Ildo politiko bat ez da airean existitzen. Ezinbestekoa du organikotasun zehatz bat, antolakuntza forma berezkoa. Ez da ideologia bat, ekinbide bat baizik, helburuak erdiesteko tresna zehatzen sintesi estrategikoa. Norbanakoak ezin dira norbanako gisa ildo batera atxikitu, antolakuntza teknologia horrekin fusionatu behar dira ezinbestean. Ez baita nahikoa nork bere buruan pentsaera bat izatea; beharrezkoa da pentsatzen dena eta egiten denaren artean hausturarik ez egotea.
Giro gatazkatsua bizi dugu, bereziki Gaztetxeen auziari dagokionez. Bai gertakari zehatzak direla eta, nola ildo politiko sozialistari dagozkion posizioen inguruko hausnarketarekin lotuta ere. Gertakari zehatzei dagokionez, ez da tarte honen helburua haiei erantzutea, Gaztetxeen baitako gatazka gisa azaleratu den arren, egiazki ez baita esparru horri dagokion auzi bat. Horrela azaleratu bada, oportunista desberdinena da erantzukizuna. Izan ere, egoera baliatu dute “autonomia” abstraktu bat eta, ondorioz, autonomia burgesa aldarrikatzeko, aipatu espazioen gaineko kontrolarekin zerikusirik ez duen gatazka batetan presentzia irabazi eta prozesu sozialista erasotu asmoz.
Entzun izan dugu gatazka zehatz horretan/horietan orotarik. Batzuek Gaztetxeetan berez sozialismoa eraikitzen ari denaren uste faltsua leporatu diote ildo sozialistari. Besteek, ildo sozialistarekin inongo loturarik ez dutenek, haien Gaztetxeak berez ildo sozialistaren alde egiten duela babesten dute. Oro har, egoera korapilatsu honetan, ildo sozialistaren partaide izan ez eta berau erasotzen dutenak bilakatu dituzte lehenengoek haien kritikaren objektuan, subjektu kritikatu gisa halakorik babestu ez duen ildo sozialista agertzen delarik.
Aipatu dugu ildo batek egikaritua izateko antolakuntza forma zehatza galdegiten duela. Ez dela nahikoa ideologia edota pentsaera bat izatea, beharrezkoa dela posizio baten gorpuzte estrategikoa, azkeneko hori delarik programa politiko baten gauzatze sistematikoari atxikituta agertzen den baldintza politikoaren oinarria, norbanako/unitate komunistaren baldintza objektiboa. Kontzienteki antolatutako subjektu politikoaren gabezian; hau da, osotasunaren eramaile den estrategia sozialistaren faltan, antzutasun hutsa da espazio baten balizkotasun sozialista pentsatzea. Gaztetxea “subjektu autonomo” gisa ezin da espazio sozialista izan. Berdin prozesu sozialistaren tresnekin konexiorik ez, eta berauek ezinezko egiten dituen gazte asanblada bat.
Espazio horien guztien izaera subjektuak berak determinatzen du, bada. Subjektua estrategia baten emaitza da eta estrategia ildo baten egikaritze erreala, bere bizi baldintza objektiboa. Euskal Herrian subjektu sozialistaren eratze prozesuak izen propioak ditu: Ikasle Abertzaleak, Gazte Koordinadora Sozialista, Itaia, Erraki... Haien gabezian, hau da, langile klasearen tresna politiko antolatuen gabezian ezinezkoa da prozesu sozialistaz edota ildo sozialistaz hitz egitea. Era berean, ildo horri atxikimenduak antolakundeoi eta haien antolakuntza tresnei atxikimendu erreala eskatzen du.
