AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Irailaren 15a mobilizazio egun garrantzitsua izan genuen EAEn, milaka ikaslek hezkuntzaren gaineko langile kontrolaren aldeko mobilizazioetan parte hartu zuten eta.  Hezkuntza presentzialaren itzulerak -bizi dugun testuinguru sanitarioa dela medio- hondamendia suposa dezake familia proletarioenetan; izan ere, osasun bermerik egon ezean, gehien sufrituko duten familiak hauek dira. Seme-alabaren bat gaixotzea, adibidez, uste baino larriagoa izan daiteke familia txiroentzat: familia guztiaren konfinamendua eta lan-postuen galera, esaterako. Hori dela eta, koherentziaz, bi aldarri nagusiren baitan bete zituzten kaleak milaka ikaslek 15eko egunean: ikasketa baldintza egoki eta osasun bermeen alde eta hezkuntzaren gaineko langile kontrola bultzatu asmoz, hain zuzen ere. Esan beharra dago, egun berean beste greba deialdi bat egon zela, sindikatuena. Greba deialdi bi egun berean; ordea, beste hauen greba deialdia bestelakoa izan zen. Ezberdintasuna, esate baterako, greba deialdi bakoitzak seinalatzen zituen momentuko aldarrikapen eta helburu orokorretan antzeman daiteke: batetik, Ikasle Abertzaleaken deialdia, zeinak arazoaren erroa dinamika kapitalistan identifikatu eta berau gainditzeko aldarria mahaigaineratu zuen – hau da, hezkuntza sistema kapitalistaren ezintasuna ikasle langileon mesedetan jarduteko eta, horren aurka, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua aldarrikatu-. IAk, gainera, gaurkotasun osoa duen eta alboratu ezin daitekeen arazo koiunturalari ere heldu zion: pandemia berari; eta honek areagotu duen klase arrakala berari (ikasle langileon ikasketa eskubidearen galera, besteak beste). Badugu, aipatutako hau, borroka prozesu baten abiapuntutzat hartzerik, izan ere, UIBek berak pasa den asteko grebaren harira publiko egin dituen aldarrikapenek ere bere gain hartzen dituzte unibertsitatean ikasleria langileak bizi dituen hainbat zorigaitz. Kontrara eta bestetik, sindikatuen deialdia: ez duena itzulera seguru eta adostua eskatzetik harago bestelako proposamen politikorik. Sindikatuek aldarrikatzen duten hori erabat onargarria da instituzio burgesentzat, ez baitie inolako kontraesan estrukturalik eragingo. Bada, zer gerta zitekeen sindikatuek galdegiten duten hori aplikatuz gero? Ikasketa prozesu onargarririk izango al du langileriak? Ez dirudi hala denik. Taktizismo hutsa da sindikatuena: larrialdiari heldu eta berau seinalatzearekin nahikoa duena. Bestela esanda: unean-une ukaezinak diren aldarrikapen politikoak eurenak egiten dituzte langileriaren nolabaiteko ongizatea ziurtatu asmoz, erreakzio soil gisa. Ez diote langileriaren klase-ofentsiba erradikalago bati bidea irekiko, ezta boterearen konkistari ere.