AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Hamabost urteko espetxe zigorra ezarri die justizia burgesak Iruñeko San Ferminetan emakume bat bortxatu zuten bost kideetako bakoitzari. Bortxatzaileak kartzelara sartzearekin batera, sententziarekin eta sententziara arteko prozesu osoarekin milaka eta milaka pertsona txertatuak izan dira politika eta ideologia burgesaren mugetara, hartarako epaiketa prozesua bera kontsumo eta etekin kapitalistaren esparrura espektakuluaren eskaintzan bilakatuta.

Batzuentzat urte asko dira, besteentzat ez nahiko. Askok uste du sententzia indartzearekin batera bortxaketa kasuak murriztuko direla. Ez dago horren zantzurik, ordea, kontrakoarena baizik: ematen du gizarte perbertso honetan, zigorra gero eta handiagoa izan, orduan eta gozagarriagoa bilakatzen dela ekintza bera. Ikusi besterik ez dago Iruñeko kasuaren ondotik etorritakoak edota militantzia politikoan gaitz bilakatutako legaltasunik ezaren fetitxea.

Kapitalaren medioek etengabe bonbardatzen gaituzte itxuraz inongo eduki subjektiborik ez duen informazioarekin, horrekin, babesa indartu ordez, babesgabetasuna eta beldurra hedatzen dutelarik. Itxurakeria horren atzean subjektibitate eredu baten eraikuntza ezkutatzen da. Ez soilik ekintza desberdinak sozializatzen dituelako botere artikulatu bilakatzeraino -batzuentzat informazioa ematearen eskubidea denaren atzean egiazki ezkutatzen den harremanen sozializazio kapitalistari funtzionala zaiona-, baita horren bidez langile klasea makurrarazten duelako ere. Hau da, ez soilik zentzu positiboan langile klasearen baitan figura diziplinatzaileak sortzen dituelako, zentzu negatiboan langile klasea bera diziplinaren bidez politikoki neutralizatzen duelako ere. Izan ere, langile klasearentzat zer da informazioa, ez bada bere antolakuntza teknologia hobetzeko bitarteko bat? Horrela izan ezean, informazioa burgesiaren menderakuntzarako tresnan bilakatzen da, eta hala ari da jazotzen soluzio bide bakarra zigorrean, hau da, ekintza gertatu ondorengoan aurkitzen duen gizarte kapitalistan.

Aipatu babesgabetasunaren aurrean, eta gizarte burgesak sortutako amildegiaren ertzean kokatuta dagoelarik, langile klaseari estatu burgesaren bitartekaritza aukera bakar gisa azaltzen zaio. Ez duen eta ukatua zaion kolektiboaren gaitasun politikoa estatu burgesak berak ordezkatzen du, komunitate kapitalistaren indar zentralizatua eta hargatik ere komunitate horren existentziaren baldintza dena. Estatu burgesa hogeita lau orduz funtzionatzen duen egitura berezia da, zeina ekoizpena eta haren soberakina balioaren forma autonomoa hartzearen ondorioz artikulatua den;  hau da, ekoizpen soziala (gain)balioaren ekoizpenera bideratutako sistemaren forma ezinbestekoa da estatu burgesa. Horregatik ere, langile klasearen atomizazioaren oinarrian dagoen ekoizpen modu kapitalistak berak jartzen du besterendutako gaitasun sozialen eta politikoen egikaritzea den estatuaren beharra, tartean sistema juridikoa eta justizia bera. Zigortzeko gaitasuna, justizia egitekoa, estatu burgesaren gaitasuna da, eta hau gizarte burgesak osatzen duen kolektibo abstraktuarena.

