AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

 

Uneren batean historiari aurre hartu zion pertsonaiaren ahalak, haren balentriak edo pentsamendu boteretsuak, indar berezia izan dezake; inoiz esan edo idatzi zituen hitzetan azaltzen dena. Bada, oroimenean esaldi bakar batek ordezkatzen du handia izan zen hainbaten bizitza eta, halaxe, bere gorputzari biziraun dionak gure eskutan utzi du bere legatua. Guk, artean, izan zen hura uler genezake ala behin eta berriz egin diezaiokegu desohore; izan ere, akorduan ditugun hitzak edonola erabiliz badugu beraien jatorrizko esanahia bortxatzerik eta, behinik behin, ez du ardura. Horrelakoetan hitzok sorrarazi zituen esperientzia bera baita gal daitekeena, ordea, duten zentzua zein ote den galdetzea komeni zaigu batzuetan. Proletariotzaz eta boterearen konkistaz ari bagara, bederen, mendeetako irakaspen politikoak ez ditugu atsotitz soiltzat hartuko. Zaharrenek ere, tiranoen taktika abstraktu horiek, badute-eta zer-esanik komunistontzat. «Divide et impera», adibidez. Ez dakigu nori otu zitzaion, baina Julio Cesarrek xuxurlatu omen zuen; eta Napoleonek, bere liburutegiko Maquiaveloren Il principe liburuan, idatzi. «Divide et impera» edo «banandu eta garaitu», hau da, norberaren arerio diren horiek elkarren etsai bihurtuez gero, lagun zirenak aurkari bilakatzean, abantaila hartzerik diegula dioskun esapidea. Ahula den horrek, ordea, ezin izaten dio halako kalterik eragin etsaiari eta beste teknika politikoren bat baliatu beharra dauka. Lehenik eta behin bere ezintasuna edo ahulezia gainditu behar luke honek eta, ondorioz, indar-metaketa prozesu bat abiarazi. Gatazkari gailendu asmoz nork bere arerioa «banatzean», banatze-prozesuaren izaera-kualitatiboak ez du garrantzia handirik, zatiketa bera baita «divide et impera-k» har dezakeen forma bakarra. Etsaia banandu eta indargabetzean, erasoaren kalitatea eta kantitatea (banaketa edo murrizketa) gauza bera da. Alabaina, indar-metaketa prozesu batek ezaugarri ezberdinak ditu, prozeduraren nolakotasuna delarik garrantzitsuena. Inor gureganatuko bagenu, honek gure estrategiarekin bat egingo luke eta, hori soilik bere posizioaren aldaketa kualitatiboaz lor genezake. Gure burua indartzeko, beraz, gainontzekoak gure estrategiara batu behar ditugu.

Auzi politikoetan ez dago bateratze sinplerik, marra gorri batek erdibitzen baitu beti gizartean eman daitekeen indar-metaketa oro. Antolakundeek, honenbestez, bi aukera dituzte: a) beraien printzipio estrategikoei gogor eutsi eta, determinazio osoz, besteak berenganatzen saiatu; edo b) norberaren programa politikoa moldatu, zentzu-komunak hau eragozpenik gabe onar dezan. Eta klase-borrokan «divide et impera» teknikari ez diogu antonimo zuzenik aurkituko, hizt-joko hutsa dirudien arren, bada-eta ahuldu gaitzaken indar-metaketarik. Halatan, norberaren ahalmena printzipio estrategikoen arabera neurtzea dagokigu, hauen hedapena izendatuz «indar-metaketa» eta akats taktikotzat hartuz printzipio hauek kaltetu ditzakeen edozein hazkunde. Bateraezinak izan daitezkeen ulerkera etikoek osatzen baitute programa politiko bat edo beste, jendea konbentzitzeko helburuarekin jatorrizko programa politikoa aldatzean gure buruari traizio egin ote diogun galdetu beharrean gaude. Oharkabean ustelak bihurtu gaitezke-eta. Batasun politikoa, bada, ezin daiteke zehaztasun txikien abstrakzioz gauzatu, maximoak definitzeko premia, edo intolerantzia, agerikoa zaigu une honetan: hauteskunde kanpainen lotsagabekeriari esker. Esate baterako pasa den asteartean (otsailak 25) Euskal Herria berria, esker eskuz gutuna argitara eman zuten Gema Zabaletak, Javier Madrazok, Manuel Diaz de Rabagok eta Daniel Arranzek; bertan, babesa adierazi zieten EH Bilduri sinatzaileek, euren aburuz hau baita gurean bizi dugun «anomalia demokratikoa zuzendu» dezakeen alderdia. Babes adierazle izan nahi zuen horrek, berriz, gure ikuspuntu kritikoa indartu besterik ez du egin, EH Bilduren izaera erreala nabarmendu du-eta. Gure buruari galde diezaiogun hortaz: zeintzuk dira EH Bilduren oinarri politiko/etikoak lau horiek bere alde ager daitezen? Iragana beti bera denez, nor da aldatu den hori? Mendeetan zehar egonkortutako irakaspen taktikoak gutxiesten dituzten horiek ez dira Euskal Herria zatiketarik gabe batzea ezinezkoa dela ulertzeko gai, eta norberaren galera eragin dezakeen indar-metaketarik badela beranduegi ulertuko dute. Oraingo honetan ere, Mahomak berak jo du mendira.