Aurkakotasunak eta auto-baieztapenak identitateen eraikuntzan bi une esentzial betetzen dituzte: lehenengoaren bitartez bigarrena sustraitzen da. Identitateen eraikuntzan, bere burua erreproduzitu nahi duen identitateak aurkakotasunak definitzen ditu; bestea definitu ezinean agertzen den identitatea hankamotz ageri da bera nor den esateko. Izan ere, aurkakotasunaren gabezian edota etenaldian, talkaren ezinbesteko poloak masa homogeneo batetan urtzen dira.
Identitateen politika horrek botere burgesari funtzionala zaion sasi-gatazka sortzen du, barnera eta kanpora begira. Alde batetik, politika bera joko instituzionalaren baitan burutzen den antzezpena izatera mugatzen da, non aurkakotasun desberdinak iradokitzen diren osotasun baten ezinbesteko adierazpen gisa. Bestetik, aurkakotasunetik identitate politiko berri bat sortzen da aurkakotasun arrotz baten aurka: ordena sozial kapitalistatik kanpo kokatzen dena politikarekiko aurkakotasunean eraikitzen da eta politikak berak sortutako identitatearen aurka, beraz. Modu horretan, klase borrokari aukera guztiak ezabatzen zaizkio, hasiera batetan, bederen. Izan ere, 1) politikaren esparrua aurrez definituta agertzen da: politika burgesiarentzat administrazio burgesean sortzen diren identitate politikoen arteko talka baino ez da; eta 2) identitate horiei euren izatea politika burges horren biziraupenarekin lotuta agertzen zaie, honen erreprodukzioa haien bermean bilakatzen delarik. Politika burgesak politika burgesaren erreprodukzioaren beharra jartzen du, beraz, autonomiaren itxura hartuz, bere izatearen arrazoiak bere baitan aurkitzen dituelarik.
Joko horretan, itxuraz kontrajarriak diren identitateen eraikuntzak sistema kapitalista erreproduzitzeko funtzionala izan behar du. Barnera begirako aukerak definitzeak kanpokotasuna zedarritzea dakar. Politika burgesaren barne talkak kanpotik datozen erasoek sortutako talkekin ordezkatuak diren une horretan, indarrean den zentzu komunak agintzen du; giza eskubideak eta demokrazia gizarte zibilaren zutabe erreproduktiboan bilakatzen dira, haien izaera politikoaz guztiz gabetuak: edonolako ordena soziala pentsatzeko kontzeptu ezinbestekoak. Kanpo erasoak ez dira, beraz, barne kontraesanekiko autonomoki definitzen. Hain zuzen ere kanpokotasun hori politika burgesak bere burua erreproduzitzeko gai den modu funtzionalean eratzen baitu. Horrekin batera, benetako aurkakotasuna eragin lezakeen posizio politikoa neutralizatzen da, irizpide sistemikoen arabera birdefinitzera behartuz.
Demokrazia-faxismoa aurkakotasunak funtzio hori betetzen du, esaterako. Sistemak berak sortzen dituen poloak dira biak. Etsaitasunaren antzezpenaren bidez, identitate burgesak, eta kasu honetan identitatea baino gehiago: subjektu burgesak, bere nolakotasuna definitzen du eta bere beharrezkotasuna zurkaiztu. Subjektu burgesa, identitate politikoen aniztasuna arriskuan jartzen duen aurkakotasunarekiko konfrontazioan eratzen den estrategia politikoa da. Subjektuak berak aipatu aurkakotasuna jartzen duen neurrian, bere buruarekin harremanetan garatzen den subjektuaren errealitate itxia da subjektu burgesa, bere baitan identitate desberdinak jasotzen dituena. Prozesu zirkularra da, etengabe maila berdinean erreproduzitzen dena.
Identitate politikoen iraunkortze horrek berebiziko garrantzia du subjektu burgesaren biziraupenean. Izan ere, horren bidez politikoaren mugak definitzen dira, hau da, demokraziaren mugak, hortik kanpo dagoena horrekiko harremanean deuseztatuz. Demokratikoa dena politikoa da, eta alderantziz.
Ikuspegi sozialista batetatik, ordea, politikaren kontzepzioa sistema kapitalistarekiko aurkakotasunean artikulatzen den klase borrokak determinatzen du. Identitateen politika burgesaren ebazpen sozialistak, haien biziraupena baino, haien desartikulazio politikoa eskatzen du, hori baitu subjektu sozialista eratzeko ezinbesteko baldintza.