Konstruktibismo politikoa eta klase borroka

2019ko ekainaren 22a

Egilea: Kolitza


Konstruktibismo politikoa eta klase borroka

Gaztelaniazko bertsioa

Iraganeko kategorien bitartez oraina epaitzeko ohitura zaharra, edo hobe, zaharren ohitura, modan jartzen ari zaigula dirudi. Batzuentzat Euskal Herriko Mugimendu Sozialista berria ezkerkerian erortzen bada, beste batzuentzat leninismoak kutsatuta agertzen da; batzuentzat independentista izateagatik nazionalista da, besteentzat espainolista aurreko zikloaren balantze autokritikoa egiteagatik etab. Azken Topagunea udaberriko ezker abertzalearen Topagune klasikoarekin alderatzeko tentazioa eta azken hori lehenengoaren eskemen baitan epaitzeko nahiak batzuen psikologia tentatu duela dirudi. Orokorrean, konparaketak egin nahi dituenak edo iraganeko eskemak egoera berriei aplikatu nahi dizkionak, bete betean sartzen du hanka. Ulermenerako tradizioa beharrezkoa izanagatik, berria bere espezifikotasunean ulertu ahal izateko bere arau kontzeptualen arabera epaitu beharra dago.

Egia da Ernaik aurten bertan hitzaldi eskaintza zabala, kontzertuak, jarduera kulturalak etab. bildu dituen Topagune masibo bat antolatu duela. Hau da: Ernaik, iraganean Segik, Jarraik etab. egin moduan, publiko zabala biltzea lortu du. Haatik, Topagune Sozialistak ez du masentzat kultur, teoria edo musika eskaintzarik. Topagune Sozialista ez da kontsumo publikoko ekimen bat, ez baitu eskaintzarik, ezta publikorik ere. Apenas behar izan du aurrekonturik antolatua izateko eta zehaztasunez bete ditu bere helburuak: ehun militanteak lan prozesu bat gauzatzeko egindako Topagune bat da, ez kontsumo prozesu bat. Beste topagunearekiko oso bestelakoak diren behar zehatzei erantzuten die eta hauen arteko konparaketa kuantitatiboetan sartzeak ez du zentzurik konparaketa kualitatiboak berak ere zentzurik ez duen heinean. Topagune Sozialista bera prozesu sozialista da, sozialismoaren eraikuntza, antolatutako indar proletarioa, klase etsaiaren aurkako botere estrategia baten baitan artikulatutako eta soldatapeko lanaren izaera oso ezberdineko lan gaitasunaren presentzia, herri bateko azpiegitura sozialista teknikoki balioztatzearen mesedetan jarria.

Lan prozesu honetan obra lanak, antolakuntza lanak eta lan politiko eta teorikoa izan dira. Eta amaitzeko, barne mailako ospakizun une bat ere bai. Baina ez da inolako eskaintzarik egon, ez baitzen benetan ez dagoen ustezko masa indar bat erakustea bilatzen. Masa indarra lan mobilizazio sozialistetara milaka gazte mobilizatzean izango da erreala, Euskal Herrian oraindaino ezagutu ez dena. Hau lortzeko inoiz antolakuntza premisa egokirik izan bada, klase independentziaren irizpideari jarraiki barne mailako mobilizazio eta indar metaketa eredua aplikatzearen aldeko behin betiko apustua egin duten bi antolakunde sozialisten garaiotan da; GKS eta IAren orainean.

Nola? Lan Topagune bat? Kontzeptu hau soldatapeko lanari soilik gordetzen diotenak izaera sozialistako lan mobilizazio bat ikustean harritu egingo dira agian. GKS eta IAren Topagunea eredugarria izan da honetan, 500 gazte inguru izan dira egun ezberdinetan Azpeitian modu koordinatuan lanean, herriko proiektu guztiei bultzada emateko, Krisiaren Seme Alabek sektore proletarizatuen beharrei erantzuteko berriki birjabetu duten eraikinaren egokitzapen lanak egitea barne.

