AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa


Pertsona anonimoek egindako erasoen inguruan Errakik zabaldutako komunikatuaren karira guztiz okerrak diren interpretazio kontzeptualak egin dira, egoera nahastu eta Euskal Herrian prozesu sozialista erasotzea helburu bakarra dutenak. Batzuk lehenengo harria jaurti dutenen aldetik eratorriak. Beste batzuk aurreneko heroiei erreakzioaren salbamendu-itsasontzia eskaintzen zalantzarik egin ez dutenen partetik.

Errakik berak bereplanteamenduen inguruko faltsutasun eta manipulazioei erantzun die eta pertsona anonimoek bere ekinbidea erasotzeko baliatutako kontzeptuen definizio zuzena aurkeztu du. Ez dago soberan errepikatzea. Errakik jasotako kritiken artean huts egiten ez duen bat aurkitzen da: gune autogestionatuen autonomiaren suntsitzea. Erantzunean argitzen duten bezala, autonomiak egituratzen duen boterearekiko erlatibotasuna eta dependentzia inplikatzen du. Autonomiak, sistema kapitalistan, partzialtasuna, inpotentzia eta langile klasearen botere erreala gauzatzeko gaitasun eza inplikatzen du. Autonomia faltsua da, non etsaiaren boterearekiko dependentzia absolutua pretentziosoki libertarioak diren aldarri anarkista zaharrekin estali nahi den.

Forma autonomo horiek guztiak batzen dituen boterea kapitala da. Hau ez da, ordea, gainjarritako kanpo batasuna. Kontrara, bateratzailea den heinean, artikulatzailea da eta, beraz, kanpo batasuna den heinean, balioaren adierazpen konkretuak diren forma horien guztien barne batasuna da ezinbestean. Horrek ez du inplikatzen, Errakik ondo adierazten duen bezala, gune autogestionatuen autonomia operatiboaren suntsitzea, autonomia espazio horien gaitasun operatibo gisa ulertzen badugu, haren eraikuntza erreala baizik, posible egiten duen botere berri baten prozesu eratzailera batzen duen neurrian. Bistakoa denez, honek gune autogestionatuetan aldaketak inplikatzen ditu, baina beharrezkotasun hori ez du Errakik inposatzen, errealitateak baizik, eta langile klasearen auto-antolakuntza prozesu gisa jaio behar da, klasearen barnera. Garatzen ari den prozesu sozialistaren beharrezkotasuna kanpotik inposatutako autoritarismoaren subjektibismoarekin ordezkatu eta nahastu nahi izatea pasatzen ari dena manipulatzea da eta Euskal Herriko mugimendu sozialistak jada gainditu dituen iraganeko aurreiritziak gogora ekartzea.

Autonomiaren ikuspegi burgesetik espazio autogestionatuen boterea lapurtu izanaren akusazioa jaiotzen da, zeina foro birtualetan jaurti egin duten non, gainera, hori egin dutenen konpromiso eskasa eta fideltasun militante ezaren proba gisa, antza Errakik bere aurkezpenetan helarazitako antolakuntza informazioa argitaratu egin duten. Ekinbide horren zitalkeria moralaz ez gara gaur mintzatuko. Boterearen lapurretari dagokionez, erraz deduzitu daiteke botererik ez dagoen lekuan hau ezin dela lapurtua izan. Historikoki konprobatu den bezala, lanaren banaketa sozialistari eta proletalgoaren gaitasunen zentralizazio politikoari erantzuten ez dion mugimendu deszentralizatu oro kapitalaren aurrean inpotentea da eta bere mugetara erraz asimilatua, ez denean kapitalak berak artikulatua. Are gehiago, zentralizazio sozialistaren gabezia, hots, prozesu sozialistaren baitako lanaren banaketa harmoniatsuaren gabezia da, preseski, burokrazia eta autoritarismoa, masen gaineko kontrolik irrazionalena eta haien botere politikoarekiko subordinazioa posible egiten dituena, ez dena jaiotzen sozialismoaren eraikuntza ekonomikotik eratorritako botere forma ekonomiko-sozialetatik, gaitasun guztiak gutxi batzuen eskuetan zentralizatzen dituen antolakuntza batekiko fede itsutik baizik, autonomiaren izenean gune autogestionatu desberdinen inguruan kontrola ezarri nahi duten horiek indartu gisara. Kontrara, Errakik zerbait handiagoaren parte izateko, eta ez haien gaineko kontrola ezartzeko, proposamena luzatu die gune horiei guztiei, antza. Ez da izango zenbait anonimok beldurra diotela espazio horietan duten gidaritza gaitasuna degradatuta ikusteari, hau da, gune horietan burutzen duten kontrol autoritario eta irrazionala galtzeari? Ematen duenez, hipotesi hau posiblea da, asanbladak autodefentsarako erremintari baiezkoa eman arren ezezkoa inposatu izanak erakusten duen bezala.  

