Hauteskunde eguna da gaur. Bigarrena hilabete eskasean. Aste luzez politika burgesaren adierazpen kontraesankorrak diren alderdi politikoen promesak entzun eta gero, politika horren nolakotasunaren inguruko zenbait ondorio ateratzeko egoeran aurkitzen gara. Izan ere, alderdi politikoek politika ulertu eta egiteko duten moduan sistema politiko burgesaren oinarriak iragartzen dira, sotiltasunaren atzean gordintasun agerikoena ezkutatuz. Antzeztutako gertutasuna egiturazkoa den aldentze eta zatiketaren makillajea baino ez da.
Hausnarketa eguna deiturikoan ohiko irudi lazgarrian bilakatu da politikariak euren bizitzaren ustezko egunerokotasunean ikustea: langile klasearekiko, edo haiek izendatzen duten herri horrekiko duten ageriko urruntasuna txikitu nahirik, miseriaren mundu honetara jaitsi egiten dira gure artekoak direla gogora ekartzeko, haiek ere bizitzaren gorabeherak sufritzen dituztela irudikatzeko, eszena horietan agertzen diren une asko urtean behin sufritzen badituzte ere. Ez ote da hori langileon bizitzaz trufa egitea izango, eta zein ote da joko horretan murgiltzen direnen ardura, haien benetako egunerokotasuna eszenifikatzen dutenean. Ez baita hau gizabanakoen benetako bizitzaren inguruko hausnarketa, politikarien paperari -hots, agintarien paperari eta ez askok esan ohi duenez ordezkarienari-, eta harekin batera politika burgesa gure bizitzetara iltzatzeko praktikari kritika baizik. Langile klasearen bizitza eta politika burgesa adiskidetzeko mekanismoaz ari gara, jakina; euren ekinbidean bizimodu apala izanda ere berau politika burgesaren beharrezkotasuna aldarrikatzeko erabiltzen dutenen ekinbideaz. Hau ez baita sozialdemokraziak hain gustuko duen kritika moralista bat, kritika politikoa baizik.
Alderdi politiko guztiek bilatzen dute, euren agerpen publikoetan, aipatu hurbiltasunaren irudikapena. Sentimentalismoa eta irrazionalismoa eguneroko ogian bilakatzen dira boto emailearen altxor preziatuari iruzur egiteko: gazte andana erabiltzen dira bulegoetan definitutako politiken berme gisa ateratzen diren argazkietarako, aurpegi ezagunak bilatzen dira programak lortu ezin dezakeen atxikimendua lortzeko, alkategaiek pintxoak banatzen dituzte harrapakinak gizentzeko... Enpresa politikoen marketin kanpaina honetan otsoa ardi larruz mozorrotzen da, instituzio kapitalisten eta, haiekin batera, diru iturri izugarrien gaineko kontrola bereganatzeko. Gerora estatu egitura diren alderdi politikoek euren funtzio politiko-sozialak bete ditzaten; tartean, mugimendu iraultzailearen gaitasunen aurkako erasoak, diruz hornitutako makinaria burokratikoa baliatuta.
Irudikatu nahi dutenaren kontra, ahotan duten herriarekiko desatxikimendua eta urruntasuna baino ez du adierazten ekinbide horrek. Programa batetiko babesa programa horren logika arrazionalaren hedapenean bilatu beharrean, inertziazko egunerokotasun zamatsuaren irrazionaltasunetik tiraka sentsazionalismo merkeak betetzen du konpromiso politikoaren hutsunea. Osotasunarekiko kontzepzioa aldebakartasun mugatu batek ordezkatzen du. Ez da, ordea, ausazko praktika. Demokrazia burgesaren nukleoan aurkitzen den atomizazio sozialaren bitartekaritza mekanismoa da politikaren irrazionaltasunaren bidezko ehuntze sozial-korporatibista. Sistema kapitalistan norbanakoak beharrezkoa duen bitartekaritza soziala, gizartearen iruditegiaren funtzioa hartzen duena; hau da, hasiera batetan norbanako isolatu gisa existitzen den horrek kolektiboarekiko lotura ezarri ahal izateko beharrezkoa duen bitartekaritzaren funtzioa betetzen du estatu kapitalistak, alderdi politiko burgesak funtzio horri erantzuten dioten espresio askotariko estatu aparatuak direlarik.
