AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Askori ulertezina zaio zer dela-eta zuzentzen gatzaizkion «ezkerrari», etsai nagusi edo printzipala den horri zuzendu beharrean. Ezin du ulertu; izan ere, jokabide honek, halaxe ari denak norbera bezain ahula den beste hori hartzen baitu areriotzat, burgesiari edo indarrean den alderdiari besterik ez omen dio mesede egiten. «Eskumak indarrak batu egiten ditu, ezkerrak, aldiz, zatitu», antzekorik ere esan dezake halaxe uste duenak eta zatiketa edo talken motiboei tontakeria iritziko die. Alabaina, honako ezberdintasun honi erreparatu beharra diogu: inork eskuma-alderdirik begiko badu, hari dion konfiantza kontserbadoreari esker izango da; ezker-alderdiekin bat egiten dutenen artean, ordea, emantzipazio itxaropena izan ohi da garrantzizkoen (egun azken hau ez dago argi esaterik). Bada, askatasun deseinu horrek bere egin duen programa politikoa gauzaezina izan liteke eta, beraz, faltsua programaren arduradunek egindako promesekiko inork izan dezakeen esperantza. Ondorioz, programaren, promesen eta porrotak eragin lezakeen min orokorraren erantzule dira arduradun horiek. Hor aurki genezake «ezkerrari» egindako kritiken zergatia, konpromezu etiko batek saihestezin egiten duena: burutu ezin daitekeen programa batek berarekin ekar dezakeen subordinazio egoera horren da arriskutsua, ezen iraultza-borondate zintzoa duenak iruzur horien aurkako borroka lehenetsi behar duen sarritan. Baten-batek pentsa lezake kontraesanik agerian utzi duen horrek kritikatutako horri izen ona kendu eta bere taktikara indarrak batzea duela helburu; aitzitik, komunistak, testuinguru honetan, kritikatu duenarengan aldaketa txikirik eragitearekin aski du. Frogek, bestalde, norberaren diskurtsoa legitimatu lezakete eta kontaketa edo bertsio aniztasuna gezurra/egia terminoekin mugatu.

Hori dela eta: pasa den asteazkeneko Gara egunkariak, maiatzak 6an argitaratutakoak, Eusko Jaurlaritzaren publizitatea zekarren. Orrialde oso batean, hor ageri ziren segurtasun-indarrak, bi ertzain eta Bilboko bi udaltzain, osasun-langile baten alboan. Polizia-instituzioa bera, berez, errepresiboa eta burgesiaren neurrikoa da, horregatik polizia eredu batek edo bestek ez du haren egitura-izaera aldatzerik. Hala ere, harrigarriena zera da: ez-ohiko egoera honetan polizia-indarkeriak izugarri egin du gora, bortizkeria latza bizi izan du egunotan langile askok, eta, azkenekoz Gasteizen gertatu legez, zenbait etxebizitza eta eraikin hustu ere egin ditu poliziak legediaren babesik izan gabe. Bada, polizien alderdi latzenetariko bat nabarmena den garai berean Garak hauen gizatasuna, edo honen irudi bat, argitara eman du. Eta ez balu halakorik aitortuko, zergatik publizitate hori? Zer lotura du Garak Eusko Jaurlaritzarekin? Jakin bazekiten-eta problematikoa izan zitekeela iragarkia, ez al zegoen ekiditerik? Edo, adostasun osoz egin zuten?