AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Mobilizazio eguna da martxoaren zortzia, aspaldikoa haren aldarria eta jendetsua oso azken urteetan: sortu zenean sozialismoarekin bat egiten zutenen aldarrikapen eguna zen Martxoaren 8a, emakumeen askatasun erreala langileria klaseak sozialismoan lor zezakeen askatasun politikoaren eskutik hel zitekeela uste zuten horiena; orain, emantzipazio ulerkera ezberdin asko batzen dituen eguna da, problematika zehatzei erreparatu (zaintza lanak egiten dituzten emakumeen egoera, kasu) baina, «oro har», besterik mintzatu ezin duena; ez duena programa politiko bateraturik, alegia. Halaxe, Martxoaren 8an jazo ohi dena, azken urteetan behintzat, indar-erakustaldi zibila da, ez politikoa. Esan nahi baita: arazo beraren aitortzak batzen du jendea Martxoaren 8an, mobilizatzen diren agente politikoek ez dute, ordea, konponbide bat bera ere proposatzen. Horregatik izan da egunkari askotan notizia lerrobururik zeinetan, halako egunez, feminismoek liskarrak eta ezberdintasunak baztertzen dituztela irakur zitekeen.

Ezberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin batzeko arrazoi ugari egongo da egokiena hori dela uste duenarentzat; alabaina, emakumeen emantzipazioaz ari garenean soilik hobetsiko du askatasun eta berdintasun abstraktuen leloa (hau da, programa politiko konkreturik eza) besteren baten politikekin bat egiten duen horrek. Sozialdemokratei eta erreformistei, esate baterako, ondo baino hobeto datorkie gaurko egunaren «orokortasuna», eta zehaztasunik gabeko irakurketak, moral erreakzionarioenak bakarrik ukatuko lituzkeen aldarri eta oihuak, apolitikotasuna, unean uneko arrakastaren grinak sortutako ilusio iragankorra, festa giroa… Martxoaren 8ko aldarri abstraktuak euren txosten eta programetan daudenen antzekoak direnez gero, euren burua legitimatzeko erabili ohi dute gaurko irudia, gizarte zibilaren honako joera hau, Martxoaren 8an kaleetan elkarrekin batzearena, euren indar erreala bailitzan. Eta, izan ala ez izan, sozialdemokraziaren izena zuritu besterik ez dute egiten horrela.

Adibidez: Madrilen mobilizazioak debekatu dituztenez, orain kexu dira sozialdemokratak; agerikoa da Madrilgo eskuin-gobernuaren demarkazioa maniobra izan dela debekua (sozialdemokratek sekula egingo ez luketena), baina debekuaren marko legala sozialdemokratek eurek egin dute posible, Espainiako Gobernuari eskainitako babesa dela medio (gogoratu pandemiaren harira indarrean den dekretua parlamentua osatzen duten alderdi guztiek onartu zutela).

Martxoaren 8an kaleak hartzen dituen hori masa-mugimendua da, gaur egungo handienetariko eta garrantzitsuenetariko bat. Masa-mugimendu honek, ostera, kostata lortuko du emakumearen emantzipazio erreala estatu burgesaren marko juridiko, logika politiko eta etika sozialean txertatzen badu bere burua: kapitalaren menderakuntza egonkortu eta indartu asmoz hartuko baitu gobernu burgesak emakumeen emantzipazioari dagokionez har dezakeen konpromezu oro. Bada, sozialdemokraziak, haren programa politikoak estatu burgesarekiko duen dependentzia dela-eta, Martxoaren 8aren asimilazio hori bultzatzen du, nahigabe bada ere. Komunistontzat, aitzitik, Martxoaren 8a borroka eguna da eta, ezberdintasunak alboratu baino, azpimarratu egiten ditugu. Izan ere; 1) Martxoaren 8an azken urteetan indarrean izan den kontsentsu ideologikoak ez ditu komuniston «kritika» eta programa politikoa aintzat hartu, ondorioz, mugimendu sozialistaren analisia eta proposamena ezagutarazteko eguna izan da gaurkoa (komunistok pairatzen dugun isolamendu sozial interesatua apurtu asmoz egin dena); eta 2) emakume langileen emantzipazioa borroka lezakeen antolakuntza eta politikagintza eredu eraginkorrak erakusteko bidea izan da aurtengo Martxoaren 8a. Eta arrakastatsua izan da, batik bat Mugimendu Sozialistaren hazkunde esanguratsua antzeman delako Ikasle Abertzaleakek edo Itaiak, Emakumeon Antolakunde Sozialistak, deitu dituzten mobilizazioetan.