Imanol Kañamares
2024/07/06

JATORRIA ETA GARAPENA

Antzinaroko Olinpiar Jokoek Antzinako Grezian dute jatorria, eta joko horietan greziar polisetako eta kolonietako ordezkariek hartzen zuten parte. Orduko jokoen helburu nagusietako bat polisak gainditzen zituen entitate soziopolitiko amankomun bateko kide sentitzea sustatzea zen. Bistakoa den elementu politikoarekin batera, mitologia eta artea ere presente zeuden; pentatloi klasikoaz gain, musikarien, kantarien eta aktoreen arteko lehiak ere egiten ziren. Jokoetako beste elementu zentral bat su-eten sakratua zen, jokoen testuinguruan jardun beliko oro debekatua baitzegoen. Hortaz, jatorriari erreparatuz, elementu artistiko-kulturala gailentzen zitzaion kirolarenari.

Antzinaroko azken jokoak egin eta 1500 urtera, potentzia inperialisten arteko tentsio-igoera testuinguru batean, Pierre de Coubertin baroiari jokoak berrabiaraztea bururatu zitzaion, jokoak une horretarako testuingurura egokituz.

Baroiak sekula ez zuen pentsatu “berrezarritako” Olinpiar Jokoak “bakeari lotutako zeremonia” bat izango zirenik beren horretan, nazio “zibilizatuen” arteko “su-eten sakratu” bat baizik, zeinean nazio zibilizatu horiek denbora tarte batez alde batera utziko zuten mundu mailako nagusitasunaren aldeko borroka, gorazarre egiteko haren iritziz mundua gobernatzen zuen konkista-izpirituari.

Coubertin baroiak sekula ez zuen pentsatu “berrezarritako” Olinpiar Jokoak “bakeari lotutako zeremonia” bat izango zirenik beren horretan, nazio “zibilizatuen” arteko “su-eten sakratu” bat baizik, zeinetan nazio zibilizatu horiek denbora tarte batez alde batera utziko zuten mundu mailako nagusitasunaren aldeko borroka, gorazarre egiteko haren iritziz mundua gobernatzen zuen konkista-izpirituari

1894an Nazioarteko Olinpiar Batzordea sortu zen, eta aro modernoko lehen Olinpiar Jokoak egin ziren Atenasen. Olinpiar Jokoen mugimendu modernoa ez zen herrien arteko borondate onagatik sortu, Mendebaldeko potentzia nagusietako elite aristokratikoen, kapitalisten eta militarren arteko integrazio espiritualerako proiektu gisa baizik. Elkarren artean senidetzen ziren lehengai iturri berriak eskuratzeko, eskulan merkea esplotatzeko eta merkatu berriak konkistatzeko nahiak bultzatuta.

Xehetasun gehiagorekin azalduko dugunez, Jokoen funtzio nagusia ustezko aukera-berdintasunaren (kirol zein gizarte mailan) eta gizarteko desberdinkeria gordinaren arteko kontraesana arintzea izan zen, hau da, gizarte kapitalistako tentsio sozialak kirolaren bidez bideratzea eta geldiaraztea zuten helburu.

Jokoen funtzio nagusia ustezko aukera-berdintasunaren (kirol zein gizarte mailan) eta gizarteko desberdinkeria gordinaren arteko kontraesana arintzea izan zen, hau da, gizarte kapitalistako tentsio sozialak kirolaren bidez bideratzea eta geldiaraztea zuten helburu

