AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ostiralean jakin genuen Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundearen Bilboko egoitza lapurtzeko Sortu alderdiak pauso berriak eman zituela. Mehatxuei, bizkarrera egindako zalantzazko mugimendu juridikoei eta zabaldutako gezurrei egoitzako sarrailaren aldaketa batu egin zaie. Ikasle Abertzaleak antolakundeak komunikatu bidez salaketa egin eta gutxira erantzun zuen Sortuk berak, bere gazte antolakundea baliatuta. Interesekoa da, haientzat “logika” duen horrek benetan zer nolako logika duen begiztatzeko bitartekoa eskaini dutelako. Izan ere, ikasle antolakunde sozialistak adierazi bezala, agerikoa baita auzi honen erro politikoa, bai IAri eta harekin batera prozesu sozialistari egindako zuzeneko erasoan, nola eraso horren justifikaziorako baliatu duten diskurtso-formak hedatzen duen pentsamendu-forma burgesean ere. Azkeneko hau estuki lotuta agertzen da ekintzok eraikitzen duten eredu eta etika militantearekin; arriskutsua, benetan, ezarri den aurrekaria.

Larria da lapurreta bat emaitza “logikoa” iriztea, eta hori militantziaren gehiengo batek hartutako erabakiarekin justifikatu nahi izatea, ekinbide burokratiko eta itsu bati bermea eskaini asmoz. Ez baita soilik erabakia non hartu den, erabakiak zer dakarren baizik. Larriagoa da halakorik baieztatu behar izanak, hau da, erabakia militantzia hartu duenaren baieztapenak irekitzen duen balizko aurkako aukera: militantzia erabaki guztien parte ez izatea. Aukera hori posible ez balitz, militantziaren errekurtsoa tautologia hutsa litzateke, militantzia bera ekinbide burokratiko baten instrumentuan bilakatzeko arrisku erreala mahai gainean jartzen duena.

Ez dute azaltzen, hala ere, zein den militantziak jarraitutako aipatu logika. Logikak ezinbestekotasuna inplikatzen du; mugimendu baten logikak hari berariazkoak zaizkion joerak sistematizatzen ditu, zeinen gabezian mugimenduak berak zena izateari uzten dion, beste logika bati erantzuteko. Lapurretaren logika burgesak, bada, berau burutu duen alderdiaren logika burgesa azaleratzen du, eta lapurretari berari atxikita agertzen den jabetzaren kontzeptu burgesa ere. Izan ere, Sortuk bi planotan aldarrikatzen du egoitzaren jabetza. Lehena, jabetzaren erregistro burgesean horrela zehaztuta dagoelako. Bigarrena, ezker abertzalearena delako, ezker abertzalea bera egungo alderdi forma burgesera murriztuz, hau da, inoiz izan ez den ezker abertzalea eraikiz hartarako.

Ikasle antolakundeak berak argitu zuen atzerago egoitza horren kronologia juridikoa zein den. Horrekin jabetzaren erregistroari dagozkion balizko informazio okerrei ateak ixten zaizkio. Baita ezker abertzalea historikoki izan denarekiko Sortun bildutako klase ertainak duen ikuspuntu hertsiari itxi ere. Izan ere, azaldu zuten bezala, egoitza hori jada existitzen ez den antolakundeak erosi zuen, erabilera IAren esku utziz. Egoitzaren estatutuetan ikasle antolakundeko kideak izendatu izan dituzte urte luzez. Honen jakitun izan da Sortu eta horregatik egin izan ditu jabetzaren erregistroa aldatzeko mugimenduak, denak bizkarrera. Hain zuzen ere jakin bazekielako egoitza hori ez zela berea, eta berea egin behar zuela, hartarako etsai omen duten estatuak eskaini dizkion tresnak baliatuta. Bide ankerra ireki dutena, konfrontazioaren muina den gabezia politiko argia erakusten duena, eta konplexu baten azaleratzea ere badena: ezker abertzalea izan den horretatik babesteko beharra.

Konplexu handia gainera. Egoitza haiek monopolizatzen duten ezker abertzale batena dela hain argi izan balute, eta haiek horren bandera astintzen dutenak, ez lukete estatu burgesaren tresneria erabiliko berau lapurtzeko, horren gaineko legitimotasun osoa izango luketelako. Ezker abertzalearen benetako historia ezagutzen duenak jakin badaki, ordea, egoitza horren erabiltzaile legitimoa bere erabiltzaile erreala dela, hau da, Ikasle Abertzaleak antolakundea. Horrez gain, Sortuk ezker abertzale historikoaren legitimotasuna bere egiteko, ezker abertzalea bera izan dena ukatu behar izan du, haren espresio historiko desberdinak zapalduz. Bistakoa da bere ikuspegia babestu izan ez dutenen gainean ezarritako jarraipen eta zapalkuntza sistematikoa, klase ertainak martxan jarritako prozesu homogenizatzaile burokratikoa eta gauzatutako proletalgoaren kanporatze osoa, noraino eta azpiegiturak lapurtzeraino.

Argi da ezker abertzalea historikoki ezaugarritu duen klasearteko mugimenduaren izaera agortu egin dela, eta prozesu horretan klase ertainak posizioak trinkotu eta soberan duen langile klasea baztertu egin duela. Azkeneko hau, ordea, prozesu sozialista aurrera bultzatzeko antolatu egin da eta hori saihesteko erasotu du Sortuk. Prozesu politikoa dena, ezker abertzalea izandakoaren baitan –klaseartekotasunarekin batera agortu den ezker abertzalea, eta beraz, jabe gisa inbokatu ezin dena-  eztanda egindako klase borrokaren emaitza, Sortuk, hau da, estrategia demokratiko-burgesaren frakzioa ordezkatzen duen alderdiak, estatu burgesaren aparatuak erabiliz konpontzea erabaki du, gozagarria ez eta urte luzez oso mingarria izan den gudu zelaia irekiz.

Erasoen aurrean Ikasle Abertzaleak antolakundeak erakutsitako heldutasuna eta duintasunak bidea argitzen dute. Klase borrokaren fase historiko honetan langile klaseak bere independentzia borrokatu behar du, estatu burgesaren zapalkuntzarako lehenbiziko tresna diren alderdien erasoetatik babestu eta langile klasea haien eraginetik askatzeko. Egoitzaren auzia garrantzitsua da bide horretan. Haren defentsa egitea proletalgoa kateatu nahi dutenengandik defendatzea da, proletalgoa antolatu eta gaitasunak metatzea.