«I. Internazionalak etorkizuneko garapena aurreikusi eta bidea prestatu zuen, eta II. Internazionalak milioika proletario bildu eta antolatu zituen. Bada, III. Internazionala masen ekintzaren Internazionala izango da, iraultzak egikaritzeko Internazionala» - Internazional Komunistaren Manifestua mundu osoko proletarioei
Hirugarren Internazional Komunistaren lehen lau biltzarretan (1919-1922), hau da, artean Lenin bizirik zegoela egindako tesi eta ebazpenek izugarrizko garrantzi estrategikoa izan zuten, eta atzetik datorren guztia epilogo luze bat besterik ez dela baieztatzen du E. H. Carr historialak[1]. Internazional Sozialista birsortzeko lehen saiakerak, hala eta guztiz ere, malkartsuak izan ziren: 1919ra arte itxaron behar izan zen mugimendu sozialista iraultzaileak, Urriko Iraultzaren babesean eta munduko iraultza sozialista bultzatzeko helburuarekin, Hirugarren Internazionala sor zezan.
XIX. mendearen hasieran, ortzi-muga itxaropentsua zen zinez, baina, I. Mundu Gerra piztu bezain laster, eten egin zen langileen erakundeen hazkunde ikusgarri hura. Izan ere, Bigarren Internazionalean sartutako alderdi sozialdemokratek beren burgesia nazionalen interes militarrak babestu zituzten, eta horrek behin betiko hondatu zuen estrategia sozialista internazionalistaren garapena. Gerrak ondorio tamalgarriak izan zituen, odolustu egin zuten proletalgo europarra, eta Errusian boterea boltxebikeek hartzeak bereziki areagotu zituen erreformisten eta iraultzaileen arteko tentsioak. Hala, testuinguru politikoa erabat eraldatu zen, eta langile mugimendu sozialdemokrata hirutan zatitu zen. Batetik, gehiengoak osaturiko taldea zegoen (sozialdemokrazia alemaniarra buru zuena): Batasun Sakratuari[2] atxiki zitzaion eta Bigarren Internazionalarekiko leialtasuna mantendu zuen. Bestetik, zentristak zeuden: Kautsky zuten buru, eta Bigarren Internazionala berreraikitzearen alde zeuden. Azkenik, haren ezker hegaleko internazionalistak zeuden: gutxiengoa ziren, eta talde hori osatzen zuten Errusiako boltxebikeek eta gerra aurretik proletariotza iraultzailearen zereginen inguruan jarrera marxista izandakoek[3]. Azken horiek Bigarren Internazionalarekin hautsi nahi zuten, eta estrategia internazionalistaren defentsa egingo zuen berri bat sortu. Boltxebikeentzat, Bigarren Internazionalaren kolapsoa sozialdemokraziaren zati handi batek hasitako erreformismorako bidearen ondorio logikoa baino ez zen:
“Oportunistak aspalditik ari ziren kolapso horretarako eremua prestatzen: iraultza sozialistari uko egin zioten, abertzaletasunaren eta aberriaren defentsaren maskara jarrita erreformismo burgesarekin ordezkatu zuten, (...) eta parlamentarismo eta legezkotasun burgesaren beharra fetitxe bihurtu zuten[4].”
Leninek onartzen zuen II. Internazionalak ezinbesteko lana egin zuela langileen antolakuntzan; edonola ere, buruzagien chauvinismoa eta oportunismoa salatu zituen. Era berean, legezkotasun burgesari uko egiteko eta gatazka inperialista borroka iraultzaile bihurtzeko beharra aldarrikatu zuen. 1915eko maiatzetik eta ekainera bitartean, Leninek II. Internazionalaren porrota argitaratu zuen. Testu horretan, gogor egiten zuen gerra-kredituak bozkatu zituzten alderdi sozialisten jarrera aldaketaren aurka: "Antolakuntza iraultzailera igarotzea ezinbestekoa da. Egoera historikoaren aldaketak berak exijitzen du[5].”
