EDITORIALA
Zehatz-mehatz hiru dira dokumentuan definitu zuten estrategia berriaren oinarri orokorrak: a) “gutxieneko oinarri demokratikoak” edo Mitchell printzipioen onarpena; b) “akordio demokratikoa”, hau da, Zutik Euskal Herria idazkian helarazi zuten borondate politikoa instituzio ofizialetan ebatzia izan zedin burutu beharreko prozedura; eta c) “marko demokratikoa”, edo hitzartutako hori egikaritzean lor zezaketen testuinguru juridiko-politikoa. Krisialdi ekonomikoaren alderdi gordinena igarri zitekeen urte horietan diseinatu zituzten printzipio hauek, estatuen orekari kalte-eragin diezaiokeen fenomenoaren ezagutza posible izan zen une berean hain zuzen. Eta harrigarria dirudien arren, estatu eredu jakin baten gainbehera agerikoa zenean egin zuten honen instituzioen aldeko apustua. Geroztik, hamarkada luze batez, balizko prozesu demokratikoek eurekin dakarten inpotentziari begira egon gatzaio. Eremu politikoan ez baitago euren jomuga ziurta dezakeen estatuen ahuleziarik, ahula, dagoeneko, halako proposamenari eutsi zion horren sinesgarritasuna da. Hein batean, Zutik Euskal Herria dokumentuak Ezker Abertzalearen programa politikoari amaiera eman zion eta, gaur egun, tradizioz berarekin zeramatzan printzipio historiko denak galduak dituen izendapen ideologiko soila da Ezker Abertzalea. Inoiz gurean izan den borondate-iraultzaile sozialista bestelako printzipio estrategikoen laguntzaz eraginkor bihurtu nahian gaudenez gero, honako hausnarketa lerroa nahitaezko eginkizun politikotzat har genezake: Ezker Abertzaleak hamarkada luzetan izan duen garapenaren errespetuzko kritika burutu beharra dugu, akats koiunturalak eta hasieratik Ezker Abertzalearen ulerkera estrategiko tradizionalak haren baitan hartzen zituenak bereizteko helburuarekin; ordukoak zergatik izan zezakeen halako bukaerarik ulertu eta ez dezagun errakuntza berdinik egin. Artean, estrategia sozialista orok izan behar lituzkeen eta jarraian aurkaritzaz zerrendatuko ditugun momentu politikoak zehaztu bitartean, ekiditea komeni den horren eredu izan daitezela aipatu dokumentuan ageri diren oinarriak. Gureak hurrengo hauek dira: a) Langileriaren autonomia politikoa; b) Alderdi Komunista klase batasun legez eta c) lurraldearen gaineko aginte-gaitasuna edo proletariotzaren diktadura, hau da, Euskal Estatu Sozialista.