AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Miserablea da, sarrienean, proletariotzaren bizitza. Denbora luzez miserian bizi dena, hala ere, ez dago egunero miseriara ohituta. Batzuetan bere azalean igartzen du zuzentasunik eza; alegia, zer kalte bizi dituen garbi dauka eta, horien artean, ez du zentzu zantzurik antzematen. Proletariook, beraz, badaukagu bidegabea den horren esperientzia: norberak merezi gabe (honako kondizio tamalgarria ez dator eta erru propioetatik), pobrezia bizi dugu oinordetzan. Alabaina, sufrimenduak eta kontzientziak edo konpromezu politikoak ez dute, nahi eta nahi ez, jatorri bera; hau da, sufritzen duen orok ez du zertan militante izan. Horregatik, ideologia bat bainoago, proletariotzak komuniston programa politikoa bere egitea da gure erronka nagusia, zeina proletariotzaren minen azalpen arrazionaletik hasten baita.

Ekonomialari burgesen aburuz pertsonen jatorri-ezberdintasunak desagerrarazten ditu merkatuak, guztioi, nolabait, garapen ekonomiko arrakastatsua izateko aukera bera eskaintzen digularik. Miseria, halatan, norberaren erantzukizuna da, ez baitiogu merkatuari etekinik atera. Eta baieztapen hori, aldi berean, epai morala da, soilik alferrek, ergelek edo anbizio bakoek ematen diotelako bizkarra halako aukera bati. Pobreak, halaxe, pobrezia merezi du (era kausalean baldin bada ere) eta, horrez gain, mespretxagarria da; izan ere 1) duintasunik gabe bizi da ondo bizi zitekeenean eta 2) bere produktibitate ezak aberastasun sozial orokorrari kalte egin diezaioke, bere miseriaz gain, denona ekar dezakeelarik. Burgesiak darabilen diskurtso «zientifikoak», horrenbestez, ez du pobrezia kritikatzen, pobrea bera baizik, eta termino moraletan zuzentzen dio kritika.

Adibideok hartuta nabaria da zeinen garrantzitsua den ulerkera burges hori deuseztatzea, miseriaren alderdi gordinetako bati erreparatzean, esaterako: lanean bizia galdu duten proletarioek ote dute euren heriotzaren erantzukizuna? Galdera horri ezin zaio baiezko erantzunik eman kontraesanik gabe. Baina horren ditugu barneratuta zuzenbide burgesaren askatasun, berdintasun eta jabetza pribatu kategoria formalak, ezen argudio benetan indartsuak behar baitiren halako kasuei azalpen sakonagoa emateko. Hau da, proletarioa bera ondratzeko. Lanean eraildako proletarioen kasuei, halatan, azalpen politikoa eman dakieke, baita erailketaren kausatzat gizartearen klase-bereizketa hartu ere; zailtasunak, ordea, agerikoak dira. Zuzenbide burgesak, denok berdin eta aske izendatzen gaituen horrek, delako gertakariarekin zerikusi formala duten zuzenbide subjektuak hartzen ditu kontuan, eta  harreman pertsonal zuzenetara mugatzen da gertatu den horren ebazpen juridikoa egiterako orduan. Inposizio ekonomikoek (soldatapeko erregimenak esate baterako), auzi politikoek edota klase eta botere ezberdintasunek ez dute diagnosian lekurik. Halaxe, gizarte modernoan, lan-heriotzen erantzukizuna hiritar batena edo bestearena da, izan klase ezberdinen arteko talken ondorio denean.

Miseriaren kritika politikoa berdintasun, askatasun eta jabetza pribatu kategoria burgesen kritika da. Mundu ulerkera burgesaren oinarrian dauden hiru kategoria horiek Marxek zirkulazio sinplea zeritzon horren kontzientzia espontaneoa osatzen dute, eta zuzenbide burgesak, balizko eskubide berdintasunak, kontzientzia horri instituzioen bidez babesa ematen dio. Ondo baino hobeto datorkiona burgesiari. Bada, zirkulazio sinplea terminoarekin merkatua izendatzen zuen Marxek, pertsonen arteko salerosketa hartu-emanak hain zuzen ere, eta zirkulazio sinpletik datorren kontzientziaren ezaugarri esanguratsuena honakoa zen haren hitzetan: ez ditu ekoizpen harremanak aintzat hartzen. Ondorioz, egunero bizi ditugun hartu-eman ekonomikoak dira Marxen aburuz zuzenbide burgesaren oinarri.

Askatasuna: aske gara gure lan-indarra patroi honi edo beste hari saltzeko eskubidea dugulako, guk erabaki dezakegu, beraz, eguneroko ogia nola irabazi. Muturreraino eramanda, lan egin edo ez egin ere erabaki genezake; nahiz eta bigarren aukera heriotza beraren alde egitea litzatekeen.

Berdintasuna: kapitalismoan, berez, harreman ekonomiko oro baliokideen arteko trukea da; hau da, produktu bat erostean, produktuak balioa duen hori (prezioa) ordaintzen dugu, ez gehiago ez gutxiago. Berdintsu gure lan-indarra saltzen dugunean.

Jabetza pribatua: erosten dugun horren gaineko (kontsumo) kontrol esklusiboa dugu, eta delako kontrola legitimoa da, erabaki askea izan baita dena delakoa erostea eta produktua bere prezioan ordaindu baitugu.

Alabaina, baieztapen horiek guztiak falazia hutsak dira. Plusbalioak, lan-indarraren esplotazioa ulertzea posible egiten duen kontzeptuak, aspaldi baliogabetu zituen horiek eta beste tesi faltsu asko, zientzia arloan bederen. Izan ere, ekoizpen prozesuari erreparatzen badiogu, ondo antzemango dugu langileriaren bizitza (baita haren erreprodukzio prozesua ere) burgesia klasearen menpekoa dela. Hau da, burgesiak bere menpean duela langileria eta langileriak jasan behar dituen zorigaitzak burgesen ongizatearen alderdi negatiboak besterik ez direla. Halaxe da langileriak, ekoizpen prozesuan zehar, burgesiaren jabetza legez ekoizten duelako aberastasun sozial orokorra, zeina diktadura ekonomiko edo soldatapeko erregimen bilakatzen baita: bizirautekotan men egin behar dio, ondorioz, langileak burgesari. Egoera hori, bada, bi klaseen arteko elkarbizitza edo konfrontazioa bera da, eta ezin daiteke bi pertsona edo gehiagoren hartu-eman zuzenera mugatu. Horregatik, miseria eta sufrimendua egun indarrean den klase-egitura objektiboaren emaitza direla babestu behar dugu komunistok, bai eta zorigaitzen erantzukizun osoa klase dominazioa babesten duten guztiena dela seinalatu ere. Erantzule zuzenak, norbanakoak alegia, ahaztu gabe, noski.