Zentristen edo bakezaleen eta iraultzaileen arteko eztabaida Zimmerwalden eta Kienthalen biltzarretan agertu zen berriz ere. Biltzar horietan ordezkaritza boltxebike bat egon zen, eta, sozialdemokraziaren hegal iraultzaileak Internazional berri bat eratzearen aldeko apustu sendoa egin bazuen ere, aurrerapen partzialak baino ez ziren lortu, partaide zentrista batzuen jarrera zalantzatia zela eta[6]. 1916ko apirilean egin zen Kienthalen biltzarra, eta, iraultzaren aldeko tesiak nagusi ez izan arren, erradikaltasun handiagoa lortu zen: bai tonuari dagokionez, bai sarraskiaren erantzuleei egindako salaketei dagokienez ere (hala nola sektore oportunistei egindakoak)[7].
Bi biltzarrok berebiziko garrantzia izan zuten; izan ere, haien balio sinbolikotik haratago (gerra gaitzesteko nazioarteko lehen bilera marxistak izan ziren), geroago Hirugarren Internazionala sortzeko oinarriak ezarri zituzten. Hirugarren Internazional horren eginkizuna izan zen, aurrerago Leninek berak azaldu zuen bezala, praktikan jartzea Kautskyk iragazi gabeko marxismoaren aginduak eta errealitate bihurtzea proletarioen diktadura nazioarteko mailan.
Alderdi boltxebikeak gidatutako iraultza sozialista garaile izan zen Errusian, eta garaipen horrek agertoki berri bat ireki zuen: botere politikoa erdiesteak baldintza onuragarriak jarri zituen nazioarteko erakunde berri bat sortzeko, eta borroka politikoen kapitulu berri bat berpiztu zuen, non matxinada Errusiaren mugetatik haratago hedatu baitzen. Gerrak eta goseak errausturik gelditu zen Europa, eta, garai horretan, grebak, desertzioak, matxinadak eta protestak izan ziren nagusi. Horren erakusgarri izan zen Alemaniako altxamendu espartakista: altxamendua 1918ko amaieran hasi zen eratzen, eta Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht buruzagien hilketa izugarriarekin amaitu zen (gobernu sozialdemokrataren aginduetara zeuden agente kontrairaultzaileek erail zituzten). Europa osoan zehar hedatutako matxinadei jarraikiz, zatiketa politiko ugari gertatu ziren, eta eragina izan zuten herrialde sozialdemokrata nagusietan. Boltxebikeek boterea hartu izanak anbiguotasunik gabeko posizioak hartzera behartu zituen alderdi sozialdemokratak. Ondorioz, bi joera bereizi ziren: alde batean alderdi sozialdemokrata zaharrak geratu ziren, elementu iraultzaileetatik "garbiak", eta, bestean "Zimmerwaldeko ezkerra" deituriko taldea, boltxebikeak, espartakista alemaniarrak, tribunista holandarrak eta beste talde minoritario batzuk biltzen zituena.
Boltxebikeek boterea hartu izanak anbiguotasunik gabeko posizioak hartzera behartu zituen alderdi sozialdemokratak
1919ko urtarrilaren 24rako, Errusiako Alderdi Komunistaren Komite Zentralak nazioarteko biltzar bat deitu zuen, Internazionala sortzeko lehen urratsak emateko helburuarekin. Ordurako, Alemaniako delegazio espartakistaren ordezkaritzak Alemaniako Alderdi Komunista (KPD) izena zuen, eta Eberlein izan zen haren delegatua biltzarrean. KPDk Rosa Luxemburgen hilketaren aurretik adostutako agindu bat defendatu zuen Eberleinek: biltzarrak Internazionala prestatzeko balio behar zuela, ez hura eratzeko. Horren aurrean, boltxebikeak malgu agertu ziren, eta Eberlein konbentzitzen saiatu ziren, ez baitzuten Internazional Komunista KPDren aurkako botoarekin onetsi nahi. Edonola ere, Steinhardten etorrerak, egun bat geroago, egoera aldatu zuen: baikor azaldu zuen Vienan iraultzak irabaziko zuela berehala. Eberleinen abstentzioa gorabehera, biltzarra kongresu gisa eratu zen, eta Hirugarren Internazionala sortu zen. Internazional Komunista (IK) ere deitzen zaio, edo, errusieraz, Komintern, eta zazpi nazioarteko biltzar izan zituen indarrean egon zen aldian, 1943ra arte. Nahiz eta, aurrekoen oinordetza jasoz, Hirugarren Internazionala izendapenetik abiatu ziren, "Internazional Sozialdemokrata" ospegabearen aurrean Internazional benetan komunista bat eratzeko asmoa zuen, bai eta hura eratu zuten alderdiak haren sekzio bihurtzekoa ere.
