AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Esangura handiko astea izan dugu hau; gertakizun, deklarazio eta ekimen batzuek haustura argia nabarmendu dute, azken urteetan Ezker Abertzalea bera birrindu duena. EH Bilduk, esate baterako, PSOE-Podemos gobernuarekin hitzarmena zehaztu eta haren burua Ezker Abertzaletzat duen balizko komunitatearen legitimitatea zanpatu egin du; dagoeneko, ez baitu antzekotasunik hamarkadetako oinarrizko programa harekin, ez dago Sortu alderdiak ordezkatzen duen jendarteari Ezker Abertzale deitzerik, ezta deitura sinbolikoenean ere. Uko, hala ere, ez diote soilik programa politiko bati egin; Ezker Abertzaleak inoiz ukan duen oinarri etikoa ere lohitu da zeharo, barkamenik ez duen hainbat lotsabakoren jarrera tamalgarria dela-eta: gutxi batzuen hitzartze ulertezina eta askoren isiltasun kriminala. Oportunismoak ere izan du agerraldirik Patxi Ruizen borrokaldian. Alabaina, Patxi Ruizek bere borondatea zehaztasun handiz eman zuen argitara eta haren egarri eta gose greba Euskal Herriko politika-gatazka jakin bati heldurik ezagutarazi zigun. Bada, Patxi Ruizi helarazi dakiokeen horrek ezin du babes abstraktua izan. Hau da, haren aldeko elkartasunak gertuko erantzule andana dakar berarekin; kaleetan antzeman legez, elkartasunak berak ez du gure inguruan den zenbaitekin bat egiterik eta, Sorturen politikek anbiguetatea galdu heinean, faltsukeriak ez baitio inori luze iraungo, babesa adierazi nahi duenari honako hautua propioa zaio: euskal erreformisten patu antzu eta maltzurrari men egin (ez dago-eta ongirik euren ekintzetan) ala duintasunez indar iraultzaileekin lerrokatu (eta, halatan, eskuak zikindu).

Erokeria iritzi diote batzuek Patxi Ruizen barauari, eta bada ere bera zorotzat jo duenik. Zaharra da oso argudioa, inoren bizimodu edo politika-posizioaren oinarriak kolokan jar ditzakeen beste haren portaerari zoroa deritzona. Eta lazgarria, aipamen zeharo lazgarria; izan ere, zentzua kendu nahi dio haren ekimenari. Hala dioenarentzat, zoro hori ezereza da; egin zitekeen edozerri alperrik dena gainetik ipini dio-eta. Gauza gutxi borroka ditzake kartzelan denak eta Patxi Ruizek, halaxe, duintasunari heldu dio. Bada, bere gorputzean duintasun gizatiarrena mantendu nahi duen horri zoro irizten dionak badu aldarean menpekotasunaren irudirik jartzerik. Guztion askatasun aukera gutxietsi du Patxi Ruiz zorotzat hartu duenak, printzipio etiko-iraultzaile bati muzin egin dio-eta. Klasiko izenda dezakegun printzipio etikoari, hain zuzen ere. Esate baterako, Hegelek halaxe jaso zuen (ez dadila oker ulertu, ez zaio Hegeli iraultzaile izaerarik esleitu nahi) mendeetan zehar esklabotza sufritu zuten horien indar eta botere politikoaren jatorria: soilik izan daiteke libre, haren bizia arriskuan jartzen duena. Emiliano Zapatak zein Che Guevarak, besteak beste, ezagunagoa den beste aforismo honekin adierazi zuten printzipio etikoa bera: «Más vale morir de pie que vivir de rodillas». Sozialista den ezein antolakunde zein alderdik ez du printzipio horri uko egiterik, euren estrategia eta helburuak ostantzean ez lirateke-eta posible izango. Badirudi klase-zapalkuntzaren arrazionalitatea dela Sorturen eta haren koadro politikoen zentzu-komunean gailentzen dena, orohar, gizarte zibilarena, politikarik eza eta obedientzia lehenesten dituena.