SPORT IST KRIEG: KIROLA GERRA DA

Olinpiadak eta geopolitika eskutik lotuta joan dira sortu zirenetik. Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) mundu mailako agente politiko bihurtu zen hasieratik, eta bere eragin esparrua kirol guztietara hedatu da. Jokoen emankizun-eskubideak, publizitatea eta gainerako jarduerak kontrolatzen ditu, Gutun Olinpikoak ahalbidetuta. Bestalde, lau urtean behin, Olinpiar Jokoen egoitza izango den hiria aukeratzeko ardura du. Gaur egun, munduko kirol-erakunde handien ardatz egituratzailea da, hala nola WADA (Dopinaren Kontrako Munduko Agentzia), ISF (Kirolaren Nazioarteko Federazioa) eta TAS (Kirolaren Arbitraje Auzitegia) erakundeena. Lehen urteetan finantzazio-arazoak eta oihartzun eskasa izan arren eta Olinpiar Jokoak Nazioarteko Erakusketarekin batera antolatu behar izan bazituzten ere, urteen joanarekin hedadura handiko agente diplomatikoa bilakatu da NOB.

Urte askotan politikatik haratagoko kirol-geografia bat egon izana NOBn boterearen erakusle argia da. “All games, all nations” lelopean, NOBk kirol-geografia propioa garatu zuen, estatu edo nazio bat mundu mailan aitortua izateak dituen inplikazio politikoekin. Adibidez, oihartzuna izan zuen Bohemia (oraindik Austro-Hungariar Inperioaren parte zen) edo Taiwan eta Txinaren aitortzak eta horrek ekarri zituen ondorioak.

1980ko hamarkadatik aurrera, Samaranch frankistak gauzatu zituen bi erreforma garrantzitsuk jokoen norabidea aldatu zuen, eta egun ezagutzen ditugun jokoetarako bidea hartu zen. Batetik, erreforma horien eraginez, parte-hartzaileen amateur izaera ezabatu zen, eta horrek profesionalismoa areagotu eta parte hartzearen maila igo zuen. Bestetik, Jokoen eredu ekonomikoa aldatu zen, eta, horren eraginez, Jokoen telebistako etekinak handitu ziren beren ekoizpen propio eta esklusiboaren bidez. Batez ere, marketinerako enpresa propio bat eta mundu mailako babesletzarako programak sortu ziren.

Gaur egun, NOBk Behatzaile Iraunkor estatusa du Nazio Batuen Erakundean (NBE), eta nazioarteko foro eta kongresuetan parte hartzen du. 1992ko itunaz geroztik, NBEk bere kide diren herrialdeei “su-eten sakratua” errespetatzea eskatzen die. Bitxikeria gisa, Parisko 2024ko Jokoen ebazpenak zehazten du su-etena Olinpiar Jokoak baino zazpi egun lehenago hasi behar dela eta Paralinpiar Jokoak bukatu eta zazpi egunera arte iraun behar duela, hau da, 2024ko uztailaren 19an hasi eta irailaren 15era arte. Macronek Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkan su-etena egin zedila iradoki zuen, baina bistakoa da inork ez zuela serio hartu, nahiz eta ebazpen hori NBEn bozkatu zen.

Jokoetan, pisu politiko handiko elementuetako bat egoitza hirien aukeraketa eta horrek dakarrena da. Artikulu honen xedea ez da Jokoen kokaleku izateak dakartzan inplikazioak aztertzea. Ordea, gutxi batzuentzako sekulako negozioa eta herrialdeko langile klasearentzako errepresioa eta espolioa ekartzetik haratago, bada beste funtsezko elementu bat: kirolaren diplomazia.

[...] gutxi batzuentzako sekulako negozioa eta herrialdeko langile klasearentzako errepresioa eta espolioa ekartzetik haratago, bada beste funtsezko elementu bat: kirolaren diplomazia

Olinpiadak arma diplomatiko moduan erabiltzearen adibide klasiko bat 1936an Alemania naziak antolatutako Jokoena da. Naziek propagandarako baliatu zituzten Jokoak, aurretiaz inoiz ikusi ez zen modu batean. Kasu garaikideago bat aipatzearren, 2008ko Txinako jokoak azpimarra daitezke. Potentzia ekonomiko gorakorra, ustez herrialde atzeratua eta munduaren fabrika zena, dena lortzeko prest zegoen mundu mailako potentzia moduan agertu zen denen begietara. Zabaldu egin zen Txina teknologia-, ekonomia- eta kirol-potentzia moduan ikustea, eta inflexio-puntu bat ekarri zuen Txinak munduarekin zituen harremanetan.