Lenin bizirik zela egindako lehen lau biltzarretan finkatu ziren programa komunistaren oinarrizko printzipioak, eta eztabaida nagusiak honako hauek izan ziren: antolakuntzari zegozkion egitekoak, "proletalgoaren diktaduraren" definizioa, fronte bakarraren taktika eta borroka antiinperialistaren estrategia. Lehenengo lau biltzarretan handituz joan ziren bai asanbladaren beraren tamaina, bai haren garrantzia; hala, lehen biltzarrak, 1919koak, 33 herrialdetako 51 ordezkari izan zituen, eta laugarrenak, 1922koak, 61 herrialdetako 408 ordezkari. Garrantzitsua da azpimarratzea III. Internazionala ez zela soilik alderdi eta langile-erakunde nazionalen elkartze bat, baizik eta nazioarteko proletarioen Alderdi Komunista gisa jarduten zuela. Haren asmoa mundu mailako mugimendu politiko bat eratzea zen, erdigunetik zuzentzen zena eta klase-borrokaren azterketa elkarlotuan oinarritutako ekintza-plan global batera bideratzen zena.
III. Internazionala ez zen soilik alderdi eta langile-erakunde nazionalen elkartze bat, baizik eta nazioarteko proletarioen Alderdi Komunista gisa jarduten zuen
Hirugarren Internazionalaren lehen biltzarrean, Leninek demokrazia burgesari aurre egiteko eta proletarioen diktadura gauzatzeko beharra defendatu zuen, eta botere politikoa konkistatzeko jarraibideak eman zizkien alderdi komunistei:
“III. Internazionalaren, hau da, Internazional Komunistaren garrantzi historiko unibertsala Marxen kontsigna garrantzitsuena praktikan jartzea da. Kontsigna hori sozialismoaren eta langile-mugimenduaren mendetako garapena da, kontzeptu honek definitzen duena: proletalgoaren diktadura[8].”
Leninek demokrazia burgesari aurre egiteko eta proletarioen diktadura gauzatzeko beharra defendatu zuen, eta botere politikoa konkistatzeko jarraibideak eman zizkien alderdi komunistei
1919ko udaberriaren eta 1920ko udaren artean, izaera sozialista eta antiinperialistako grebak eta iraultza-hasierak izan ziren Europan eta kolonietan. Gertakari horien eraginez, iraultza-itxaropeneko giroa zabaldu zen: sozialismoa zen kontzebitu zitekeen etorkizun bakarra. Hala ere, gerran borrokatu ziren herrialdeetako alderdi sozialdemokratak Bigarren Internazionala suspertzen ahalegintzen ari ziren (Bernako Biltzarra 1919an, Genevako Biltzarra 1920an); europar ordena berria indartu zuten Versaillesko biltzarraren bidez, eta jarrera kontrairaultzailea hartu zuten, grebak eta langileen borrokak indargabetu baitzituzten.
Bigarren biltzarra 1920ko uztaila eta abuztua bitartean egin zen, oso bestelako testuinguruan: Bavariako eta Hungariako Kontseiluen Errepublikak aldarrikatu eta porrot egin zuten; Alemanian, langileak garaile atera ziren Kappen putscharen aurrean, eta Ruhr eskualdean ere altxamenduak izan ziren kontseilu-errepublika bat antolatzen saiatzeko; armada gorria ere aurrera zihoan, eta, tropa poloniarrak geldiarazi ondoren, erasoaldira igaro zen[9]. Hala, bigarren biltzar horretan, parte hartzea masiboa izan zen, eta Europako mendebaldeko masa-alderdi gehienak batu ziren. Deialdi arrakastatsu horren ondorioz, Leninek, Zinovievek eta Trotskyk 21 puntuko dokumentu bat gehitu zuten biltzarraren agendan: herrialdeei Internazionala osatzeko onartu behar zituzten baldintza batzuk aurkezten zitzaizkien, eta, haiek onartuta, haren sekzio nazional izatera pasatuko ziren. Hauek ziren programa-puntuak, Internazionalean onartuak izan aurretik bete behar zituztenak alderdiek: Internazionalaren akordioei men egitea, oportunismoarekin haustea, Alderdiaren Komite Zentralaren mendeko aparatu klandestino bat sortzea, agitazio- eta propaganda-lan sistematikoak abiaraztea eta kolonien autodeterminazio-eskubidea eta askapenerako mugimenduak aitortzea. Beraz, batetik, Europako potentziek I. Mundu Gerrari amaiera eman zioten Versaillesko Itunaren bidez, eta lurralde-banaketa berri bat legeztatu zuten, eta, bestetik, herrialde kapitalistetako langile- eta nekazari-masak kolonietako langileekin batzeko beharra azpimarratu zuen Kominternek.
