AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

EKIDA sortu berri da, «sozialiston kultur ekimena» deiturarekin. Kulturaren eta artearen esparruak ikuspuntu sozialista batetik lantzeko helburua jarri dio bere buruari, eta izen bereko webgune bat jarri dute martxan horretarako. Hilero, esparru horiei buruzko erreportajeak, artikuluak, kritikak eta abarrak irakurri ahal izango dira bertan, eta arte-ekoizpena ere argitaratuko dute. Ez edozein arte-ekoizpen, ordea. EKIDA ez da arte-munduan gaur egun nagusi den merkatu-logikari erantzuteko jaio, ez du artisten interes pertsonalak betetzea bilatzen, haien lanekin antolakuntza komunista eta proletalgoaren iraultza-grina elikatzea baizik. Artistak arte sozialista bat sortzera bultzatu nahi ditu ekimenak, posizio komunista bati erantzungo dioten arte-espresioak sortzera. Hain zuzen, horregatik «ekida» izena: eraikin bat delako, borondate sozialistadun artistek elkar topatzeko espazio bat, zeina, era berean, proletalgo iraultzaileari dagozkion arte-formak ekidatzeko –erakitzeko, sortzeko– baliabide eraginkorra izango baita.

Antolakuntza komunistak, osotasun kapitalista gainditu dezakeen forma politiko bakarrak, esparru sozial guztiak politizatu eta antolatu beharra dauka, eta kultura eta artea ez dira inoiz salbuespenak izan. Horren adibide dira esparru horietan egon izan diren esperientzia iraultzaileak, sozialismoaren tradizio politikoan etengabe kulturaren gaiari heldu izana edo artista komunistek egindako ekarpenak, besteak beste. Zentzu horretan, esan liteke proletalgo komunistak badituela kulturari dagozkion eginbeharrak ere: gizarte burgesari berezko zaizkion etika eta ulerkerekiko independenteki jokatu beharra dauka, kultura politiko sendo bati diziplinaz eutsi. Kosmobisio komunistari, alegia, osotasun kapitalistarekiko antagonikoa den forma kulturalari. Mugimendu sozialista gazteak orain arte asmatu du alderdi horretan zeukan lan gaitzarekin, porrot-garaietan kultura militante sendo bat osatzen, diziplinaz heldu diona berriz proletalgoaren proiektu historikoari. Lorpen kultural horiek izan beharko dute islarik arte-esparruan ere, eta EKIDA horiexek garatu asmoz sortu da, besteak beste.

Kultur munduan gaur egun aurkitzen dugun despolitizazio orokorraren aurrean, bestelako asmo batzuekin sortu da EKIDA: kulturari dagozkion gaiak problematizatzea eta iraultza sozialistarekin konprometitutako arte-ekoizpena sustatzea. Aurretik mugimendu komunistan beste askok egindakoak gogoan, hortik egin nahi luke bere ekarpen xumea.