AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Beharbada oraindik ere denbora beharko da pasa den astean Azpeitian burututako Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunearen garrantziaz jabetzeko. Garrantzitsua ez soilik bistakoa  bezain itxaropentsua den gazte belaunaldiak erakutsitako atxikimendu kuantitatiboagatik, bereziki bertan landu eta azaleratu zen antolakuntza sozialistari erakutsitako konpromisoagatik baizik. Sustrai sendoak erakutsi ditu Euskal Herrian errotzen ari den kultura politiko sozialistak; geratzeko etorri da, baina ez gelditzeko.

Instituzio proletarioen eraikuntzan Topaguneak irabazi du, dagoeneko, bere lekua. Ehundaka gazte, helburu bati jarraiki, lanaren banaketa sozialista oinarri egindako interbentzio politikoa ez da nolanahiko gertaera. Izan ere, haien eginkizunarekin ez diote eraikin bati beharrezkoak zitzaizkion azpiegiturak eraiki soilik; horien bitartez eraikina politikoki operatibo bilakatu dute. Hori dela eta, obra eta lanen atzean, planifikatutako interbentzio politikoa aurkitzen da: ez dute lanik egin ospakizun abstraktu bat burutzeko; ez dute nora ez estrategikoaren adibide den orotarikoen kontsumorako Topagune bat prestatu. Iraungo duen eta sustraiak biderkatuko dituen lan politikoa egin dute, aldez aurretik zehaztutako helburuak erdiesteraino. Garaipen politikoa da eta halaxe aldarrikatu behar da.

Bada, helburu politiko argiak zehaztu zituen Topagunearen emaitza ezin da positiboagoa izan. Eraikina baliabide politiko gisa aktibatzearekin batera, borondate sozialista kontzientez egindako interbentzioa izaki, praktika horrek antolakuntza sozialistaren gorpuztean eragin zuzena du. Esklabak ez baita Euskal Herriko txoko desberdinetatik hurbildutako gazteentzat urrun geratzen den eraikin bat, ezta haien praktikatik kanpo bizi bat gauzatzen duena ere. Egindako lanarekin, antolakuntza sozialistatik kanpo zegoen elementua bere barnera txertatu egin dute. Horrekin, metabolismo sozialistaren parte bilakatu da eraikina, berau indartuz eta antolakuntza sozialistaren garapena bermatuz. Jada ekinbide politiko batek ezaugarritzen du eraikina eta soilik harekiko erlazioan da langile klasearen kontrolpeko eraikina.

Lanaren kultura sozialista eta prozesu sozialistaren arteko sinbiosia erabatekoa da. Batak bestea gabe ez du izaterik. Zentzu horretan, garrantzitsua da azaleko begiratu batetan praktika isolatua eman dezakeen horren atzean kultura sozialistaren suspertzea begiztatzea. Hau ez baita alternatiba anarkikoen eremuan ulertu daitekeen Topagunea izan. Aipatu bezala, instituzio proletario gisa, Topagunea gaitasun batzuk prozesu sozialistaren alde artikulatzeko tresna izan da eta prozesu horren subjektua antolatzeko izan duen gaitasunen arabera aztertu behar da, subjektuaren beraren nolakotasuna aztertzearekin batera. Akats larria egin ohi du objektua eta subjektua kontrakotasunean jartzen dituenak; objektibitatearekin harremanean subjektuaren praktika objektiboa ahanzten duenak, eta horrekin batera praktika objektibo horrek zein zentzutan eratzen duen subjektua bera.

Bistakoa da, Gazte Koordinadora Sozialista eta Ikasle Abertzaleak antolakunde sozialistek burututako Topagunea izanik, prozesu sozialista elikatzera bideratutako ekimena izan dela, eta baita modu koherentean gauzatu ere. Emaitzak ez dira, beraz, eraikinera mugatzen. Eraikinarekiko hartu emanean antolakuntza sozialistak pairatutako garapena da benetan auzitan dagoena eta da, ezbairik gabe, ospatu beharreko lorpenik handiena.

Seguruena ez da zientifikoki zuzena izango ziklo politiko edota paradigma zaharretarako balio zuten kontzeptu eta neurgailuen bitartez orainari so egitea, baina zerbait ukaezina da: beharrezkoa zen haustura politikoa, ezinbestekoa den langile klasearen independentzia politikoak borrokarako sendotasuna eta determinazioa agertu eta biderkatzen du etenik gabe, eta horrek gogora ekartzen du langile klasearen aurreko belaunaldiek egindako sakrifizio eskerga. Hori eta gehiago eskatuko du ziklo politiko berriak, eta Topagunea ere horretarako abagunea izan behar da.

Poztekoa da gazte belaunaldi berriek itxaropena berpiztu izana, haiengan iraganaren berpiztea ikustea, konpromisoa eta borrokak identifikazio horren bermea den haria eraiki dutenaren seinale. Orain ezinbestekoa bilakatzen da Euskal Herriaren askatasuna langile klasearen askatasuna izatea, ez beste ezer.