AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Langileen kontrolpeko espazioen gorakada bizi dugu. Gaztetxeetatik hasita, bizigune eta bizi komunitatea eratzeko eraikinetaraino, langile klasearen beharren adierazle diren proiektuen hazkuntzak errealitate historiko baten berri ematen digu. Baita errealitate horrek, eta berari emandako erantzunek berezkoak dituzten muga eta ezintasunak argitara atera ere.

Langile mugimenduaren proiektu orok aurrean aurkitzen du administrazio burgesaren egiturazko biolentzia: berjabetzei desjabetzeekin erantzunez edota alternatibak legitimitate eta legalitate burgesaren esparru formalera ekarriz, burgesiak emantzipaziorako aukera guztiak ezabatu nahi ditu haien kodea sistema kapitalistaren barnean txertatuz. Dena da posible, kapitalismoaren oinarrizko arauak jarraitzen baditu.

Ekinbide horretan berebiziko funtzioa betetzen dute politika burgesaren instituzioek. Hauen bidez politikaren esparrua definitzen da, posibilitateen balizko mapa aurkeztuz. Hortik kanpo ez da ezer. Langile mugimenduaren praktikak haren kontzientzian haustura bidezko garapen politikoa eragin dezakeen une eta puntu horretan kolpatzen du burgesiak, kontraesanen ebazpena inposatu ahal izateko. Horrela, langile mugimenduaren muga objektiboek galdegiten duten esfortzu teoriko eta politikoaren momentua desegiten da, langile klasearen antolakuntza politiko independenteari ateak itxiz. Ez luzarorako, ordea.

Errealitatea behin eta berriro politikari ate joka ageri da. Porrotaren zirkulu zikoitzean murgilduta dagoen langile mugimenduari, bere berehalako praktika menperatzen ez duen errealitatearen mendeko aurkezten zaio. Errealitate horren administraziotik eta bere baitan sortzen diren kontraesanen gestiotik haratago, langile klasea perspektiba hartu beharrean aurkitzen da, menperatzen duen indar hori bere borondatearen mende hartu ahal izateko. Berjabetutako espazioen ezintasuna ez baitator pairatzen dituzten erasoetatik; hauek aurretiko hutsuneen ondorioak baino ez dira. Langile klasea antolakuntza politikorik gabe errealitatearekin aurrez aurre jartzen denero ahul aurkezten da eta hutsik uzten duen hutsune hori baliatzen dute politika burgesaren instituzioek antolakuntza aukera guztiak desegiteko.

Interbentzio administratibo hori kapitalaren borondate unitarioaren adierazpena da, bere metabolismo sozialaren barnera gauzatzen dena. Politika burgesaren adierazpena da eta sistema itxia eratzen du, haren autoerreprodukzioaren fundamentua delarik. Izan ere, politika burgesak menderatzen duen lekuan ez da langile klasearen politikarako tokirik; are, lehenaren funtzioa da bigarrenaren posibilitateak agortzea. Ez da, beraz, kanpotik ezartzen den ez-ohiko kolpea, langile klasearen zapalkuntza oinarri duen errealitate horrekiko banandu ezina den momentua baizik.

Honek inplikazio nabarmena dauka: langile mugimenduaren konkistak iraunkortzeko asmoz instituzio kapitalistei ematen zaien erabilerak gaitasun iraultzaileak agortzeko arriskua dakar. Izan ere, aipatu instituzioak ezartzen dira errealitatearen kontraesanek politika galdegiten duten unean, langile klasearen antolakuntza politikoaren aukerak ezabatuz. Bada, langile klasearen politika burgesiaren joko politiko instituzionalarekiko aurkakotasunean garatzen da, langile mugimenduaren muga objektiboak gaindituko dituen estrategia eta antolakuntza politikoaren beharra bistaraziz.

Burgesiaren politika kapitalismoaren barne funtzioa bada, langile klasearen antolakuntza politiko sozialistak langile mugimenduaren kontraesanak ebazten dituen kanpokotasunaren izaera hartzen du. Errealitate kapitalistari gainjartzen zaion antolakuntza forma berria da, kapitalismoan langileriak bizi duen oinarriko menpekotasun egoera gaindituz, instituzio kapitalisten funtzio politikoak agortzen dituena.

Politika horren adibide ditugu tokian toki osatzen ari diren Autodefentsa Sareak. Antolakuntza forma berri horrek langile klasearen politikaren lehenengo adierazpena osatzen du, haren independentzia eraikitzeko ezinbesteko oinarria. Izan ere, euren praktika gidatzen duten printzipioek bat egiten dute langile klaseak menpekotasun estrukturala gainditzeko dituen aukera errealekin. Ez baitira soilik erasoei erantzuten dieten adierazpenak; funtzio horri heltzen dioten heinean, klaseen arteko gatazka politikoan langile klasearen mesedetan interbenitzeko tresnak dira, hots, klase borroka azaleratzeko oinarrizko elementuak.

Elementu horien artean kokatzen da aste batzuk atzera Erraki izenarekin aurkeztu zen Gune Autogestionatuen Babes Sarea. Ezbairik gabe, langileen kontrolpeko espazioak defendatu eta hedatu ahal izateko ezinbesteko funtzioa beteko du Errakik. Berau sustatu eta elikatzea porrotaren zirkulu zikoitzetik irteteko aukera irekitzea da, ate joka den errealitateari politikaren ateak irekitzea, alegia.