AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Oro har, bi hauteskunde kanpainen testuinguru politikoak eragin du Eskubide sozialen karta babesten duten alderdi, eragile eta sindikatuen U30 greba orokor deialdia. Antolakunde horiek badute, batzuetan elkarren talkan ere, bakoitzak bere aldetik egikaritzen duen bide-horri propioa, alabaina, azaroaren hamarrean gauzatutako hauteskunde orokorrek eta zehaztear dauden EAEko hauteskunde autonomikoek ebatzi berri duten eszenatoki politikoa amankomunean baldintzatzeko asmotan konbokatu eta gauzatu izan dute greba. Bi hauteskunderen artean kokatu beharra dago beraz; eta bere esangura taktikoari heldu nahi badiogu, errepara diezaiogun gertakizun bakan honi: bada goizaldean lanera joan behar izan zuen eta, ondoren, lanaldia amaitzean, hiriburuetako mobilizazioetara gerturatu zenik. Hau da, askok ezin izan zuen greba egin eta horietako batzuek eguerdiko manifestazioetan parte hartu zuten. Hutsala dirudien arren, militante sozialistok gertaera horri jaramon eginez badugu zer ikasia. Adibidez:

-Grebaren izaera aristokrata: politikaren ulerkera definitu eta programa jakin bati babesa adierazteko indar erakustaldi legez baliatu nahi izan dute greba antolatzaileek. Ondorioz grebak manifestazio mediatiko forma hartu zuen, langile aristokraziak burgesia txikiarekiko duen dependentzia dela-eta erreformismoari ohikoa zaion inpotentzia politikoa azaleratu zen; kasu zehatz honetan ekoizpen prozesua erasotzeko ezintasuna legez adierazi zuen.

-Politika eredu proletario baten premia: proletariotzak konpromezu politikoa gara dezan, programa sozialistaren antolaketa- zein mobilizazio-ereduen eta proletariotzaren baldintza-ekonomiko estrukturalen arteko kontraesana saihestu behar da.

Artean, eta zuhurtziaz jokatu ezean, proletariotzaren independentzia politikoa eragotzi dezakeen gatazka sorrarazi du pasa den asteko greba orokorrak. Mahai-gaineratutako aldarrikapenen harira eraldaketa ekonomikorik posible bada, balizko hobekuntza hauek noren interesen arabera burutuko diren, eta kapitalisten eta langileriaren arteko klase-borrokan nolako ondorioak izan ditzaketen, aztertu beharrean gaude. EAJ eta PSN, adibidez, zenbait kontzesio egiteko prest ager daitezke, honek langileriaren iniziatiba baretu eta euren gobernu kokapena egonkortu balezake. Greba egunean alderdi hauei ezer galdegin zieten antolakundeek, ostera, erreformak garaipentzat hartuz gauzaezina den programa politiko batekin lerroka dezakete zenbait langile-sektore; huek bizitza duina soldatapeko erregimenaren egitura bera baliatuz definitzen duen egitarau utopikoan txertatuz. Aitzitik, langileriari zuzendu dakiokeen “gastu publiko” areagotuak ezin dio proletariotzaren posizio ekonomiko estrukturalari eragin, eta lortutako eraldaketa ekonomikoek ez lukete, hortaz, kapitalismoaren alderdi lazgarriena deuseztatuko. Hori dela eta, U30eko greba baloratzerako orduan, sozialistentzat garrantzi berezia du erreformen eta posizio taktiko berrituen arteko desberdintasunak: erreformek ordena burgesera integratzen dute langileria, euren bitartez langileriaren klase-subordinazioak dirutan zenbat balio duen zehazten delarik; Estatu Sozialistaren aldeko borrokan  irabazi ditzakegun posizio taktikoek, aldiz, hobekuntza ekonomikoak izanik ere, klase-borroka politikoki biziagotzea dute helburu.

Halako kritiken aurrean haserre oldartu dira deialdi ofiziala babestu duten kuadro politiko batzuk; euren programaren ahuleziak ezagutzeko inolako borondaterik adierazi ez, eta kritikak burutu dituztenen aurka gogor egin dute eraso. Errebisionisten tankeran, analisi marxistetan darabilgun lexiko bera mintzatuz gainera. Izan ere, iraultzaren nahitaezkotasunari eta proletariotzaren nagusitasun politikoari uko egin, baina nork bere burua “sozialistatzat”, “marxistatzat” edo, oro har, “iraultzailetzat” duena da errebisionista: komunismoaren aukeran sinesteari utzi dion alderdiak adierazten duen nolabaiteko behar estetiko eta funtzio politikoa. Eneko Compainsek txio bidez, esate baterako, Leninen hitz hauek gogora ekarri dizkio militante sozialista konprometitu bati: “Hutsegite larria litzateke liburuetan jartzen duenetik soilik ikastea zer den komunismoa”. Lan banaketa sozial klasista tradizionala (lan-intelektuala eta esku-lana bereizten dituen hori) antolakunde komunistetan erreproduzitzearen arriskuaz ari zen Lenin testu honetan, eta jarraian zera zioen: “Lanik gabe, borrokarik gabe, folletoi eta liburuxketatik eskuratutako komunismoaren ezagutzak ez du inolako baliorik, teoria eta praktikaren arteko banaketa zaharrak jarraitzea besterik ez baitu eragiten, zeina garai bateko gizarte burgesaren ezaugarri kaltegarriena baitzen, hain zuzen” (Tareas de las juventudes comunistas, 1920). Hain zuzen ere teoria eta praktikaren arteko batasun organizatibo horrek azaldatzen ditu Compains eta enparauak. Eta euren kontraesanak seinalatzen dituzten horiek (izan norbanako edota antolakunde) teorizista zein intelektual soil izendatzeak ez die mesede egiten, agerikoa baita praktika politiko zehatzen aurrean erreakzionatzen dutela. Kritika hutsa ez lukete mehatxutzat hartuko, gure praktika dute arazo. Oraingo honetan lau bloke independentetan hezurmamitu den praktika.