Europako potentziek I. Mundu Gerrari amaiera eman zioten Versaillesko Itunaren bidez, eta lurralde-banaketa berri bat legeztatu zuten, eta, bestetik, herrialde kapitalistetako langile- eta nekazari-masak kolonietako langileekin batzeko beharra azpimarratu zuen Kominternek
1923. urtea erabakigarria izan zen Internazional Komunistarentzat. Salbuespenezko iraultza-egoera baten aurrean, Alemaniako Alderdi Komunistak porrot egin zuen, Hanburgoko altxamendu matxinatuaren errepresioaren ondorioz. Errusian (Europako potentzia ahulenean) arrakasta izan zuen iraultza-ereduak zailtasun handiak izan zituen herrialde kapitalista garatuetan: potentzial iraultzaileak aurre egin behar izan zien bai estatuaren botere-aparatuari, baita langileen artean tradizio eta ezarpen zabala zuten erakunde sozialdemokratei ere. Perspektiba-aldaketa berria Leninen 1920ko idazkietan ageri da, adierazten baitu masak apatiko zeudela ordurako:
“Herrialde kapitalistetako iraultzaren abiadura eta garapen-erritmoa gurea baino askoz motelagoa da. Argi zegoen herriek bakea lortzen zutenean mugimendu iraultzailea gutxitu egingo zela ezinbestean. Ezin dugu jakin, eta inork ezin du aldez aurretik jakin, noiz lehertuko den han benetako iraultza proletarioa, eta zein kausa berehalakok iratzarriko, piztuko eta borrokara bultzatuko dituen gaur egun lo dauden masa zabalak. Horregatik da gure betebeharra prestaketalana egitea[10].”
Errusian (Europako potentzia ahulenean) arrakasta izan zuen iraultza-ereduak zailtasun handiak izan zituen herrialde kapitalista garatuetan: potentzial iraultzaileak aurre egin behar izan zien bai estatuaren botere-aparatuari, baita langileen artean tradizio eta ezarpen zabala zuten erakunde sozialdemokratei ere
ERREFERENTZIAK
[1] Carr, E. H., Historia de la Rusia Soviética. La Revolución Bolchevique (1917-1923). 3 la Rusia Soviética y el mundo, Alianza, Madrid, 1985.
[2] Batasun Sakratuak su-eten bat zekarren babesa ematen zioten alderdi politikoen artean, non alderdiek I. Mundu Gerraren garapenean gobernuaren aurka ez egiteko eta grebak ez hasteko konpromisoa hartzen zuten.
[3] Stuttgarteko biltzarreko militarismoari buruzko ebazpena. 1907ko abuztuaren 1etik 24ra Stuttgarten ospatutako Bigarren Internazionalaren Zazpigarren biltzarra.
[4] LENIN, V.I, Obras Completas, XXI lib., Akal,
[5] LENIN, V.I., La bancarrota de la II Internacional, Barcelona, Anagrama, 1975.
[6] Ikus GARCÍA, Miguel, “El movimiento revolucionario durante la primera mitad del siglo XX”.
[7] HUMBERT-DROZ, Jules, L’origine de l’Internationale communiste. De Zimmerwald a Moscou, Neuchatel, Éditions de la Baconnière, 1968, 168-214 or.
[8] LENIN, V.I., Obras escogidas en doce tomos, Ediciones Progreso, Moscú, 1977, IX. lib., 405. or.
[9] Kappen putsch esaten zaio Wolfgang Kapp eskuin muturreko politikariak 1920ko martxoaren 17an, Weimarko Errepublikaren hasieran, zuzendutako estatu-kolpeari. Porrot egin zuen greba orokorrerako deialdiaren eta KPDk borroka armaturako egindako deiaren ondorioz sortutako langileen erresistentzia gogorragatik.
[10] RIDDELL, J. (ed), Workers of the world and oppressed peoples, unite! Proceedings and documents of the 2nd Congress, 1920, Atlanta, 1991, 27. or.
HEMEN ARGITARATUA