AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

(Itzulpena)

Indarra eta ohorea egun hauetan borroka aukera muturreraino eraman duten Patxi Ruiz eta gainontzeko presoentzat. Haien familia eta lagunei, gure babes eta errespetu zintzoena. Babesgabetasun higuingarrienari, eta honi dagokion axolagabekeria orokortuari, elkartasun eta salaketa keinu esanguratsuak kontrajarri zaizkio. Salbuespen egoera autoritario honen neurri murriztaileak saihestuz, “hemen ez da ezer gertatzen” dioen baretasun publikoa ezeztatzea lortu dute, zeinak langile klasea menpean duen krudelkeria estaltzen duen. Espetxeratuek hasitako borroka hauek zein hauek babesteko aurrera eramandakoek, amnistia barnebiltzen duen estrategia politiko baten beharra eta urgentzia berresten dute, indar korrelazio baten nahitaezko emaitza modura. Hau da, amnistia garapen estrategikoaren nahitaezko momentu modura, edota erdietsi beharreko programako helburu gisa ulertuko duena. . Helburu handiagoek indar handiagoa eskatzen dutenez amnistiak prozesu politiko baten izaera erreala argitu dezake, eta burutu den terminoen arabera baita hartu duen norabidea determinatu ere. Hala eta guztiz ere, preso politiko guztiei, eta bakoitzaren ezaugarri indibidualei, arrakastaz erantzungo dien amnistia exijentzia bakarra klase etsaiari inposaketa zuzen bidez eginikoa izango da, eta horrenbestez, prozesu iraultzaile batek ekarriko duena.

Euskal Herriko testuinguru politikoan ezin da sozialismoaz hitz egin amnistiaren aldarrikapenari izaera programatiko bat eman gabe, eta Estatu progresista baten kimera burgesak ez du preso politikoekiko inolako bermerik eskaintzen. Euskal Estatu Sozialista baten eraikuntza prozesuak, Euskal Herrian proletariotzaren diktaduraren territorializazioaren aldeko borrokak askatu ahal izango ditu preso politikoak inolako deriba politikorik gabe (eta menperakuntza moralik gabe). Beraz, kontuak garaipen politikoarekin lotutako amnistiaren ulerkera zahar hori berreskuratzean datza, argi izanda, eta kartzela barruan edo kanpoan egotearen desberdintasun handia salbuetsita, euskal langile klasearentzat ez dela askapen prozesu errealik egongo presoak gure kabuz askatzeko gaitasunik eskuratu ezean. Hots, langile klasearen askatasun politikoak, baita komunitate bereiztu modura bizitzeko borondate nazionalari dagokionak ere, burgesiaren presondegietan bahituta nekez bizi direnak gure kaleetara ekartzeko indarra inplikatzen du nahitaez. Hala ez izatekotan, eskaintzen zaien askatasun zibila kartzelara eraman zituen berbera izango da. Egun hauetan esperientzia gordin lekuko edo partaide izan gara, zeinak argi uzten duen haren motibo edo arrazoien arabera ez dela berdin baloratzen bizitza galtzeko arriskua: gaixo batekiko sinpatia (argi eta garbi uzteko, ez dugu gertaera hau gutxietsi nahi) sozialki zabala den bitartean, arrazoi nobleenen alde bere ahorakina eten duen horren heriotza arriskua ez da apenas aitortzen. Bada erabaki pertsonal honen sozializazio eta protesta erantzunak gaitzetsi dituenik ere.

Inoperantzia harrokeriaz agertzen zaigun garai hauetan, Patxi eta gainontzekoak, guztioi eragiten diguten eskubide politikoen alde bizitza arriskatu dutenak, borondate iraultzaile menderaezin baten eredu dira. Zinez tristea da printzipio iraultzailearen beharrizana hainbeste sufrimendurekin batera azaltzea.