AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Heriotza du zenbaitek egunotan buruan, bada larri dagoenik-eta. Baina azken asteko gertakariek, zendu daitezkeen gaixoez ari bagara, ez diote ezer garbirik Covid-19az: ez haren jatorri eta bilakaera sozial zein biologikoaz, ezta haren gaitasun birikoaz ere. Arduradun publikoek jakitera eman duten informazioak ez digu balio, izan ere, ez diote askorik eta komunikabide gehienek, sadismoz edo klase burgoikeriaz, eguneratu ohi dituzten datuak ezin ditugu ezagutza estatistikotzat hartu. Heriotza zuzenaz ezer gutxi daki bizirik denak eta Covid-19 delakoak inori ekar diezaiokeen heriotza ere ezjakintasunean bizi dugu besteok. Alabaina, birusaren aukera edo mehatxuarekin batera, heriotza dakarren bizimoduaren inposizioa aurrez-aurre azaldu zaigu langileoi: soldatapeko lanaren ageriko esklabutza, alegia. Esklabutza, bai, langileok ez baitugu lanaz gaindi askatasun zibilik eta, gainera, burgesiaren ekoizpen-bideen menpeko baikara. Hau da, lanera ez doan horrek etxean behar du gordea edo osasun neurriak direla-eta ez lukeenak lanik egin behar, lanean da, Jaurlaritzak agindu baitio. Halako egoeretan, honenbestez, argi antzeman daiteke ongizate-estatu europarretako mandatariek azken hamarkadetan goraipatu izan duten osasun-zerbitzuak zeinen despotikoak diren: burgesiarentzat langileriaren osasuna lan-indar merkantziaren eraginkortasuna ziurta dezakeen bitarteko hutsa da; beraz, gure ongizateak, berak, burgesei ez die batere ardura. Covid-19ak ez duenez osasun larrialdia mugatua ekarri, eta zorigaitzak ez baitio soilik ekonomiari eragin, klase-borrokak (gertakari sozialen ulerkera marko legez) izan dezakeen balio zientifikoari heltzea dagokigu. Krisialdiaren klase-arrazoiei, kausazkoei zein interes bereiziek asmotzat dituztenei, politika gatazken bidez iritzi behar zaie-eta.

Aitzitik, tradizio komunistaren askatasun-politiko deseinuak indarra gal lezake ez-ohiko ekonomia egoeretan, horren baitira latzak langile askoren bizi baldintzak, ezen burgesiaren diktadura ekonomikoaren egokitzapen prozesua gure egin genezakeen. Bada, langileriaren indar-iraultzaileari berehalako premien alderdi ekonomikoa gailen dakieke horrelakoetan. Krisialdiek, berez, ez dute-eta zertan langileriaren borondate iraultzailea areagotu; halakorik suerta dadin, krisialdiak sortu berri dituen baldintza ekonomikoei aterabide errealak kontrajartzeko gaitasuna izan beharko luke programa komunistak. Eta hein batean, izan, baditugu. Konfinamendu egunotan, bederen, gogor heldu behar dio bakoitzak bere konpromezu militanteari, plusbalio ekoizpena mantendu eta langileriaren antolakuntza zein borroka aukerak galarazi asmotan dabiltza-eta estatu burgesak: proletarizazio uneak baitira huek, klase ofentsiba nabarmena abiarazi dute; langileria isolatu eta lanaren gaineko zapalkuntza, dominazio-sistema bera, mundu mailako ekonomia-baldintza berrien arabera instituzionalizatzeko ahaleginak dira guzti hauek. Bitartean, “gizarte-talka egitasmo” deritzo krisialdiaren konponbide kapitalistari espainiar gobernuak eta, ezein egiazko klase-ezberdintasunik aitortu gabe, delako aterabide bateratu horrekin konpromezua har dezaten galdegin die gainontzeko alderdiei; eta, antza, lortu ere. Nork uka lezake, dagoeneko, langileriaren alde ari omen diren alderdi erreformisten noraeza eta subordinazioa: alderdi hauek, baita Euskal Herrikoak ere, estatu-espainiar eta frantziar burgesekin berdinduak azaldu zaizkigu, gauza bera legez; izan ere, burgesiaren diktadura ekonomikoari helduta zaintza lanetan ari baitira, egunotako ez-ohiko egoera militarizatua ahalbidetu eta soldatapeko lanaren disziplinari men egin diote, berriz ere. Ez zarete zuek, erreformista eta kolaborazionistak, egunotako larrialdi ekonomikoaz jakitun diren bakarrak, guk ere bizi baitugu ofentsiba. Zuen politikei zuzentzen diegun kritika zorrotzak ez ditu kaltetuak ahazten, ez gara ezerezaren apologetak. Eragin dezakezuen hondamendia definitu besterik ez dugu egin (humorea zilegi da, ezta?); artean, lekuan-leku, (zelatariak ekidin badaitezke) posible den herri eta auzoetan, lan-ohitura militantea moldatu, baina programa iraultzailea burutzen segi dezagun komunistok.