Aurkakoa bistaratzen saiatu arren, errealitatea da ez dela existitzen haien autodefentsa gauzatu ahal izateko gune autogestionatuen botererik, eta ez da existitzen gaitasun horiek asanblada bidezko antolakuntzan ezin direlako existitu.

Langile klasearen gaitasun defentsiboen antolakuntza berebiziko eta ezinbesteko unea da ofentsibarako antolakundea sortu eta langile klasea bera Alderdian eratzera bidean. Orain artean hori burutzeko eraginkortasuna mugimendu komunistak erakutsi du soilik. Errakik baieztatu bezala, autonomia errealaz eta guneen gaineko kontrol errealaz -eta ez hauek langile klasearen tresna babesgabe eta ezgai gisa betikotzeko-  hitz egin ahal izateko ezinbesteko baldintza da hori. Hemen ez da inongo lapurretarik; boterearen eraikuntza da, beharrezkoa zaion forman, ez duena bere jatorria burges autonomia zatitzailean aurkitzen, langile klasearen gaitasun politikoen zentralizazioan eta antolakuntzan baizik. Soilik forma horren menpe hitz egin daiteke botereaz eta defentsarako gaitasunez. Beste guztia ilusio burges txikia da.

Bada kritikaz mozorrotutako zentzugabekeria hau baliatu duenik bere funtzio politiko erreakzionarioa gauzatzeko: Euskal Herrian prozesu sozialista ekiditea. Huts egiten du, berriz ere, tiroan. Errakiri aktibitate anonimo bat leporatzea eta, beraz, kritiken anonimotasunari egindako kritika kontraesankorra ulertzea, politika burgesak publikoaren inguruan duen kontzeptu hegemonista azaleratzen du. Ez da zaila espazio publikoa Errakirentzat gune autogestionatuak direla deduzitzea, zeinekin bere proposamena konpartitu duen; eta hortaz anonimotasunaren kritika proposamena jaso duten kideei zuzendua dago, zeinak isildu diren eta aurpegia eman gabe erasotzeko lan zikina egin duten. Erraki bere proposamenaren xede den subjektutik haratago anonimoa izatea bere organikotasunaz eta funtzionalitateaz ondo hitz egiten du. Hori politika burgesaren ordezkari publikoek kritikatua izatea espero zitekeen.

Ez da harritzekoa ere langileen kontrolpeko espazioetako militanteek lanean hastearekin batera gune horiek lagatzean paradoxa bat ikustea, eta kontrakoa gertatu beharko litzatekeenaren ondorio antzura heltzea, lanaren funtzio soziala bizitzaren egituratzaile eta desaktibazio politikorako tresna gisa arbuiatuz, eta horrekin baita azaleratutako kontraesana ere: langile subjektu iraultzailearen errealizazioaren ezinezkotasuna soldatapekoaren baldintza iraunarazten  den heinean. Hori paradoxa bat da obreristentzat, ez ordea komunistentzat. Hauts haietatik gaurko lohiak. Subjektu-objektu batasunaren ikuspegi errebisionistak burges batek langileen kontrolpeko espazio batetan parte hartu ote dezakeen bezalako galdera antzuetara eramaten du. Praktika berri batek objektibitate berria ekartzen du. Langile klasea bere une ekonomikora murriztea eta langileen kontrolpeko espazioetan garatutako antolakuntza forma subjektuaren objektibitate egituratzaile gisa alboratzea absurdoa litzateke. Burges bat bere baldintza alboratu eta prozesu sozialistara batzeko prest dagoen da galdetu beharko genukeena, eta ez, kontrara, ea prozesu sozialista prest dagoen burgesak onartzeko, azkeneko hau izanik indarren akumulazio eklektikoen politika burgesei dagokien galdera, ez komunistei.

Langileen kontrolpeko espazioen baldintza da politika burgesen menpeko ez izatea, izan sindikalak, alderdikoiak edo herrikoiak. Garrantzitsua da zein subjekturi eta zein prozesuri egiten dion mesede determinatzea espazio baten nolakotasuna determinatu ahal izateko, berez bolumen bat baino ez dena eta soilik artikulazio sozial bidez nolakotasun espaziala jasotzen duena. Espazioa erlazio sozial bizia da, ez material inerte pila, eta beraz ez da espazioa berez, berariaz baizik. Honekin subjektibismo enpiristaren mugak agerian uzten dira, zeinaren bertsio politikoa salbatzailearen politika instituzionalista den, ez duenak zapalkuntza bizirautea bermatzea besterik lortzen.

Honekin guztiarekin, Errakiri egindako kritikak langile klasearen emantzipaziorako prozesu sozialista, klase sozialen eta zapalkuntzaren abolizioa eta komunismoaren mundu mailako eraikuntzaren aurkakoak iradokitzen dira. Eta horien egileak, hala nola haien babesleak, erretorika burgesez estaliak, erreakzioaren lerroetan kokatzen dira objektiboki, aurkakoaz mozorrotu nahi badute ere.