetasun egoera kroniko honek, proletalgoaren bizitza eta etorkizuna ziurgabetasun eta segurtasun falta egoera iraunkorrera kondenatzen du. Egoera hau da agian, egun, proletalgoa ezaugarritzen duen baldintza objektibo adierazgarriena.

Klase ertainaren programa politikoa lege erreforma bada, proletalgoaren programa politiko historikoa komunismoa da. Proletalgoaren borrokaren bitartez, gizartea komunismoaren momentura eramatea, klaseen eta zapalkuntzen deuseztapenera, alegia. Hori lortzeko momentu estrategikoari sozialismoa deitzen diogu: Langileriaren antolakuntza gaitasunen eta indarren dimentsioari esker, proletalgoak burgesiaren, ekoizpen bitartekoen eta lurralde baten gaineko kontrola eskuratzen duen momentuari. Lurralde baten gaineko boterea hartu eta bertan politikoki, sozialki eta ekonomikoki botere sozialista aplikatu ahal izateko hain zuzen ere.

Zentzu honetan, proletalgoaren intereseko militantzia eredua, proiektu edo programa politiko hau (sozialismoaren eraikuntza) elikatzen duen jarduna da. Funtsean, langileriaren indarrak zentzu edo norabide honetan metatzean datzan prozesua, esplotazio eta zapalkuntzara kondenatzen duen burgesia mendean hartu eta botere sozialista eraikitzeko norabidean jartzekoa. Esan dezakegu, proletalgoaren mesedetara eraikitako militantzia ereduaren printzipioa langileriarekin heziketa lana egitean oinarritzen dela. Hau, nolabait esatearren, langileriak boterea hartzearen beharra ikusarazteko heziketa lana da. Honek ordea ez du esan nahi militantzia lan ideologikora mugatu behar denik, heziketa hau modu eta maila askotan garatzen baita. Are gehiago, lan teoriko edo ideologikoa baino frogatze lan bat bezala ulertu beharko genuke heziketa lan hau. Praktika politikoan dago gakoa. Egungo egoeratik eta dauzkagun indarretatik hasita, sozialismoak langileriaren bizitzetan inplikatzen dituen aldaketak onak direla frogatzeko lana, hain zuzen ere.

Auzi nagusira itzuliz, esan dugun bezala, proletalgoari interesatzen zaion militantzia botere sozialista gainjartzeko indarrak batzen dituen jardun eta antolakuntza modua da. Akatsa izango litzateke ordea, hau modu murriztuan edo interesatuan ulertzea. Esan nahi dudana zera da, langileria boterearen auzian hezteak ez duela esan nahi modu abstraktuan langileria matxinada egun baterako prestatzea. Kontrara, burgesia (eta bere apopiloak) langile indarren araberako eskalan konfrontatu, irabazi eta langile boterea indartzeaz ari naiz: etsaia geroz eta eskala handiagoan borrokatu ahal izateko indarrak metatzeaz, alegia. Prozesu horretan soilik hezi daiteke langileria eskala nazional eta internazionalean boterea hartzeko daukan ezinbestekotasunaz eta betebeharraz.

Honekin batera, derrigorrezkoa da sozialismoak ordezkatzen duen mundu eta bizi berriaren hazia, burgesiari borrokatu eta irabazitako esparru, eremu edo indar bakoitzeko izaeraren parte izatea. Esan nahi dudana da, boterea hartzearen auzia matxinada egun bateko kontua ez dela badakigunez, ezinbestekoa dela langileen kontrolpeko eremu, gune, instituzio eta antolakundeak sozialismoak inplikatzen dituen balore eta funtzionamendu sistemaren baitan kokatzea. Langileria sozialismoaren ezinbestekotasunean auzi praktiko errealetan besterik ezin baitaiteke hezi. Honek, zuzenean, botere burgesa bere hedaduran, eremu eta adierazpen guztietan borrokatu behar izatera garamatza, zapalkuntza guztien eta bakoitzaren aurkako langile indarrak metatzera, alegia.

Ondorioz, oinarrizko edo egiturazko interes desberdintasun hauek kontuan izanik, politika ulertu eta aplikatzeko moduak guztiz ezberdinak dira klase ertainaren eta proletalgoaren artean. Klase ertainak politika, hots, indar edo botere harremana eta talka, alderdi instituzional ezberdinen arteko eztabaidan kokatzen du. Finean berarentzat estatuaren gaineko kontrol modalitatearen inguruko auzia da politika. Aginte hau ideologikoki modu askotakoa izan daiteke, kontserbadoreagoa ala aurrerakoiagoa, bakezalea ala bortxazkoa, baina funtsean horretara mugatzen da klase ertainaren politikaren inguruko ikuskera, lehia instituzionalera alegia. Aldiz, proletalgoaren proiektu estrategikoak, bere etsaia den burgesiaren botere errealaren dimentsio osoaren aurkako dinamika bezala ulertzen du politika, finean, klase borroka gisara. Gizartearen eta prozesu sozialen gaineko kontrol auzi bezala.

Hau da, politika sozialistak, azken helburu eta jomuga nagusi gisara, botere burgesaren fundamentua edo oinarria den gainbalioaren dinamika globala eta bere bitartez metatzen den botere soziala deuseztatzeraino higatzea dauka helburu, burgesiak bere gainean daukan aginte eta dominazio gaitasunarekin amaitzeko bide bakarra izaki. Horretarako metatzen ditugu indarrak: kapitalaren eta estatu burgesaren agintetik haratago, esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko gizarte berri bat antolatzea da proletalgoaren interesa. Azken instantzian, burgesiaren zein proletalgoaren deuseztapena dakarrena.


[1] Testuaren egituraketari dagokionez, bi zatitan banatua dago. Lehenengo honek, “Klase ertaina, bere proiektu politikoa eta militantziaren izaera” eta  “Proletalgoa, bere proiektu politikoa eta militantziaren izaera” atalak barnebiltzen ditu. Bigarrenak aldiz, “hezkuntzaren eta heziguneen ulerkera politiko desberdinduak”, “klase ertainaren intereseko militantzia ereduaren ezaugarriak” eta “proletalgoaren intereseko militantzia ereduaren ezaugarriak” atalak.

[2] Prozesu eta fenomeno historiko konplexua den heinean, aipatutakoa baino ezaugarri eta determinazio gehiagok osatzen dute klase ertainaren sorrera. Testuan aipatu ez dudan baina dudarik gabe eragin handia izan zuen Sobietar Batasunaren papera aztertu beharrekoa da, esaterako. Sakontasunez aztertu behar den fenomenoa dela jakina da, hala ere, ez da testu honen helburua zentzu horretan ekarpenik egitea.

[3] “Konstruktibismo politikoa eta klase borroka” testuan, Kolitzak erabilitako kontzeptua.