Kirola arerio politikoa gainditzeko eta posizioak irabazteko gudu-zelai bat gehiago bailitzan ulertzen hasi zirenez, gero eta garrantzitsuagoak bilakatu ziren domina-zerrendak, eta garai hartan, horrek eztabaida handia sortu zuen eremu sozialistako herrialdeetan. Gaiari jarraikiz, inork ez du gudu honetan atzean geratu nahi izan, eta, hortaz kontziente izanik, dopinari buruzko hainbat estatu-kanpaina egin dira. Ezagunak dira, besteak beste, Alemania Federalekoa, Errusiakoa, Txinakoa edota Espainiakoa, baina, kasu hauetan ohikoa den eran, izebergaren punta baino ez dira, eta, haien atzean, dopin kasuez, eroskeriaz eta mota guztietako iruzurrez osatutako trama bat ezkutatzen da, emaitzak faltsutzeko helburua duena. Dena politika da, eta, bestela, galde diezaiotela Mussoliniri; izan ere, 1934an Italian egin zen Munduko Futbol Txapelketako finalaren bezperan, epailea erosi eta mehatxatu zuen, bitartean, bere jokalariei “irabazi ala hil” esaldi ospetsua esaten ziela.

CITIUS, ALTIUS, FORTIUS

Azkarrago, altuago eta indartsuago. Lelo olinpiko horrek –ez da Coubertinek esana, hori uste zabaldua izanagatik– ezin hobeto islatzen du kirol jardunaren eta merkantzia-ekoizpenean, plusbalioaren maximizazioan eta lan-indarraren esplotazioan oinarritutako gizartearen arteko sinbiosi egoera.

Gizarte burgesaren ezarpenarekin batera, gizartearen kiroltze-prozesua garatzen joan da. Ideologia hori Gutun Olinpikoan islatu da, eta, hitzontzikeriaz betea izan arren, funtsean inperialista eta erreakzionarioa da, eta haren helburua superpotentzien politika harrapakaria zuritzea da.

Testuinguru historiko bakoitzak bere berezko forma atletikoak garatu ditu, eta ezinbestekoa da horiek aztertzea kirolaren mugak eta indarguneak ulertzeko, kirola borrokarako eta lanketarako eremu bezala hartuta.

Jolas eta denbora-pasa herritarrak gizakiaren historia guztian zehar egon badira ere, kapitalismoaren garapenak inoiz ez bezalako erasoa eragin du aisialdiari eta festari loturiko jarduera mota ororen aurka. Ordura arte, giza komunitateen izatean funtsezko eginkizuna bete zuen kultura fisiko kolektiboaren dimentsio sozial eta ludikoak, eta, kapitalismoarekin batera, inoiz ez bezala eraldatu eta ezabatu da.

[...] kapitalismoaren garapenak inoiz ez bezalako erasoa eragin du aisialdiari eta festari loturiko jarduera mota ororen aurka. Ordura arte, giza komunitateen izatean funtsezko eginkizuna bete zuen kultura fisiko kolektiboaren dimentsio sozial eta ludikoak, eta, kapitalismoarekin batera, inoiz ez bezala eraldatu eta ezabatu da

Lehen elementu transgresorea zena eta komunitatea erreproduzitzeko balio zuena alienazio elementu bihurtu da. Jada ez dago hausturarik, jarraipena baizik, eta komunitate-elementuak desagertu egin dira. Fenomeno hori, inauteriekin eta jaiekin bezalaxe, kirolarekin ere gertatu da; hala, klase herrikoien soziabilitate formak aldatzen doaz.