Kontu izan: ez baita gauza bera Topagune bat antolatzeko lan egitea edo Lan Topagune bat antolatzeko lan egitea. Bigarren kasuan lanaren kontzeptu bikoitz bat barne-biltzen da: lana ez da soilik Topagunearentzat bitarteko, baizik eta Topagunea bera da lan bitarteko bilakatzen dena. Baina honek guztiak badu barne logika zabalago bat. Aztertu dezagun:

Euskal herriko Mugimendu Sozialista berriak oso garbi du antolakuntza teknologian dagoela indarraren gakoa: ekoizpen modu propioa duen burgesiarentzat hala den heinean, hala behar du proletalgoarentzat ere, bere etsaia garaitzeko botere independentea ehundu nahi badu behintzat. Iraganaren balantze autokritikoak zerbait irakatsi badigu, hau antolakuntzaren, proletalgoaren antolakuntza independentea ezaugarri hazkorrez elikatzearen eta indarren koordinazioaren gakoarekin asmatzearen garrantzia izan da. Honela, Mugimendu Sozialista indartzeko eta aurrera eginarazteko giltzarrietako bat aurreko ziklo politikoko eredu aktibistarekin behin betiko haustea da, langile mugimenduaren oinarri militante guztiak (eta ez soilik ezker abertzalearenak baizik eta bestelakoak ere barne) partekaturiko eredua, XX. mendean zehar eskala globalean psikologia eta kultura militantean txertatu den eredua alegia.

Egia esan, nahi ala ez, eredu aktibista, protesta-salaketa izaera duen hori iruditegi politiko abangoardistaren zati da, politikaren kanpo abangoardia gisa ulertzen dugun horren zati. Protesta eta salaketa, botere proletarioaren eraikuntzatik guztiz isolatuta praktikatzen direnean, modu elektoralean edo abangoardia militar baten bitartez kapitalizatzen den guda kultural baten zati besterik ezin daitezke izan; hau da, oinarria eta abangoardiaren arteko banaketa baten baitan gauzaturiko propaganda kanpaina gisa ulertu behar ditugu, oinarriak masa iritzi unitateak sortzen dituelarik eta abangoardiak protagonismoa termino mekanizista soiletan garatu, burokrazia osagai handi bat duen antolakuntza eredupean. Oraindik ere problematikoagoa da aktibismoa euren burua alderdi burokratikoen instrumentalizaziotik salbu jotzen duten tokian tokiko taldeek edo talde autonomoek etab. gauzatzen dutenean. Kuriosoa da, inolako estrategia eta antolakuntza zentralismorik ez duten eta formalki “antiautoritarioak” etab. diren kolektibo eta talde hauek, kulturalki zentralismo txarraren edo alderdi burokrazien indar metaketaren interesak besterik ez dituztela elikatzen eta, honela, saihestu nahi dituzten indar demokratiko erreformista horiek indartzen dituzten. Abstentzioa defendatzeak ez du zentzu handirik, talde anarkista askok egin ohi duten moduan, praktikan zeure aktibismoaren bitartez ezkertiarren botoa alderdi erreformista eta errebisionistengana bideratzeko arrazoiak ematen ari bazara.

Estrategia orok du indar metaketa dei diezaiokegun ardatz bat. Ez dago estrategiarik indar metaketarik gabe: edo hobe, indar metaketa eredurik gabe. Proletalgoaren estrategia sozialistak, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako klase borrokaren goranzko zikloetan bezalaxe, indar proletarioen metaketan oinarritu behar du, lurraldearen eta ekoizpenaren kontrola hartzeko eta burgesiaren gaineko klase diktadura gauzatzeko, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa garatu eta gizarte berriaren baldintzak prestatzeko. Modu honetan, ez du balio edozelako indarrak metatzeak, kontua ez da programa sozial despolitizatu baten aldeko iritzi bat edota  bozkak metatzeak. Metaturiko indarrak indar gehiago metatzeko erabiltzen dira, beraz ekintza eta eraikuntza indarrak izan behar dute, indar ekonomikoak alegia. Finean, honek mobilizazio eredu berri bat ere galdegiten du.

