AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

(Itzulpena)

Ezkerreko zenbait sektorek beste toki batzuetan emandako subordinazioa txalotu baina parte hartu dezaketen hori oztopatzen dutenean, badirudi zuhurtziaren beharrezko baldintza modura agertzen zaigula distantzia. Distantzia geografikoak edo espazialak honako behaketa hau ekarri ohi du: han egiten ari diren hori egin beharko genuke (orain). Distantzia edo bereizketa tenporalak, bestalde, zuzenketarako joera du: orain ikusten dut, batera edo bestera jokatu behar genuen. Hala ere, baliteke subordinazio hutsa besterik ez izatea; klase bezala kulturalki jasaten dugun subordinazioa, onartzen jakin ez eta nahiago duguna justifikatu.

Halakoa da momentuaren pisua, eta «nik guztion osasunagatik egiten dut» horren pisua, instituzionalizatutako ezkerraren oposizioko zentzu kritikoa gobernuak hartutako neurrien babes hutsera mugatzen dela/baita. Politikoki iritzi desberdin bat, hots, gauzen egoeraren ikuspegi ezberdin bat eskaini daiteke, betiere alarma egoerari dagozkion neurriekin bat egiten bada. Horrexegatik: bestelako ikuspegi bat eskaintzea ondo ikusia dago, ez bada bizitzen ari garen honen klase elementua agerian uzten, noski. Hala ez balitz, ebidentzia seinalatzen duen kritika hori (neurri murriztaileak langile klasearen osasunaren oinarri ekonomikoekin kontraesan zuzenean sartzen direla, eta instituzionalizatu gabeko jardun politiko eta militante bat aurrera eraman ahal izateko baldintza sozialak oraindik gehiago mugatu dituztela) konspirazionista eta negazionistatzat joko da.

Benetan esanguratsua dena da ezkerra bera dela proletariotzak bere subordinazio egoera gainditzeko egiten dituen saiakerak minatu eta blokeatzen dituena, kritika komunista eta bere mobilizazioak barregarri uzteko asmoa duena. Adibidez GKS, azken asteotan Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan milaka gazte mobilizatzea lortu duen antolakundea, berak egiten duen analisia eta aldarrikapen koiunturalak irakurri ez dituzten (edo irakurri badituzte, ulertu ez duten edo antolakundean esaten duenetik aparte jardun duten) zenbaiten kritika baldarren objektu da azken aldian. Iradoki ere egin da (erreferentzia zuzena ez egin arren, baina argi eta garbi GKSri buruzkoa dena) GKSko militantziak musukoen deserosotasunagatik egiten duela protesta, aldarrikatzen duena Covid-19a existituko ez balitz bezala jardutea dela. Errealitatetik urrunago ezin. Osasun-kezka, mobilizazioetan antzeman daiteken modura, haien jardunaren erdigunean da; gainera, GKSk seinalatzen du ezkerreko beste antolakunde eta alderdi gehienek deskuidatzen duten auzi bat: alarma egoeraren murrizketen ondorioz proletariotzak ezin du bere jardun politiko aurrera  eraman, legeak soilik jardun politiko instituzionalizatua eta erregulatua baimentzen baitu. Hitz egin dezagun argi: kritika komunistak ez du osasun neurrien kontrako eta baldintzarik gabeko aisialdia posible den egoera soziala aldarrikatzen, seinalatzen duena egungo testuinguruaren arrisku politikoa da, eta iraultza sozialistarako deia egiten du.

Honek musukoak erabili behar ez direla esan nahi al du? Eta gel hidroalkoholikoa? Ez dugula zertan pertsona zaurgarrienez arduratu? Birusa existitzen ez dela, akaso? Ez. Esan nahi duena da guztiok pairatzen dugun birusarekiko arriskuarekin askatasun politikoaren aldeko borroka jazartua dela, eta antolakuntza iraultzailerako aukerak ilegalizatuak. Hala ere, askatasun politikoaren eta osasun orokorraren aldeko borroka ez dira aurkakoak; aitzitik, soilik lehenengoak ahalbidetuko du bigarrena. Batzuek negazionisten zarata soil modura hartu dutena, benetan burgesiaren ofentsibaren aurkako oposizioa antolatzeko ahalegina da, eta ez osasun publikoaren aurkako erasoa. Baina hilabete hauetan badirudi ezkerrak ahaztu egin duela kaleko oposizioa funtsezko dela etsaia lasaitasun osoz ibil ez dadin. Eta, horri dagokionez, ez dago estatuko aurrekontu orokorrak  (osasun publiko dekadente batera, indar polizial eta armatuetara, militanteak kartzelaratzen dituen instituzio juridiko batera bideratutakoak, etab.) onartu eta elkar-laguntza sareetan, elikagai bankuetan, lan sindikal eta sozialean komunistek egunerokoan egiten duten lan militantea ikusezin bihurtzen saiatzen diren haiena baino kritika hutsalagorik. Zuek basakeria honen alde bozkatu duzue, zuek ordena eta subordinaziorako deia eginez sufrimendu guzti hau onartzen duzue. eta bien bitartean zaintzaz eta elkartasunaz diharduzue. Militantzia komunistak eta bizitza hobe baten aldeko borrokak lekurik ez duten elkartasunaz.

Ez du errealitatea alde batera uzten, eta ez du egoera birologikoaren konplexutasuna sinplifikatzen; erakunde komunistak, besterik gabe, hemen eta orain jartzea bilatzen du distantziak nostalgiaz baino sentitzen uzten ez duena.