Ekinbide horrek gizarte burgesa du abiapuntu eta berau helburu. Iruñeko bortxaketaren kasuaren harira denak justizia eske agertzen direnean, ordain dezatela eskatzen, ez al da hori argi baino argiago azaleratzen? Gizarte honen usteldura mailaren adibide argia dugu justizia eskaria ordainketarekin parekatzen denean. Ordaindu zeini? Zer? Justizia norentzat? Benetan inork pentsa lezake halakorik sufritu duenari trukean ezer ordaintzerik dagoenik? Are latzagoa da kartzela zigor txiki batek zigortutako ekintzak errepikatzeko bultzada ematen duela pentsatzeak, kartzela zuritzen parekorik ez duen pentsamendua. Zer da urte gutxi norbanakoa bera suntsitzea helburu duen kartzela batetan?

Justiziaren aldarriak ez du erasoa sufritu duena objektu. Subjektua gizarte burgesa da eta bere funtzionamendu zuzena eta erreproduzitua du helburu, ez besterik. Justizia burgesak justizia burgesaren beharra jartzen du, eta haren baldintza den langile klasearen indar kolektiboaren gabezia; hau da, langile klasearentzat babesgabetasuna eta gizarte burgesarentzat legitimotasuna jartzen du justizia burgesak.

Zigorraren nolakotasunaren definizioan bertan gizarte kapitalistaren zigilua agerikoa da. Alde batetik, edukiz balio baten ordainketari erantzuten dio: kartzela urtetan edo diruz ordaintzen den prezioa, nori eta gizarte abstraktu bati, nola eta erlazio abstraktu bidez. Bestetik, formari dagokionez, erlazio horren azaleratzea alderapen bidez ematen da. Ez da nahikoa kartzela urteen zenbakitzea, gainontzeko zigorren nolakotasunarekin erlazioa ezarri behar da zigor batek justiziaren nahi asegaitzari erantzuten dion edo ez ebazteko. Merkantzien mundu kapitalistan bezala, ausazkoa bezain beharrezkoa den elkarrekikotasunak soilik ehundu eta azaleratzen du eduki soziala, zigor baten asebetetze gaitasuna beste baten gorputzean adieraziz. Hala, edukia itxuraz independentea den forma propioz agertzen da, ekoizpen erlazio sozial historikoekin duen erlazioa ezkutatzen delako, hain zuzen ere. Horrek justizia burgesa sistema autotelikoan bilakatzen du, bere baitan bere justifikazio eta erreprodukziorako baldintzak aurkitzen dituena, eta hargatik hortik kanpo langile justizian pentsatzeko gaitasunak neutralizatzen dituena.

Egoera honetan balizko justiziaren independentziaz eta despolitizazioaz hitz egitea faltsutasun hutsa da. Agerikoa baita independentziak errealitatean itxurazko autonomia erlatiboa esan nahi duela eta ondorioz klase boterea eta bere adierazpen politikoarekiko dependentzia osoa. Izan ere, justiziaren formak berak ezinbesteko lotura du gizarte burgesarekin eta berau artikulatzen duen burgesiaren boterearekin. Independentzia horren aldarrikapena sistema kapitalistaren apologia demokrata da, beraz, justiziaren ezinbestekotasun politikoa ukatzen duena, justizia burgesa bera betikotuz.

Horren aurka, langile klasearen justizia ez da zigorrean oinarritzen, berriz ez errepikatzeko baldintzak ezartzean baizik, hartarako arazoaren errora jotzea ezinbestekoa izanik. Justiziaren izaera estuki lotuta agertzen da, horregatik, trantsizio fase sozialistarekin, behar politikoen araberako funtzio politikoari erantzungo diolarik. Bide horretan gatibutasunak izaterik badu, ez da justiziaren edota zigorraren izenean izango, ez gizarte baten soluziobide behin-betikoa, defentsaren behin-behineko beharrari erantzuteko baizik: usteldutako gizartearen seme-alaben usteldurak gizarte berri baten fundamentuak erasotzea saihesteko. Gizarte berriaren limiteetan emango da, beraz, eta ez bere nukleoan; ez gizarte burgesa babesteko, beragandik babesteko baizik.