Igandean eman zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak Mugimendu Sozialistaren aurkako erasoaren berri. Ezarritako baldintza guztiak bete arren ezin izango dute txosnarik jarri. Adierazgarria oso egiazko arrazoia: bide-orri politiko propioa duenak ez du tokirik Gasteizko txosnetan. Bestela esanda, estrategia jakin bat partekatzen duten antolakundeentzako tokia dira Gasteizko txosnak; edo behintzat, hori onartu eta baimentzen dutenentzat.
Deigarria zera da; milioika euroko diru poltsa daukan eta instituzioetatik dirua jasotzen duen alderdi politiko bat txosnak jartzeko betoak ezartzen egotea. Inongo diru faltarik ez daukan alderdia, finantzatzeko beharra daukaten eragileei betoa jartzen ibiltzea. Gertaera horri buelta emanda, kontrakoa jarri beharko genuke auzitan: milioika euro dituen alderdi bat zertan ari da txosna jartzen? Ezer ere ez; erreferentzia bat mantentzeaz eta besteoi bidea ixteaz aparte.
Gasteizko gertakari horretan hainbat konplize izan ditu ofizialismoak. Beharrezkoa izan da Mugimendu Feministaren edota Iraultzako zaletuen babesa, baita Hala Bedi Irratiaren eta Errekaleorren abstentzio konplizeak ere. Hots, Herri Mugimendua delakoa zer den erakusten du erabaki horrek, organikoki zein jarduteko forman Sortu alderdia baino zabalagoa den espazio politiko bat, baina oinarria partekatzen duena eta azken horrentzat erabat osagarria dena. Argi geratu da ere euren ahotan dagoen aniztasun guztia itxurakeria hutsa dela: komunistekin ez da errespetatzen itxurazko pluraltasun hori. Hori guztia baimentzeko hainbat aitzakia erabili dituzte ahoz aho eta sare sozialetan: gatazkatsuak garela edota gezurretan ibili garela, besteak beste. Sorturen gidaritza ez onartzea eta Herri Mugimenduaren antolakuntza eredua auzitan jartzea gatazkatsuak dira modu horretara jarduten dutenentzako.
Nola funtzionatzen du, bada, Herri Mugimenduaren eta Sorturen arteko batasunak? Estrategia konpartitu horren baitan identitate bateratu bat sortzen dute. Izan daitekeena kritikoa eta autonomoa itxuraz, baina zerbait gehiagoren parte ere sentitzen dena. Finean, mobilizazioak, espazio sozialak eta aisialdi eremuak konpartitzearen ondorioz, komunitate izaera bateratua eraikitzen dute. Komunitate horren kohesioaren izenean bihurtzen da desadostasuna arazo eta kritika eraso. Identitate horretatik abiatuta definitu dezakete nor den Herri Mugimenduaren parte eta nor ez; beraien burua bihurtzen dute onargarria denaren neurria eta muga. Horrela nahasten dute herri mugimenduaren parte bat «Herri Mugimendu» deritzotenarekin; finean, batasunez jarduten duen espazio politikoa, forma aniztun pentsamendu bakarra.
Tamaina horretako erasoak isilpean geratuko lirateke salatuko ez bagenitu. Beto politikoa ezarri dutenei ez zaie komeni gertakariok zaratarik ateratzea, hobe da beraientzako zurrumurruetan eta ahoz ahokoan nork bere «bertsioa» kontatzea. Espero daiteke hurrengo egunetan erantzunen bat egotea eragile horien partetik; gure salaketaren zabalpena ikusita eta euren betoa hainbat lekutan justifikatze aldera —prentsan, instituzioetan edota sare sozialetan—, Mugimendu Sozialista deabruaren pare jartzea da litekeena. Euren erabakia zuzendu beharrean, hartutako bidean sakontzea hautatuko dute seguru. Gure partetik, eskura ditugun bitartekoak jarriko ditugu Mugimendu Sozialistak txosnak jar ditzan Gasteizen, eta gisa horretako erasoei aurre egiteko konpromisoa berresten dugu.