Indar “demokratikoen” metaketa prozesua kapitalizatzen duen kanpo abangoardiaren politika burokratikoa elikatzen duen oinarriko aktibismoak ez du onartu nahi etsaia ez dela soilik alderdi hau edo hura, baizik eta sakonean dagoen dinamika bera dela. Hau horrela da, etsaiaren estrategia, bere indar metaketa eredu erreala, gainbalioaren metaketa globala besterik ez den heinean. Etsaiaren botere politikoa zarata politikotik aparte, ekoizpen kapitalista globalean gertatzen den indar metaketaren sintesia baino ez da.

Esku gutxitan modu orokor eta globalean metatzen den potentzia honen gainean eta une horretan jada bai, soilik politikoak diren indar metaketa dinamika propioekin talka inter-burgesetarako botere blokeak eta koadro alderdiak artikulatzen dira, hauetariko batzuek oinarri aktibista-kanpo abangoardia eredu progresista demokratikoari erantzuten diotelarik. Erreforma demokratiko burgesaren bidea armatua edo elektorala izan, erreformaren alderdiak jendea salaketa, presioak, propaganda zein plebiszitu elektoraletan parte hartzeko batzen duen mobilizazio eredua garatzen du. Baina antolakuntza sozialistak burgesiaren partiduaren boterearen oinarri materialaren sustraia erasotu behar du bere osotasunean: akumulazio kapitalistaren bitartez egikaritzen den botere soziala. Hau da antolakuntza eredua, indar metaketa eredua eta mobilizazio eredua estrategia sozialistaren gako eta giltzarri egiten dituen arrazoia. Joko zelai politikoan mugitzen diren alderdi burgesekin ezberdinduz, masen Alderdi Komunistak aldi berean plano politikoan zein ekoizpenaren antolaketa teknikoan modu homogeneoan gauzatzen den indar artikulazioa izan behar du.

Esan bezala, argazki mediatikoaren manifestazio baketsu handia, performance-a, konfrontazioaren simulazioa eta jardunaldi elektoralak, oinarri-abangoardia eskema horren mobilizazio ereduaren adibideak dira. Bitartean, abangoardia burokratiko agintari batek borroka kultural hau kapitalizatzen du, energia hori izaera armatuko jarduera baterako zein izaera instituzionaleko jarduera baterako xurgatuz, erreforma politiko demokratikoa jomuga izaki.

Kontrara, proletalgoaren Mugimendu Sozialista, ekoizpen harreman kapitalisten markoan gauzatu ezin diren klase interesen bandera pean garatzen den auto-antolaturiko masen prozesu bat den heinean, eta bere abangoardia barne abangoardia bat edo masen Alderdi Komunistaren eraikuntzarako mugimendua bera izanik, oinarriko aktibismo despolitizatuaren mobilizazio ereduari guztiz kontra-jartzen zaion mobilizazio eredu berri bat garatzera derrigortua dago. Antolakuntza sozialista ez da moral burges txikiaren inpotentzia eta indignazio propaganda hutsa, menpekotasun harreman soziala eta berau iraultzeko borroka ulertzen duen potentzia proletarioaren artikulazioa baizik eta, honela, bere mobilizazioak beti eta leku guztietan potentzia ariketa bat izan behar du, potentzia estetika batek lagunduko duena, eta ez alderantzizkoa. Potentzia, lanaren gaineko planifikazio konstruktibistak antolaturiko lan soziala da, eraikuntza bilakaeran den alderdian, antolakuntzan eta artikulazio estrategikoan oinarritzen den botere proletarioa (antolakuntza eredu sozialistaren boterea) elikatu eta hedatzen duena.