Programa burgesaren irrazionaltasuna beharrezkotasunaren indarrarekin gailendu egiten da, beraz. Soilik oinarri horretatik abiatuta uler daitezke politika burgesaren adierazpen anitzak adierazpen beharrezko gisa. Irrazionaltasunaren bide malkartsu horretatik tiraka, instituzio herritarrenen eta gertukoenen ikuspegia aurkezten zaigu. Herritarrekin erlazionatzeko instituzio hurbilenak. Egoera deskriptibo hutsala, gertutasunak espazioarekin duelako harremana, eta ez langile klasearen politika sozialistaren balizkotasunarekin. Honentzat, kilometroak traba objektiboak badira ere, urrunago dago Euskal Herrian artikulatutako kapitalaren instituzioa, udaletxea izanda ere, geografikoki munduaren beste puntan kokatzen den langile klasearen esperientzia iraultzailea baino.
Ez dira udaletxeak instituzio herritarrenak, ezta gertukoenak ere. Akaso haien gertutasuna kapitalak norbanakoekin bitartekaritza lana egiteko duen instituzio berehalakoena izatearekin erlazionatuta dago. Akaso kapitalaren tresna xamurrenak dira langile klasea limurtzeko, politika burgesak lur har dezan, politikariek hauteskunde kanpainan egiten duten gisara. Akaso politika burgesaren gestio espazioetan betikotu nahi dutenentzat dira instituzio herritarrenak; langile klasearentzat, ordea, botere propioa da auzia, eta hori beste eskala batetan eraikitzen da. Udaletxeen gertutasunaren auziak politika bat iragartzen du. Herritartasunaren auziaren adierazpen irrazionalak arrazionaltasun argi bat du atzetik: burgesiaren aginte politikoaren biziraupena.
Politika burgesari berariazkoa zaion itxurazko autonomia, forma irrazionalen bidez azaleratzen dena, biluzik agertzen da klase boterearen dinamikarekin estuki erlazionatuta agertzen denean. Hartarako, anabasa honen aurreko klase posizioa artikulatu beharra dago, arrazionalismo politiko iraultzailearen beharra. Soilik estrategia sozialistaren baitan uler daitezke errealitate itxuraz dinamitatu honen aldebakarreko adierazpenak. Haren gabezian, axolagabekeria litzateke etsaiaren dinamikan murgiltzea; edo langile klasearen interesak ez direnak defendatzea, hartarako hamaika aitzakia erabiltzen badira ere.
Gaurkoa egun handia da politika burgesarentzat eta baita konpromiso bakarra politika burgesarekin duenarentzat ere. Milaka kontratu biziberritzen dira; ez soilik instituzioetan. Gizartearen zati handi batek botere burgesarekiko atxikimendua eguneratu egiten du, eta begi txarrez behatzen du haiekin fede itsu hori konpartitu nahi ez duena. Langile klasearen politikarekin kontaktu txikiena ere izan ez dutenak asaldatzen dira, konpromiso eta ardura politiko osoz demokraziaren Eskrituren aurrean makurtzen ez denarekin.
Hauteskundeen garaietan nahi politiko primarioenak agertzen dira, demokraziaren festaren oturuntza erraldoiak lau urtez asebetetzen dituen arte. Baina bitartean, zer? Bitartean, segi gosea elikatzen: gaitasun politikorik gabeko herri mugimenduak; eragile sozial antzuak; protestarako dinamika indargabetuak… Instituzio kapitalistekiko menpekotasunean garatzen diren dinamikak, instituzioetan eragiteko eta instituzionalizatutako beharrak elikatzeko. Tartean, “herri mugimenduaren eskakizunak asetzeko” boto gehiagoren beharra, noski.
Hori baita politika burgesaren autonomia printzipioa: politika burgesak etengabe politika burgesari dei egitea, bere fundamentuetan aurkitzea bere burua etengabe fundatzeko oinarriak. Praktika horren premisa eta produktua dugu subjektu burgesa. Baita subjektu sozialista eratzeko ezinezkotasuna ere. Instituzioak/herri mugimendua dikotomia faltsu horren arrazionaltasuna agerikoa da, bi izateak kontrajarriak baino, errealitate baten aldebakarreko adierazpen kontraesankorrak direla azaleratzen denean, herri mugimendua bera instituzioetan gauzatutako dinamika baten gabeziak betetzera datorrenean.
Langile klaseak ezingo du, sekula, botere propiorik artikulatu burgesiaren dominazio politikoaren formak borrokatu artean. Gaur egun handia da langile klasearen politika independentearen aurkari guztientzat.