AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Krisialdiak, zenbaiten aburuz, inguruan dugun horren esentzia azalera ekar lezake. Esentzia-edo, ordura arte zailtasunez antzeman zitezkeen alderdiak agerian utz ditzake egoera zehatzak direla medio. Bada, pasa den ostiralean, maiatzaren lehena zela hain zuzen ere, Naiz (Gara) komunikabidean argitara eman zuten editorialak halakorik lortu zuen. Azken urteetan bistakoa azaldu zaio hainbati Sorturen eta haren bueltako antolakundeen norabiderik eza politikoa, baina honenbestez, SARS-CoV-2 birusak berarekin dakarren ez-ohiko testuingurua dela-eta, ukaezina irudi du. Egoera berri honi nola heldu jakin ez, eta ilusio zikinez zuzendu baitzaizkio utopikoa oso den komunitate bati. Gainontzeko sentipenak legez, amorrua zilegi da, eta nahitaezkoa orain; alabaina, elkartasunaren antolaketa bideari errairik gabea iritzi diote eta poza zein irrika gogaikarriak lehenetsi dituzte hauek. Proletariotzak, ordea, ezin dio uneoro (ez baita borondate kontua) halako alaitasunari eutsi, eta horren du handia zoritxarra, ezen duintasunari lehentasuna eman beharko liokeen. Artean maiatzaren lehena bera, langileon nazioarteko eguna, deuseztatu nahi izan dute estatu burgesek; M-1ak langileriaren antolakuntza premien agertoki behar bailuke, egun hartan Bilboko Errekalde auzoan bi gaztek jasan zuten polizia-jazarpena, adibidez, justifika ezina da. Haserre motibo.

La caída del PIB invita a explorar nuevos caminos izenburua du ostiralean argitaratutako delako editorial horrek; era motzean, BPG neurgailu estatistikoak bere gain hartzen duen aktibitate merkantilari erreparatzen dio idazleak zalantzati, magnitude horrek izenda ditzakeen merkatu-harreman batzuk guretzat karga soila izan daitezkeela adieraziz. Jatorrizko ereduan gazteleraz, honako hau dio: «El PIB está construido de forma que sobrevalora el peso de las actividades mercantiles, incluso aquellas que podrían considerarse superfluas o nocivas, al tiempo que infravalora, o simplemente no estima, otras que son importantes para la economía pero que no tienen expresión mercantil».  Alde batetik, adierazpen merkantil zuzenik izan-ez baina ekonomiari eragin diezaiokeen hori lan-indar merkantziaren erreprodukzio-ekimena izan daiteke soilik (baldintzapen ekonomiko hertsiaz ari gara, izan ere, pandemiak agerian utzi du badela edozein esparrutik merkatua bera baldintzatzerik). Halaber, langile orok merkatuaz gain ez du haren inguruan, edo eskuragarri, bizitzen lagun diezaiokeen ezein baliabiderik (familia zabal eta hurbila edo ondare oparoa, esate baterako). Aipatu editorialak norberaren ortuko produktuei egiten die aipamen, eta itxialdi garaiotan baten-batek etxean egindako gozoki eta ogiari ere; idazleak, bederen, erreprodukzio aukera horiek soilik soldata maila jakin batek egin ditzakeela posible oharkabetu du eta merkatutik kanpo gauza genezakeen edozein jarduera sinple ekintza hobe edo aurrerakoitzat jo ere. Eta bestalde, BPGren beherakadak eta erreprodukzio-ohitura aldaketek ekonomia-kausa edo -jatorri bera dute, bada, zer irakurketa positibo egin dezake zazpigarren pisu ziztrin baten bizi denak, edo sukaldean azukrearekin bueltaka ibili nahi ez duen horrek, BPG gainbeheraren datuei heldurik? Krisialdia orokorra denez, hau da, ez baitio soilik ekonomia magnitude bakar bati eragin, ez dago idazle haren optimismoa ulertzerik.