AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Bi dira aldaketa klimatikoaren aferaren harira zabaldu diren mezu adierazgarrienak: 1) “arazo globala izan arren, neurri lokalak eskatzen ditu”; eta 2), lehenengoaren lokalizazio zehatzagoa dena, “kontsumo eredua moldatu behar da”. Biak kapitalaren kanpaina internazionalaren karira ezkerreko mugimendu desberdinek zabaldutakoak, eta biak, ikusiko dugun bezala, gizarte burgesak bere buruari ezarritako sententziak baino ez. Kanpainak ez baitu aldaketa klimatikoaren aurkako kontzientzia abstraktu bat piztu, zenbaitzuk positiboki defendatu izan duen bezala, aldaketa klimatikoaren inguruko kontzientzia burgesa artikulatu baizik, ez litzatekeena hutsaren hurrengoa izango benetan kontzientzia forma horretatik aldaketa klimatikoari aurre egiteko aukera egongo balitz. Guk, ordea, ezetz uste dugu.


Ezintasun hori bereziki nabarmena da krisi ekologikoaren aurka -eta hau da gure ustez kontzeptu sozial zuzena, ez aldaketa klimatikoa- neurriak eskatzen direnean, baina ez denean horietako bakarra ere zehaztera heltzen; izan ere, neurriak neurri, arazoa bera ekoizpen modu kapitalistan aurkitzen da. Hau da, krisi ekologikoa kuantitaboki neurtu beharrean -isurketen kopurua, esaterako; zenbat gutxitu behar dira, ordea, krisia gainditutzat emateko?- soilik kualitatiboki zehaztu daiteke -krisi ekologikoaren kontzeptu zuzena truke balioa eta erabilera balioaren oinarrizko kontraesanetik eratortzen da-, ekoizpen moduaren nolakotasunarekin harremanean, eta haren erreprodukzio jarraiari atxikia. Hau da, krisi ekologikoa etengabe erreproduzitzen den prozesu formal gisa, eta ez kuantitatiboki neurtu daitekeen koiunturazko egoera. Honek, de facto, neurri erreformista oro deuseztatu egiten du krisia gainditzeko neurri gisa, krisiaren neurketa kuantitatiboaren atzean dagoen estrategia erreformista, gehienez jota jada emanda dagoen krisi baten zenbatekoan soilik eragin dezakeelarik. Hau oso probablea ez den arren, onar dezagun hipotesitzat.

Hasieran esan dugu bi direla koiuntura honetan ezkerrak zabaldu dituen mezu adierazgarrienak, eta bien arteko lotura zehaztu dugu, globaltasunetik lokalizaziorako hurbilketan kateatzen den prozesuan. Prozesu hau soilik formala izan daiteke: globala eta lokala ez dira bi espazio geografiko edo fisiko, kategoria sozialak baizik. Lehenengo mezu hori zabaltzen dutenen artean, ordea, anbibalentzia bat ikus daiteke, globalari aitortza formal bat egiten dioten bitartean, lokala espazio geografikora mugatzen dutelarik, hartarako amarru faltsu bat erabilita itxuraz logikoa den kontraesana tautologia antzuz ebazteraino: neurriak ukigarriak izan behar dira.

Jakina da neurriak espazio fisikoan soilik har daitezkeela, baina mugaketa geografiko horrek ez du inondik inora lokala bera definitzen. Estatu bat, esate baterako, zeina lokalaren definizioan sar daitekeen -edo probintzia bat, edozein mugaketa administratibo-, ez da espazio geografiko bat, forma bat baizik, espazio geografiko bat edo beste hartzen duena. Bada, lokala joerazko mugatze administratibo formal gisa ulertuko dugu, hots, globalaren azaleratze egituratu gisa. Hemen argiztatzen da erreformismoarekiko aldea. Izan ere, honentzat, globala espazio lokal desberdinen batura mekanikoa baino ez da, eta ez dago, errealitatean, inongo harreman logiko-dialektikorik. Ikuspegi iraultzaile batetik, ordea, globala osotasun gisa definitzea dagokigu, lokala, bere maila desberdinetan, haren espresioa delarik, mugimendu globala bere baitan eramaten duena, eta bere aukerak hark zedarritzen dituela. Aukera nabarmenena politikoa da: globalaren kontzeptu iraultzaileak mugimendu globala eskatzen du, eta ez nolanahikoa; ez soilik geografikoki tamaina jakina duena, baizik eta osotasunari estrategia iraultzailez erantzuten diona.

Zentzu horretan, kontraesan logikoa da arazoa globala izan arren neurri lokalak eskatzen dituela adieraztea. Izan ere, arazoa osotasuna bada, ekoizpen modu kapitalista, lokalki, hots, partzialki, hari aurre egitea ezinezkoa da. Ezin da forma sozial internazionala egitura administratibo estatal batetan gainditu, bi zentzutan. Lehena, modu iraultzailean, ez duguna hemen landuko. Bigarrena, erreformistan, non gorago aipatu dugun hipotesia onartzen dugun. Modu erreformistari dagokionez, nola har ditzake krisi ekologikoaren aurkako neurriak -eta neurri sozialak, etabar- Estatu batek beste guztiek hartzen ez badituzte?

Burgesia internazionalki egituratuta dagoen klase agintaria da, zeinak bere egitura internazionalen bidez lanaren esplotaziorako esparrua, eta hor ekoizpenaren nondik norakoak, definitzen dituen. Ikusi besterik ez dago nola lan erreformak, hezkuntza erreformak, etabar, ez diren Estatuetan definitzen, Europar Batasuna bezalako instituzioetan baizik. Bere kabuz neurriak hartzen dituen Estatuak, gainbalioa politika sozialetan edota krisi klimatikoaren ondorioak txikitzeko neurrietan xahututa, kapitala batezbesteko internazionalaren azpitik metatzen du, produktibitatea batezbesteko internazionalaren berdina badu, bederen. Txikiagoa izango balu, are okerrago, eta handiagoa balitz aukera desberdinak zabalduko lirateke, horien artean etorkizunean egitura produktibo osoa berritzeko gaitasunak galtzeraino. Beraz, ikuspegi erreformista batetatik, lokaltasuna bera ere antzutasun hutsa da: ezinbestekoa da burgesiaren egitura internazionaletan eragitea, eta beraz, mugimendu “global” bat, erreformak lortzeko. Edozein kasutan, mugimendu global hori jada existitzen da, eta burgesiaren mugimendu globala da, ekoizpen modu kapitalista, eta harekin batera krisi ekologikoa, maila altuagoan edo baxuagoan, berriztatzea helburu duena.

Zer esanik ez ikuspegi lokalista-indibidualista horren garapen logikoa den kontsumo ereduari dagokionez. Honen arabera, norbanakoak bestela kontsumitzen ikasi behar du, ustez krisi ekologikoaren kausa den kontsumismoari aurre egiteko. Hau goxoki bat da burgesiarentzat. Izan ere, langile klasearen kontsumoaren txikitzearekin haren lan indarraren balioa txikitzen da, burgesiaren botere metaketarako aukerak handituz.

Hauxe da neurri lokalen errealitate gordina. Ez da burgesaren beharrik, zentzu hertsienean, mugimendu burgesa artikulatzeko. Nahikoa da, ikusten denez, kapitalismoaren azaleko kontraesanen adierazpen den ezkerraren mugimendu espontaneoarekin.