AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Duela pare bat aste Eurocopa Honi Ez plataformak hasiera batean soilik Bilbon egitekoa zen manifestazioaren berri eman zuen. UEFAk, Espainiako Futbol Federazioak eta Bilboko Udalak halaxe erabakiz gero Eurocopa Bizkaiko hiriburuan egin daitekeenez ekainean, manifestazioa deitu zutenek argi zuten zein zen mobilizazioaren helburua: San Mames parean batzea Euro txapelketaren aurka gaudenak, eta Bilboko Udalari argi uztea askok egingo diogula aurre makro-jaialdi horri. Eta bete zen manifestazioaren helburua, jendetza elkartu baitzen atzo Bilbon. Tamalez, hala ere, arrakasta gazi-gozoa izan zen atzokoa, mobilizazioan parte hartu nahi zuen orok ezin izan zuen-eta Bilbora gerturatu. Hau da, mobilizazio arrakastatsua izan zen, baina are arrakastatsuagoa izan zitekeen baldin eta zenbait eragozpenek ez balute manifestazioa kaltetu.

Hasierako asmoa manifestazio bakarra egitea zen, nazionala, gero, lurralde historikoen arteko mugikortasun murrizketa dela-eta, hiru deialdi ezberdin egin zituen Eurocopa Honi Ez plataformak (bata Bilbon, bestea Gasteizen eta hirugarrena Iruñean) eta atzo, azkenean, bi mobilizazio besterik ezin izan ziren burutu, Bilbokoa eta Gasteizkoa. Izan ere Iruñeko manifestazioa legez kanpo utzi zuten ostiral arratsaldean: azken orduan ez zieten mobilizatzeko baimenik eman manifestazioan batu zitekeen jende kopuruarekin ezin omen zitezkeelako osasun- eta segurtasun-neurriak bete. Aitzakia hutsa. Hori guztia dela medio, Bilboko eta Gasteizko mobilizazioekin lortu zen irudi bateratuak ez du Eurocoparen aurkako oposizio erreala islatzen, Euskal Herrian atzo kalera atera zen jendetza baino gehiago baikara ez dugunok Eurocopa Bilbon ospatzerik onartuko. Hori, nolabait, argi utzi behar diegu txapelketaren antolatzaileei.

Dagoeneko Eurocopak soilik burgesiaren interesei erreparatzen diela agerikoa da, izan ere, (1) Bilboko Udalak Eurocopan zehar San Mamesen ikusleak ziurtatuko dituela esan dio UEFAri eta (2) Eurocoparen aurkako mobilizazio bat debekatu dute hara hurbil zitekeen jende kopuruagatik. Ondorioz: estatu burgesak osasun-arriskutzat jotzen du langileria motibo politikoengatik elkartzea, baina bost axola zaio haren osasuna arriskuan jartzea ekonomikoki errentagarria bada. Gauzak horrela, honako hau da komuniston hurrengo erronka: larunbatean ikusarazi ezin izan zen Eurocoparen aurkako indar erreala moduren batean edo bestean ikusarazi behar diegu Euro txapelketaren antolatzaileei, ez dezaten Bilbon ezer ospatu.