Kontsigna ohikoena aurten «antolakuntza komunista» izan da. Eta hori, antolakuntza komunista, COVID-19a dela eta denbora luzez indarrean izan diren neurri sozial eta politikoei eman nahi izan zaien aterabide militantea da, Mugimendu Sozialistako antolakundeek isolamendu sozialaren, mendekotasun politikoaren eta basakeria kapitalistaren kontra aldarrikatu dutena. Neurriok, ordea, ez dute antolakuntza komunistaren premia agortzen; indargabetzean ere izango da elkarrekin antolatzeko eta militatzen jarraitzeko beharrik. Izan ere, borondate iraultzailea gorpuztu dadin behar-beharrezkoa da antolakuntza komunista, osterantzean gorputzik gabeko borondate soila litzateke komunismoa. Ezereza. Edo hilda legoke. Militantziarik edo konpromiso politikorik gabe dirauen borondate iraultzailerik bada, teorizista izango da seguruenik eta ez die proletariotzaren unean uneko arazoei balio etikorik, politikorik eta estrategikorik aitortuko. Antolakuntza komunistara dei egin diguten antolakundeek, aitzitik, une honen larritasunaz jabetuta, testuinguru honetaz gaindi ere zentzua duen proposamen unibertsal bat egin digute, nahiz eta xumea eta euren indarren neurrikoa izan. Antolakuntza komunista, horrexegatik, garai ezohiko honi aurre egiteko modu bat izan da, baina bada, horretaz gain, aurrerantzean ere borrokan jarraitzeko bidea.
Behinola idatzi zuen Leninek iraultza egin baino, antolatu egiten dela. Horrekin zera esan nahi zuen Leninek: iraultzaren patua gure eskutan dela eta eskuak zikindu behar direla historiak norabide bat edo beste har dezan. Alegia, Leninek azpimarratu nahi zuen garapen historiko hutsak ez duela zertan, berariaz, iraultza komunistarik ekarri. Prozesu iraultzaileak kontzientea eta hausnartua behar du izan Leninen aburuz: epe luzeko diseinu estrategikoa eta unean uneko agindu taktikoak propioak zaizkio iraultzari, prozedurak formalizatu eta funtzionamenduak instituzionalizatu behar dira prozesu iraultzailean zehar, koadro politikoak eta arduradunak izendatzea ezinbestekoa da, antolaketa eredu konplexuak asmatu behar dituzte militanteek, baita legedi berriak idatzi ere. Oro har, gizarte eredu berri bat sortu behar du iraultza komunistak, gaurdanik antolatzen hasi behar den gizarte eredua. Alabaina, Leninek argi zuen politikoak direla komuniston antolakundeak, hau da, burgesia borrokatzeko eta zanpatzeko indartzen den klase antolakuntza dela komunistena. Halaxe, gaurdanik antolatzen dugun horrek ez du etorkizuneko gizarte komunistaren (aske eta oparoaren) isla zuzena izan behar, haren jatorri historikoa eta izateko aukera baizik. Klase borroka egiteko antolakuntza politikoa da, beraz, antolakuntza komunista, baina bere baitan nahitaezko elementu material bat daramana, zeina hori gabe ez bailuke klase etsaia borrokatzerik izango.
Antolakuntza politikoak edo komunistak eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikoak prozesu iraultzaile bat eta bera osatzen dute. Biak dira iraultzaren aldagaiak. Horregatik da horren garrantzitsua bizi- eta ekonomia-baliabide ezberdinen jabetze sozialista, borondate iraultzailea gorpuztu eta antolakuntza militantea egonkortzen baitute. Ekoizpen-prozesuaren antolaketa sozialistarik gabe, bizi-baliabide ezberdinen kontrola ukan ezean edota komunikazio-, teoria-, logistika- zein autodefentsa-baliabideak gure egin artean, antolakuntza politikoa iritzi jakin batzuen bueltan batzen den jendarte soila izango da. Gasteizen okupatutako Zentro Sozialistak, horrenbestez, Euskal Herriko antolakuntza komunista egonkortzeko eta indartzeko balio lezake, egin beharreko bidea hori da, behintzat.