Ugariak izan dira Euskal Herriko mugimendu sozialistak -proletalgoaren adierazpen desberdinen artean- azken hilabeteetan pairatu dituen erasoak. Ohikoak bilakatu diren boikotak zein kartel, pegatina eta pankarten, nola kideen aurkako erasoei oihartzuna izan duen ekintza batu zaie: Laudioko txosnagunean Ikasle Abertzaleak antolakundeak eskegitako “Amnistia ipar, zuekin gaude” lema zuen pankarta erre zuten gaueko kontzertuen tartean.
Eraso guztiak adierazgarriak dira, hain zuzen ere erasotzaile guztiek mugimendu sozialista -eta proletalgoaren adierazpen desberdinak- soilik dutelako jo puntuan. Mugimendu sozialistari kendutako kartel bakoitzaren alboan, hamaika kartel mantentzen dira, posizio politiko orotarikoak. Desagertutako antolakundeen pegatinekin estaltzen diren pegatina bakarrak mugimendu sozialista eta proletalgoaren antolakundeenak dira, langile boterea aldarrikatzen duten gaztetxeen pegatinak kentzera ere heldu ez direnean. Su hartzen duen pankarta bakarra, mugimendu sozialistako antolakunde baten pankarta da. Ematen duenez, gizarte burgesaren adierazpen desberdinak oldartu egin dira Euskal Herrian barrena hedatzen ari den espektroaren aurka.
Adierazpen horien soziologia politikoaren inguruan luze hitz egin genezake, zehatzago seinalatu ahal izateko. Esku artean dugun irakurketarako nahikoa izango da, ordea, lau ekarpen egitearekin. Lehenik, adierazgarria da mugimendu sozialistak gizarte burgesari egiten dion kritika ororen atzean adierazpen horietako kideek eurei egindako kritika bat ikustea, inongo interpelaziorik egin ez zaienean. Bigarrenik, are adierazgarriagoa da gaurkoz mugimendu sozialistaren ekinbidea trabatu eta erasotu duten adierazpen politikoak soilik soziologia zehatz horretakoak izatea, aukera potentziala den gizarte sozialistaren aurka, gizarte burgesaren abangoardia funtzioak betetzen ari direla ondorioztatzera eramaten duena; eta horregatik ere lehenengo puntuan aipatutakoa. Hirugarrenik, mugimendu sozialistak egindako kritika politiko orok erantzun gisa jasotzen duena eraso fisikoa da, ez dena adierazpen politiko bat, hots, beste bide batzuetatik gauzatzen den estrategia politikoaren hedapena, kontrakoa baizik: inpotentzia politikoaren adierazpena. Izan ere, biolentziaren erabilerak berak, arrazionaltasun politikoaren gabezian, hots, antolakuntza politiko kontzientearen gabezian, haren ukazioan sakontzen du. Laugarrenik, eta azkenik, eraso bakoitzaren aurrean nabarmena den erantzukizun politikoaren gabeziak diziplina eta etika politiko ezan oinarritutako antolakuntza forma iragartzen du, gizarte burgesaren antolakuntza espontaneoari berariazkoa zaion ageriko irrazionaltasuna. Honen adibide dira, erasoen egileei erantzukizuna eskatu ondoren jasotako erantzunak. Alde batetik, tartean arrazoi politikorik ez eta arrazoi pertsonalak argudiatzen dituztenak, noraino eta, norberekoikeria osoz, antolakunde nazionalak erasotzeraino. Bestetik, erasoen egileengatik erantzukizunik hartu nahi ez duten ordezkari politikoenak. Biak ala bi, aipatu espontaneitate eta arduragabekeria burgesaren adierazpenak, bata antolatu gabea, bestea antolatua.
Aipatu ageriko irrazionaltasun horrek izan badu, beraz, sistema kapitalistaren arrazionaltasunarekiko lotura. Amnistiaren aldeko mezua zabaltzen zuen pankarta erre izanak ekintzailetza jakin baten irrazionaltasuna agerian uzten duen bezala, kontrakoa iradokitzen du: amnistia errealaren aurkako posizio arrazionalaren azaleratzea, aldarrikapen horrek erasotzaileen fundamentu den politika burgesaren oinarriekin talka egiten duen heinean. Izan ere, preso politiko denak kaleratzearen aldeko posizio abstraktu eta indeterminatu batetik urrun, politika arrazional batekin baino, sentimendu, gogo eta nahi hutsarekin erlazionatuta dagoena, amnistiaren aldeko borrokak posizio politiko iraultzailea galdegiten du, hots, posizioak urtu beharrean polarizatzen ditu, presoen eskubide abstraktuetan nola politika instituzional burgesean oinarria duen “indar metaketa” estrategia demokratiko burgesari kontrajarriz.
Bada, kontzienteki antolatuta edo ez, erasoen atzean gizarte burgesaren erantzun espontaneoa aurkitzen da, bere oinarriak kolokan jartzen dituztenen aurka. Edonola ere, erasoen egileei dagokie haien posizioa argitzea. Ekinbide hori zilegiztatzen badute, argi aldarrika dezatela.