Honela iristen gara auziaren muinera: 1-mobilizazio/eraikuntza eta 2-mobilizazio/eskalako gatazka dinamikak, osotasunaren ekoizpen prozesuaren dialektika estrategikoa suposatzen du. Alderdi komunistaren printzipioaren bitartez, gizarteak berak barne hedapen bat gauzatzen du forma berri batean, proletalgoa bere helburu sozial eta politikoak lortzeko lan banaketa planifikatu baten bueltan osotasun antolatu bat bezala artikulatzen eta bikaintzen duen prozesua delarik alderdiaren eraikuntza. Indar metaketak prozesua den heinean, aldi berean,  jada existitzen diren indarrak metatzeko balioko duen mobilizazio eredu bat galdegiten du eta, klase borrokaren talka bidez elikatzera bidean eskala izaerako gatazken planteamenduak indar horien metaketa eredu bat eskatzen du, gatazka horiek irabazteko eta indarrak areagotzeko sistematizazio taktiko egoki bat beharrezkoa duelarik. Eraikuntzak eta gatazken gaineko garaipenak norabide berdina elikatzen duten bi txapon izanik: sozialismoaren indar metaketa edo bestela esanda alderdi komunistaren hedapena gizartearen baitan.

Gatazkak interes komunistaren garaipena posible den indar korrelazioaren eskala ondo kalkulatzen denean soilik planteatzen dira modu zuzenean. Alderantziz, modu okerrean planteatzen dira indar korrelazio irreal bat irudikatzen denean edota borroka prozesu suizidetan indarrak galtzen direnean. Burgesiak joko taktikoa baimentzen du, ezohiko egoeretarako gorde beharra baitu bere irmotasun diktatoriala; bertzenaz bere aurpegi despotikoa nabariago azaleratzen baitu eta indar batzuek errepresioaren bitartez ezabatuz, potentzialki handitzen baititu. Proletalgoak ahultasun hori aprobetxatu behar du bizitzaren eta borrokaren esparru guztietan potentzia sozialista metatzea ekarriko duten eskala izaerako gatazkak planteatu eta irabazteko. Greba eskubideetan garaipen bat, eraikinen birjabetzeen olatu bat, lan prozesuaren kontrolaren esparruko garaipen bat, burokratizazio prozesuaren aurkako garaipen bat…

Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topaguneak botere proletarioa ikusaraztea ahalbidetzen duen lanaren topaketa eredua erakusten du, interes kolektibokoak diren lan prozesuak sozializatutako jabetzakoak diren bitartekoak gauzatzeko lanaren antolaketa diziplinatua eta planifikatua suposatzen duen heinean. Topagune hau planifikazio sozialaren ahalmena begiztatzeko erakusleiho dugu, indar produktiboak denboraren erabilgarritasun handiago baterako berme unibertsaletarako, goragoko zoriontasunerako, gizatasun garatuago eta garrantzitsuena dena, askatasun politikorako edo klaseen desagerpenerako beharrezkoa dugun ekoizpen modu berriarena. Horregatik hedatu eta biderkatu behar dugu mobilizazio eredu hau proletalgoaren indar politiko eta sozial independentea den, garapenean dagoen masen Alderdi Komunistaren eraikuntza prozesua indartzeko.

Izaera burokratiko-abangoardistako estrategia politikoek darabilten aktibismoaren mobilizazio ereduak ezin du inolaz ere proletalgoaren indar sozialistak biderkatzen dituen eredua izan, proletalgoari metatzea interesatzen zaizkion indarrak zentzu ekonomiko eta sozialean baitira indar eratzaileak eta ez zentzu juridiko-politiko burges soilean.

Erreforma politiko burgesaren garaia agorpenera iritsi da ziklo ekonomiko globalaren aldaketarekin. Klase ertainaren bizi baldintza tradizionalen txikizio sistematikoak eta balorizazio beharren araberako planetaren bizi baldintza ekologikoen txikizio geldiezinak, teknikaren eta indar produktiboen aurrerapen izugarriekin batera ireki duten aukera sozialen eskenatokia, lan soziala antolatzen forma kapitalistarekin hautsi dezaketen klase borrokaren prozesu handien eskenatokia ere bada. Guk prozesu horren ikerketa eta gauzapenari gure ekarpen xumea egin nahi diogu. Horregatik jartzen ditugu Proletalgoaren Masa Alderdi Komunistaren oinarriak.