AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Eztabaidaezina da GKSk eta IAk antolatu berri duten Gazte Topagune Sozialistaren arrakasta; baita haren garrantzia ere. Jazotakoa gutxiesteko ahaleginetan dabiltzan horiek, ordea, Altsasun batu zen gazteriari, gazte kopuruari alegia, egin diezaiokete aipamenen bat eta, halaxe, 1.500-2.000 gazteren multzoari esangurarik gabea iritz diezaiokete. Inork ezereztzat jo arren, bertan batu ginenak asko gara: Altsasun elkartutako gazte kopuruaren garrantzia demografikoa bainoago, politikoa da eta. Esan nahi baita, ez dela gauza bera 1.500-2.000 gazte hondartza batean, 1.500-2.000 gazte youtuber baten streamingean konektaturik, 1.500-2.000 gazte selektibitatea egiten edota modako traperoen kontzertuetan txaloka, eta 1.500-2.000 gazte antolakuntza komunistaz eta iraultza-programa sozialistaz berriketan, arduraturik, adi…  Berez, aipatu 1.500-2.000 multzo horiek ez dira gauza bera, elkarrengandik ezberdinak dira denak. Baina baditugu bostak bi multzo zabalagotan sailkatzerik: lehenengo lau adibideen balio politikoa negatiboa da, azken adibidea, aldiz, baliteke Euskal Herrian azken urteetan jazo den gertakizun politiko garrantzitsuena izatea (positiboa).

Luze jo gabe, indar handiz eta kementsu gorpuztu da Mugimendu Sozialistaren hautua Euskal Herrian; eta horren isla da Gazte Topagune Sozialista, horretan datza bere garrantzia. Izan ere Topagunea ezohikoa izan da erabat: a) 90eko hamarkadaz geroztik, gainbeheran egon da komunismoa Europan eta, geroztik, mugimendu iraultzailerik izan bada ere, gutxik egin dute bat (publikoki bederen) horren argi printzipio komunistekin; b) azken hamarkadetan komunismoarekin lerratu diren antolakunde eta eragileek ez dute hedapen handirik izan, eta are murritzagoa izan da euren hazkundea gazte belaunaldi berrietan; c) gazte antolakundeen diskurtsoa inoiz baino moderatuagoa eta erreformistagoa den garaiotan GKSk Europa mailako gazte antolakunde sozialista handienetako bat irudi du, zeinak, gainera, ideologia komunista trinkoa baitauka; d) Topagunean Mugimendu Sozialistako kideek egindako komunismoaren balorazio historikoa eta aurkeztutako estrategia eta programa sozialista oso sakonak izan ziren, eta, horrez gain, elementu berritzaile asko mahaigaineratu zituzten haien hitzaldietan. Berriz ere mamu bat dabil Europan zehar, komunismoaren mamua, eta berpizkunde komunista horren adierazle da Gazte Topagune Sozialista; ezin daitekeena gaitzetsi, ezta gutxietsi ere, antikomunista izan gabe.