AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa

Zaharra berri eskaintzeko pretentsioa ohitura du egolatriak. Baita ekarpena egiten duelakoan egon, ekarpenaren objektua ulertu ez duenean. Ezinezkoa da errespetua irabazitako pentsalaria izatea leku propiorik aurkitu ezean, nahiz eta leku hori zorroztasun faltarena izan.

Klase gatazkaren hazkuntza agertzen duten adierazpenek gora egin dute. Ez soilik praktikaren eremuan. Teoriaren esparruan, hamarkadetako distortsiotik berreskuratu asmoz, Karl Marxek egindako kapitalaren kritikara beharrezkoa bezain interesgarria den itzulera agerikoa den esparruan, burgesiak, errekurtso guztiak baliatuta, soldatapeko irakasleak baliatzen ditu gaitasun iraultzaile oro despolitizatu eta ezerezteko. Saiakera honek, noski, bere burua sistema kapitalistarekiko eraldatzaile eta kritiko gisa mozorrotzen du. Izan ere, politikaren esparruan, burgesiak jakin badaki hobe dela ustezko barnekotasun batetik erasotzea antagonismoa modu egoki batetan definituko lukeen kanpoko posizio batetik egitea baino, langile klasearen gaitasun emantzipatzaileak itxuragabetu eta horren bidez neutralizatzea helburu duen neurrian.

Estrategia honek Marxen obra “eguneratu” eta “osatzeko” pretentsioa agertzen du. Esparru akademiko desberdinetatik kasu gehienetan ulertzera heltzen ez diren obra bati ekarpen “osagarriak” egiten zaizkio. Barneratzeko ezintasun hau, ordea, ez da norbanakoari berezkoa zaion ezaugarri abstraktu ezta natural baten ondorioa; klase subjektu proletarioaren parte ez diren heinean, edo klase ertaineko subjektu burgesaren parte diren heinean, norbanako horiek guztiek obra “gaurkotu” eta “osatzeko” zeregin handia gauzatu ahal izateko ezinbestekoa den ulerkortasuna posible egiten duen ikuspuntuaren gabezia dute.

Ez soilik terminologian eta bere azaleko kontzeptualizazioan, baizik eta bereziki diskurtsoa artikulatzea ahalbidetzen duten kontzeptuetan; azken finean, burgesiak Marxen obrari egin nahi dion gehikuntza eklektiko bakoitzean bere nukleo logiko-arrazionalari eraso zuzena aurkitzen da. Honen adibide dugu “kapitala” eta “bizitza”ren arteko “kontraesana”, posmodernismo akademikoaren zirkuluetan modan dagoena, non kontraesanaren beraren inplikazioa ere berridatzi egiten den. Bere defendatzaileen arabera, ustezko aldebakartasun marxista baten aurrean, zapalkuntzaren aldeaniztasuna aldarrikatu behar da; ez soilik kapitala-lana kontraesana, baita kapitala-bizitza, kapitala-ekologia… ere, denak maila logiko berdinean, subjektibitate puruaren ikuspegitik bata bestearen aurretik jartzeak bazterketa eta botere sistema baten hierarkizazioa ekarriko lukeelako, hau da, dominazio erlazio baten erreprodukzioa.

Errealki, aldeaniztasunaren itxura faltsuaren azpian aldebakartasun estuena aurkitzen da, non estrategia subjektiboaren objektuari posizio isolatu bat egokitzen zaion, osotasunarekin duen konexioa subjektu burgesak modu metafisiko eta ideologikoan gauzatzen duelarik, subjektu horren adierazpen formak diren neurrian. Modu horretan, parteek ustezko estrategia eraldatzailearekin duten batasuna pentsatzen dituenaren buruan gauzatzen da soilik, errealitatean haien biziraupenak estrategia hori gorpuztu ezin ahal izatea elikatzen duelarik.

Errebisionismoak erabiltzen duen kontraesana kontzeptua bere ideologiaren berri ematen digu: kontraesana, bere ulermenari ihes egiten dion logika baten adierazpenaren baitan, itxuran gainditu nahi duten itxurazko kontraesan gisa –eta gutxi batzuentzat, bere ageriko ezintasunak erakusten duen bezala-. Hau da, dinamika objektibo baten inguruan eraikitako ideia eta dinamika horren lurrartzeak sortzen duen errealitate krudelaren arteko kontraesana, logikaren eta bere adierazpen formaren arteko koherentzia faltara eramanda. Bada, auzia ezabatu beharreko kontraesana ekoizten duen errealitateari gainjarriko litzaiokeen subjektuaren ideiaren errealizazio bidezko kontraesanaren ezabatzea izango litzateke, errealitatea bera eraldatzen ez duena; edo kapitalismoak berak egikaritu ezin duen bizitzaren egikaritzea. Modu horretan politika burgesaren mugen barnean txertatuta agertzen gara, kapitalaren dinamikaren eta bere adierazpenen arteko itxurazko inkoherentzia ebazten duen subjektu hori kapitalaren administratzaile “etikoa” den heinean.

