AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

(Itzulpena)

Eusko Jaurlaritzak EAE ofizialki atzeraldi ekonomikoan dagoela adierazi du, eta dagozkien bozeramailetza ofizialek oraindik baieztatu ez duten arren, gauza bera esan genezake Euskal Herriko beste probintziez. Hilabetearen hasieran, Agoizko Siemens-Gamesa fabrikako zuzendaritzak berehalako itxiera jakinarazi zuen; gutxira, jakin genuen Laudio-Amurrioko Tubacexek kaleratze jendetsuak abiaraziko zituela; eta aste honetan bertan, ITP Aerok 600 langile kaleratzeko asmoen berri izan dugu (horietatik 300 Zamudioko, Barakaldoko, Sestaoko eta Derioko plantillakoak dira). Komunikabideetan, besteak beste, enpresa horiei dagozkienak aipatzen dira, ez, ostera, hori enpleguaren suntsiketa orokorra denik; eta horren ondorio errealak ezin dira sinplifikatutako datuen bidez ulertu. Hau da, enpresa baten eta bestearen kaleratzeen kopuruaren datuak bakarrik aipatzen dituzte, baina, delako enpresa horren ekoizpen-funtzionamendu onarekiko dependentzia duten bestelako enpleguetan horrek izan dezakeen eraginaren berri eman gabe, adibidez. Horrela, tragedia, haren harreraren dimentsio publikoari dagokionez, ez da langilearen sufrimendutik ezagutarazten, burokrazia kapitalistak ohiko duen hoztasunez eta zorroztasunez aditzera ematen da –honako honetan Arantxa Tapiak egin zuen agerraldia– atzeraldi garaian are ageriago geratu den ekoizpenaren baliogabetasunera etsitzeko asmorik gabe, burgesiak hartutako neurriak guztien onerako  direla justifikatuz.

Haren hitzetan, guztientzako hobe behar horrek kapitalaren ekoizpen-modua besterik ezin du izan, horrek ematen baitu guztientzako ahalik eta onurarik zabalena. Hau da, kapitalistek uste dute beren kondizio soziala beharrezkoa izateaz gain, ongilea ere badela: haien iritziz, lanpostuak eskaintzen dituzte, eta horiek gabe langileriak ez luke irauteko beharrezko baliabideak eskuratzeko modurik. Hortik honakoa ondorioztatzen dute: oparotasunezko garaietan kontratatutako langileak horren etekinik izango dute, enpresa gero eta errentagarriago izan hobe baita patroientzat eta langileentzat; atzeraldi-garaietan, aldiz, kapitalistak bere gain hartzen du galera guztia (ekoizpen-prozesuaren parte den guztia bere jabetzakoa delako eta hark hartutako arriskua delako), eta haren helburu nagusia enpresak funtzionatzen jarraitu dezan izanik, plantillaren murrizketa –eta langileen arteko zeharkako ardura-banaketa– gaitz erdia besterik ez da, guztien hobe beharra mantentze aldera. Beste modu batera esanda, soldatapeko lanaren erregimenaren etorkizuneko funtzionamendua bermatzeko. XVIII. mendeko ideia liberalen –jatorrian pentsamendu berdinzale gisara sortu zen, erregimen zaharraren gizarteko estamentuzko desberdintzapenen aukakoa– bereizgarritasuna da merkatua pertsonen arteko askatasunaren eta berdintasunaren egiazko instituziotzat hartzea, baina ulerkera hori hamarkada batzuk beranduago agertu zen tradizio sozialistaren esperientzia globalak fermuki deuseztatu zuen. Horregatik sinestezina da egun hauetan, krisiak merkatu-ideologiaren azpiko despotismoa azaleratzen duen honetan hain zuzen, betiko gezurrekin ibiltzea. Merkatuarekiko afinitatea garatu izan dezaketen langileriaren sektore horiek askatasun politikoarengatik borrokatzeko garrantzia ahaztu duten horiek dira, baina proletariotzak, hots, oparotasunezko garaietan inolako etekinik ateratzen ez duen eta proportzio demografikoan gero eta handiago den estratu sozialak, ongi daki krisiak sortutako ondoeza ez dela ez noizbehinkakoa, ezta beharbadakoa ere. Hori da iraultza-printzipioaren funtsa.