Ekainaren 4tik 7ra egingo da aurten selektibitatea. Hego Euskal Herriko hamaika ikasle deituta daude unibertsitateko ikasketetara sarbidea lortu ahal izateko hautaprobetara. Une latzak askorentzat, jasangaitzak, lagunen artean zein familian tentsioak sortzen dituztenak, hala nola urte luzez gainditzen ez diren ondorio pertsonalak ere. Heziketa prozesuan ikasitakoak proban jarri baino, ikasleek haien baliozkotasuna defendatu beharko dute, lan indar esplotagarria bilakatu ahal izateko. Tartean, helburu hori lortzera bidean, diziplinarako agente autoritario desberdinak, aita handiaren figura betetzen. Burgesiaren moda pasarela da selektibitatea, ondorengo fasera zein igarotzen den erabakitzeko. Ikasleak, berriz, zenbaki hutsak.
Urtero antolatzen dira selektibitatearen aurkako mobilizazioak. Aurten, ordea, kutsu berezia du deialdiak. Ikasle Abertzaleak antolakundeak 30 urte bete eta bere VII. kongresua ospatu duen honetan, estrategia sozialistarako ekinbideak salto kualitatiboa ematen dio selektibitatearen aurkako borrokari, urteetan zehar egin den aldarrikapenari borrokaren zentzu estrategikoa inprimatuz eta, harekin batera, koherentzia ezarriz. Izan ere, “Selektibitateari ez!” lemapean deitutako mobilizazioen karira zabaldutako irakurketan, Ikasle Abertzaleak antolakundeak hautaketa prozesuaren nolakotasuna aztertu eta sistema kapitalistarekin duen ezinbestekotasun harremana azaleratzen du: ez da selektibitate eredu berri baten aldeko borroka, selektibitatearen aurkakoa baizik, ez kolore bat edo beste duelako, burgesiaren aginte formari funtzionala zaion prozesua delako baizik.
Sistema kapitalistaren eta selektibitatearen arteko harreman hori azaleratzeko nahitanahiezkoa bilakatzen da estrategia sozialistaren gorpuztea. Kontrara, salaketa oro literatura hutsa baino ez da, ohiko prozedura sistema kapitalista deitoratzen duten bitartean berau elikatzen dutenen artean. Hau da: selektibitatearen aurkako dinamika hezkuntza sistema kapitalistaren aurkako posiziotik soilik ebatzi daiteke, eta hau sistema kapitalistaren aurkako estrategia sozialistatik. Sistema kapitalistaren aurkako aldebakarreko adierazpenek, klase ertainen politika burgesaren menpeko izan ohi direnak, funtzio soila dute politika horren elikatzea. Izan ere, hauentzat nahikoa da munduarekiko ikuspegia aldatzearekin, botere burgesaren administrazioan posizioak irabaztera bideratuta dagoen hegemonia idealista baten eraikuntza, mundua bere horretan mantentzen den bitartean.
Eztabaida zaharra dugu hau, posizio enpirista eta idealisten mugak azaleratzen dituena: subjekturik al da objektuan? Lehenek ezetz ebazten dute, subjektua eta objektuaren arteko kanpokotasun harreman mekanikoa ezarriz. Bigarrenek, aldiz, aldebakarreko harremana ezartzen dute, subjektua errealitatearen sortzaile ahalguztidunean bilakatuz. Ez bata, ez bestea: objektuak bere baitan du subjektua, eta honek lehenengoaren araberako gaitasunak garatzen ditu, subjektibitate berria barnebiltzen duen osotasun objektibo berria sortzeko. “Bizimodu berri batek posizio politiko berriak, bizitzari begiratzeko modu berriak ekarriko ditu ezinbestean”, esan zuen Paul Beitiak, zuzen eta zorrotz, azkeneko ikuspuntuan.
Bada baloreak aldatu behar direla dioenik, bestela hezi behar direla haurrak, ez haien arteko lehian, elkartasunean baizik. Hitzak antzuak dira errealitate berrian gorpuztu ezean. Hezkuntza sistema burgesa ez da baloreen multzo batek osatutako errealitatea; horren aurka, errealitate hori balore desberdinetan azaleratzen da, besteak beste. Inork ez die haurrei lehiatu behar dutenik esan behar; haiek badakite lehiatu behar dutela, sistema kapitalistan egunerokoan inposatzen den behar objektiboa baita ondokoa zapaltzea norbera garaile suertatzeko. Ez da buruan dugun errealitatearekiko ikuspegi distortsionatuta, gure arteko erlazio objektiboetan, erlazio sozial kapitalistetan inprimatuta dagoen beharrezkotasuna baizik.
Sozializazio prozesu horrek gizaki atomizatuak sortzen ditu, botere burgesaren beharren arabera konektatuak eta hargatik ere politikoki ezgaituak. Horrexegatik garrantzitsuak dira, estrategia sozialistara bidean, gaur gaurkoz antolatzen ari diren langile mugimenduaren adierazpen anitzak eta baita Ikasle Abertzaleak ikasle antolakunde sozialistak martxan jarritako borrokak ere; hain zuzen ere klase batasunaren kimu emankorrak diren heinean, metabolismo sozial kapitalistaren dinamikari kontrakotasunak ezartzen dizkiotelako eta langile klasea garaipenaren bidean hezten duelako. Behar horri erantzuten dio selektibitatearen aurkako borrokak ere.