Kontrara, kontraesanak Marxen, eta mugimendu iraultzailean, gizartearen mugimenduak oinarri dituen elkar baztertzen duten bi formen arteko erlazioa inplikatzen du. Ez da kapitala eta lana berez aurkakoak diren bi gauza direla, ezta batak bestea ezinezko egiten duela ere, lehenago deskribatutako kontraesanean gertatuko litzatekeena, haien aurkakotasuna haien batasunaren  baldintza inplizitua dela baizik, eta alderantziz; eta batasun hori haien existentziaren baldintza. Hala, alde batetik kapitala ekoizten da, lan hil objektibizatu gisa, beste aldetik lan bizia erreproduzitzen den bitartean, subjektibitate puru gisa; biak kapitalaren batasunaren une esentzial gisa: hori inplikatzen du kontraesanak zentzu iraultzailean orokorrean, eta kapitala-lana kontraesanak bereziki. Bistakoa da planteamendu honen inplikazio politikoa, jada ez da posible kontraesan moralez hitz egitea, gainditu beharreko kontraesan errealaz baizik.

Ikuspegi honetatik, ez dago kapitalaren eta bizitzaren arteko kontraesanik, kapitalak ekoiztutako errealitate gordina eta klase ertainaren zein sozialdemokrazia europarraren begirada etsiaren aurrean ihes egiten duten bizitza kapitalistak sortutako ametsen artean ez bada. Izan ere, kapitalak ez du bizitza orokorrean ezinezkoa egiten, baizik eta, kontrara, hasieratik amaieraraino determinatzen du, eta bere baldintza primarioa da. Kapitalak bizitza eta bizitzaren ikuspegi kapitalista sortzen ditu, eta bizitza horren barnera eman daiteken kontraesan oro ez da kapitala-lana kontraesanak gainazalean eragiten duen ondorio soziala baino. Ez da, beraz, bi errealitate antagonikoen arteko aurrez aurreko oposizioa, kapitala-bizitza kontraesanak irudikatu nahi ei duen bezala, klase ertainak positiboki ebatzi nahi duen kapitalaren dinamika kontraesankorraren adierazpen jarraitua baizik, hartarako dinamika horren alde negatiboa ezabatuz.

Prekarietatea kontzeptuak subjektibitatearen forma burges horretan operatiboki txertatua izateko baldintzak aurkitzen ditu. Izan ere, prekarietateak, sistema kapitalistaren materialtasun objektiboa eta krisirako duen ezinbesteko joera azaltzetik urrun, klase ertainaren begietatik kontzebitutako bizitzaren balorazio subjektibistara murrizten du. Prekarietatea klase ertainaren deskonposizio prozesu gisa, proletalgoaren errealitate krudelera bueltatze gisa. Ondorioa etika berria duen burgesia berri baten aldarrikapena da, langile klaseari lapurtua izan zaion pastela modu egokiago batetan banatzen duena. Logika horren ondorio dira ustez bizitza erdigunean jartzen duten aberastasunaren banaketarako politika publikoak. Hortik ondorioztatzen da ere zer da haientzat bizitza.

Laburbilduz, kontraesan bat dago kapitalaren barne logika eta haren inguruan ideologia burgesak sortzen duen irudiaren artean; kontraesan faltsua, ideologikoa. Kontraesan erreal bat dago, sistema kapitalistak ekoiztu eta berau erreproduzitzen duena, bere baitako kontraesan ideologikoekin batera; kapitala-lana kontraesana. Eta antagonismo bat dago, artikulatua izan behar dena, Alderdian antolatutako proletalgoa eta langile klasea bere boterearen ekoizpen logikara subsumitu nahi duen burgesiaren artean; langile klasea klase gisa eta zapaldu gisa erreproduzitu nahi duena. Heriotza arteko antagonismoa da, klaseetan banatutako gizarte baten biziraupena eta klaserik gabeko gizartearen artean.