AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Bada laudoriorik, hartzailea bera iraintzen duena. Behingoan mingarria izan ohi da, baina barrea ere eragin lezake. Elkar ezagutu zuten egun hartan, M. Gorki ezustean harrapatu zuen txaparro haren barre-algarak; zarata handikoa eta zuzena baitzen, ia mugarik gabea, arrotz iritzi zion honek Leninen barreari. Agian lotsabako batena.

Zintzoa den horren gaitzei eta sufrimenduari zaie erruki; langile bada eta halaxe badago, bere zorigaitzak ez du-eta inolako arrazoi justifikaturik. Faltsu eta ankerrena, ordea, zeharo ezberdina da: langile badira, kondizio hori dela medio, ez dute halako klase-injustiziarik merezi, halaber, euren errespeturik eza soilik amorruz edo barreguraz har genezake militanteok (hurrenkeraz eta kasuaren arabera). Ulerkera etiko bitxia izan zuen Leninek, baitzekien, Carl von Clausewitz ondo estudiatua zuenez gero, nork etsaia bere gain hartzearekin ez dela aski, gerratean badela berau suntsitu eta deuseztatzeko beharrik eta, beraz, krudelkeria posible litzatekeela. Alabaina, literatura unibertsala definitzean (haren aburuz literatura unibertsala izan zitekeen analfabetismoa desagertzean; literaturaren unibertsaltasuna gizakiaren gaitasun orokortu legez ulertu zuen Leninek) L. Tolstoiren lanak aipatu zituen. Bada, ebanjelioen laburpenari zeritzon Tolstoik idatzi zuen obra garrantzitsuena. Odol hotzeko labankadak ziren Leninen unean uneko tesiak, errealitatearen konplexutasuna ezagutu arren ziurrak baitziren eskaini zitzakeen hitzak; ongia eta gaizkia gatazka hutsetan jarri ohi zituen ezbaian, singularrean eta aurrez aurre, eta pertsona orok bata edo bestearekin konpromezua har zetzan mintzo zen. Estrategia leninistak klase-borroka auzietan legez, gela erdibitu eta osotasuna motibo sinple batera muga zezakeen Leninen barre absolutu horrek harritu zuen Gorki.

Halaxe, gogotsu egin diogu barre kartel bati. Izan, ez baita ezer patetikoagorik erreformistek ikur iraultzaileak eurenganatu asmoz egiten dituzten ahaleginak baino. Leninen jaiotzak 150 urte bete berri dituen honetan enuntziatu honekin ondratu nahi izan du baten batek haren oroimena: «ez da teoria iraultzailerik/ praktika iraultzailerik gabe». Errakuntza hutsa izan daiteke eta hala balitz, asmoak ez baitu gertakizunak beste ardura, esangura handikoa. Berriz, arrazoia edozein delarik inork intentzio propioz egin badu, badugu honako hau esaterik: egin duenari guztiz ezezaguna zaio Leninen pentsamendua, izan ere, baldintzapen horrek termino leninistetan ez du ez hanka ez bururik. Behinola, berriketa gogoa zutela-eta, Gorki eta beste intelektual batzuek etxalde batean egun pare batez batzeko asmoa izan zuten eta hara hurbil zedin erregutu zion Gorkik Lenini. Eta honek baietz erantzun zuen, joango zela, baina baldintza bakar batekin: berak ez zien elkarrizketa eta gai filosofikoei helduko, hau da, ez zuela holakorik onartuko. Kontzeptuen erabilpen zientifikoa eta hitzontzikeria burgesa praktika ezberdintzat hartzen baitzituen Leninek, diskurtsoen eta hizt-hutsen esparru anbiguotik salbuetsi nahi izan zuen teoria eta, bere ahalarekin batera, proletariotzaren premia politikoen menpe jarri. Hitzez gezurra esan daiteke, horregatik zion Leninek estimu berezia Goethek Fausto tragedian idatzitako honi: «teoria grisa da, ene lagun, baina bizitzaren zuhaitza betiereko da berde». Ezein hitzek ezin dio arrazoia kendu gertakizunari, halatan, antolakunde batek ezer esan edo idatzi zezakeen, ekimenek zehaztuko dute ordea zertan datzan bere politikak.