Espazio baten izaera, beraz, berau ezaugarritzen duen prozesuaren izaeraren araberakoa da. Espazio “autonomo” bat, hau da, osotasun sozialistarekiko konexiorik ez duen espazio bat ez da espazio sozialista bat, eta ez du ildo sozialista elikatzen. Kontrara, bere uneko izatean trabatuta, prozesua bera trabatzen du. Are gehiago espazio horretako kide desberdinek prozesu sozialistako militanteak erasotzen dituztenean eta ildo sozialista antolatuaren hedatzea oztopatzen dutenean. Ezin da ildo sozialista elikatu berau egikaritzen duten antolakundeak erasotzen badira; inondik inora ere.
Aurreko batetan aritu ginen “autonomiaren” kontzeptuaz. Sakondu dezagun autonomia burgesa eta zentralismo sozialistaren arteko aldean. Botere burgesaren erreprodukzio dinamikaren oinarrian aurkitzen dena pribatuki ekoiztutakoaren ondorengo sozializazio/errealizazio prozesua da. Oinarrizko forma horrek (merkantziarena) berari berariazkoak zaizkion kontzientzia eta instituzio formak eratzen ditu. Azkeneko hauek oinarrizko dinamikaren menpeko dira, eta ezinbestekoak dira botere dinamikaren erreprodukziorako, haren une administratiboa eta politikoa diren heinean. Autonomia eta independentzia, ikuspegi honetatik, hori baino ez da: dinamika erreproduktibo batekiko lotura ezinbestekoa. Zehazki, bizi dugun errealitatean, kapitalismoaren erreprodukzio dinamikarekiko lotura.
Autonomia eta independentziaren kontzeptu abstraktu horrek, Gaztetxeetan aplikatuta, emaitza logikoa ematen du: kapitalismoaren dinamikari gainjartzeko ezintasuna. Zergatik? Ba hain zuzen ere politika kontzientearen desartikulazioak –autonomia burgesa-, halabeharrez estrategia politikoa eta, ondorioz, zentralismoa eskatzen duena, dinamika autonomo oro indarrean den boterearekiko menpekotasunera mugatzen duelako, unitate bakoitzaren forma determinatuz. Hala, Gaztetxe bakoitza “subjektu autonomoan” betikotuta, elikatzen den politika burgesiarena da: hegemonia, aisialdi kapitalista, karitatea… baina sekula ez eskala (inter-)nazionala hartzen duen botere dinamikari gainjartzea. Modu horretan, politika burgesaren tresnan bilakatuta, sistema kapitalistaren erreprodukziorako nukleotan bilakatzen dira.
Ez dadila, ordea, gaizki ulertu. Forma autonomoa langile klasearen adierazpenaren lehenengo une ezinbestekoa izan daiteke; eta izaten ari da. Autonomoki ere ildo bat defendatu daiteke; eta egiten ari da. Baina autonomiaren forma horrek bere burua ukatzeko abiatutako prozesuak soilik ematen dio koherentzia praktika horri. Prozesu horren gabezian, autonomia bere forma burgesean betikotzen da, eraikuntza sozialista ezinezko eginez. Subjektu sozialistarekiko deskonexioak eta aurkakotasunak prozesu horretatik kanpo kokatzen du espazio oro eta, hargatik, ildo sozialistatik kanpo.
Une historiko garrantzitsua bizi dugu. Proletalgoak ezin dio uko egin espazioaren eta boterearen konkistari. Espazioetako bakoitzak, unitate bakoitzak, osotasun sozialistarekiko konexioa garatu behar du, azkeneko honetatik abiatuta. Lanaren banaketa sozialista oinarri, gaitasunetako bakoitza zentralizatzea, hots, autonomia eta atomizazio burgesaren desegitea ezinbestekoa izango da sistema kapitalista gaindituko badugu. Eta hor Gaztetxeek, eta espazio birjabetuek, zeresana izango dute, espazio sozialistara bidean, hau da, subjektu sozialistaren espazio bilakatzera bidean. Hartarako funtzio bereziak bete beharko dituzte Euskal Herriko prozesu sozialistan eta mundu mailako komunismoaren eraikuntzan.