Pobreziaz eta aberastasunaz hitz egin zuen atzo (larunbata) Gara egunkariak bere editorialean. Hiru dira sententzia nagusienak: 1) ekonomiaren gorakada eta aberastasunaren hazkuntza ezin da pobreziaren eta lan prekarioaren hazkuntzarekin lagunduta etorri; 2) pribilegiatuen talde bati ezin zaio hazkuntza ekonomikoaren dibidendu guztiak bereganatzen utzi; 3) aberastasuna hobeto banatu behar da. Hori guztia, sistema kapitalistaren ideologizaziorako oinarrizkoak diren kategoriez –prekarietatea, ongizatea…- eta moralismoez –sentsibilitate eza…- baliatuta. Azkeneko hauen inguruan lehenagoko editorial batetan aritu ginen. Gaur aipatu hiru puntuetan zentratuko gara.
Analisia egiteko Eusko Jaurlaritzak 2018an egindako Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen inkestan jasotako datuak erabiltzen ditu Garak. Datu ororekin gertatzen den bezala, bertan egiten den ordenazioak eta kategorizazioak intentzionalitate eta interpretatzeko modu bat inposatzen dute. Bada, ezinezko egiten dute haiengandik haratago pentsatzea, klase posizio sozialista batetik egin dezakegun gauza bakarra haien artikulazio-sistemaren gaineko kritika negatiboa delarik.
Ekonomia kapitalistaren suspertzea eta aberastasun kapitalistaren hazkuntzak inplikazio desberdinak ditu. Horietako bat da haien ezinezkotasuna beste aldean pobrezia ekoizten ez bada. Kapitalak, kapital izateko, pobrezia ekoiztu behar du, ezinbestean. Hau bi formatan agertzen da: erlatiboki eta absolutuki. Lehenak ekoizpen kapitalistari berariazkoa zaion fundamentua azaleratzen du –klase kontraesana-, klase ertainaren administrazio politika burgesari ikusezin egiten zaiona. Bigarrena lehenaren mugetan egiten zaio nabarmen klase ertainari berari. Izan ere, pobrezia erlatiboaren azaleratzeak burgesiaren boterearen fundamentuaren azaleratzea inplikatzen du, hau da, langile klasea menderatzeko beharrezkoa duen boterearen ekoizpenaren oinarria errezel ideologikotik biluzten du; pobrezia absolutuak, kontrara, jopuntua sistema kapitalistan bertan jarri ordez, haren administrazioan jartzeko aukera ematen du, botere dinamikaren erreprodukzioaren etenaldian ezkutatu ezin den gordintasun osoz agertzen delarik. Pobreziaren estatistika erlatiboki lantzen bada, hau da, aberastasunarekin harremanean, pobrezia absolutuaren aurkako posiziotik da, harekiko menpekotasunean, eta ez alderantziz. Ez baita sistema kapitalista arazoa, haren gestoreak baizik: hala aldarrikatzen du sozialdemokraziak bere ordua iritsi dela.
Honek, ordea, muga objektiboak eta subjektiboak ditu eta zirkulu zikoitz batetara garamatza: kapitalaren ekoizpenari ezinbestekoa bazaio pobreziaren ekoizpena, pobreziaren aurkako aberastasunaren banaketaren aldeko politikek ezinezko egiten dute aberastasunaren ekoizpena. Muga objektiboa kapitalaren akumulazio beharretan aurkitzen da: administrazio burgesaren bitartez zeharkako soldata handitzen bada –proletalgoarentzako prestazio sozialekin kasu- ekonomia kapitalistari suspertzeko gaitasunak ezabatzen zaizkio, berriz ere geldiunera eramanez. Izan ere, ekonomia kapitalistaren fundamentua klase boterearen ekoizpena da; gaitasun hori ezabatuta, ekoizpen dinamika osoa eten egiten da.
Muga subjektiboa, aldiz, ideologia burgesean aurkitzen da: merkantzien elkartrukeen lege justuaren edota justiziaren haustura eta gizarte kapitalistaren barneko konfrontazio ideologiko hutsalaren elikatzea, sistema bera gainditu behar duen subjektuari ebatzi ezineko mugak ezarriz, batasuna ezinezko bilakatzeraino.
Garak uste duenaren aurka, ekonomia kapitalistaren gorakada ezin da, beraz, pobrezia eta lan prekarioaren hazkuntzarik gabe gertatu. Hortaz, Garak isolatuki hartu eta mekanikoki, ausazko mugimendua bailitzan batzen dituen datuak –aberastasuna eta pobrezia-, ezinbesteko batasunean aztertu behar dira, sistema kapitalistaren dinamika ulertu nahi bada. Pobrezia ez delako administrazio burgesaren gestoreen emaitza, Gararen editorialak berak legitimatzen duen aberastasunaren ekoizpen dinamika objektiboarena baizik. Ezin da, beraz, aberastasunaren forma burgesa bermatu, pobrezia bermatu gabe; eta ezin da ekoiztutako aberastasunaren datua baliatu pobrezia desagerrarazi behar dela defendatzeko, pobreziaren desagerpenak ezinbestean aberastasun kapitalistaren desagerpena eskatzen baitu. Kritika, beraz, pobreziari ez ezik, aberastasunari berari egin behar zaio eta, noski, haren banaketaren aldeko politikei.
Aberastasuna eta pobreziaren ekoizpen dinamika objektiboa Garak pribilegioen teoria subjektibistarekin ordezkatzen du. Hau da, botere dinamika osoa, klase menderakuntza idealizatu egiten du kapitala zirkulazio sinplearen esferan sortzen den fenomeno gisa ezaugarrituz. Fenomeno horrek kutsu guztiz ideologikoa dauka: moralista da erraietaraino. Honela, ezbaian jartzen den gauza bakarra kapitalismoarekiko dagoen ikuspegia da, merkantzien elkartrukean agindu behar duen lege moralista –asistentzialismoa, karitatea… finean, desberdinak diren balioen elkartrukea-, eta ez dinamika objektibo osoa.
Dena prest dago, bada, kapitalismoaren biziraupena bermatzeko, nahikoa da gestio politika zuzenak sustatzea. Hori da banaketa-politiken atzean ezkutatzen den klase posizioa: proletalgoarentzat miseria iraunkorra eta klase ertainarentzat pribilegioa.