Behin aurreko antolaketa formetatik zirauten komunitate-loturak deseginda eta parte izateko komunitate erreal baten faltan, kirol-talde edo kirolari batekiko identifikazioa bilatzen hasi zen jendea. Modu horretara, lehia-prestigioan oinarritutako komunitate abstraktu bat sortu da; horrek aurkari bat izatea eskatzen du, eta, azken finean, guztiok guztion aurka gauden gerra bat sortu da, hau da, komunitate erreal baten parte izatea ukatu zaion norbanakoaren berrafirmazio kolektiboa.

Bestalde, komunitarioa eta parte-hartzailea zen kultura fisikotik parte-hartzaileen eta ikusleen arteko zatiketan oinarritzen den beste kultura batera igaro gara pixkanaka, eta horrek ikuskizun-kirolerako edo masa-kirolerako oinarriak ezarri ditu.

Kirol modernoaren ezaugarriak laburtuz gero, zazpi bereiz ditzakegu: sekulartasuna, berdintasuna, espezializazioa, arrazionalizazioa, burokratizazioa, kuantifikazioa eta errekorra. Hain zuzen ere, industrializazio-prozesuan gizartean ezartzen diren ezaugarriak dira, eta duten helburu bakarra ekoizpen prozesua aldatzea da, irabazia handitzera bidean.

Kirolaren kasuan, osagai ludiko eta kolektiboa izatetik kanpo-helburu bat edukitzera igaro da: errekorraren bilaketa. Jada ez du aurkari erreal eta konkretu baten aurkako plazera, erronka edo garaipena bilatzen, baizik eta beti haratagoko marka bat haustea da helburua, eta horrek erabateko paradigma aldaketa dakar jarduera fisikoa ulertzeari eta egiteari dagokionez. Aipatu beharra dago prozesu hori guztia ez dela naturalki gertatzen, eta askotan kultura fisiko hori indarrez inposatzen dela.

Brohm pentsalariak kirol modernoaren elementu edo funtzioak definitu zituen. Lehendabiziko funtzioa positibista eta integratzailea da; kirolak, entrenamenduaren bidez, hobekuntza etengabea bultzatzen du, eta elementu hori ekonomia-hazkunde mugagabearekin parekatzen du. Bigarrena meritokrazia da; dauden ezberdintasunak egonik ere, kirolean bultzatzen den ikuskera da ez dagoela klase sozialik eta guztiok hel gaitezkeela aberatsak eta futbolari profesionalak izatera nahikoa saiatuz gero. Hori, ordea, ez dator bat errealitatearekin; ezta hurrik eman ere. Hirugarren funtzioa lan-indarraren heziketa da. Kirola oso eraginkorra da diziplina eta obedientzia bultzatzeko eta lanerako baliagarriak diren gaitasunak eskuratzeko, nahiz eta esan behar den aipaturiko diziplina hori beste helburu batzuetarako ere balia daitekeela. Laugarren funtzioa masen entretenimendua da. Bistakoa da “ogia eta zirkua” ez zutela ingelesek asmatu, baina kirolak eta olinpiar ideologiak balio unibertsal gisara izan duten hedapena oso berria da. Bosgarren funtzioa gazteriaren errekrutatzea eta militarizazioa da; hirugarrenarekin estuki lotuta dago, eta, gerra-tentsioak areagotzen ari diren testuinguruetan, gero eta pisu handiagoa hartzen du. Azkenik, funtzio identitarioa ere garrantzitsua da. Ezinbestekoa da kirolaren eta nazionalismoaren arteko batasuna ulertzea, deriba txobinistak aztertzeko eta internazionalismo proletarioaren alde lan egiteko.

ZER EGIN OLINPIADEN AURREAN?

Olinpiaden sorrera eta funtzioak laburki aztertu ondoren, hausnartu dezagun halako ekitaldien aurrean nola jardun gaitezkeen politikoki. Horretarako, XX. mendean zehar herrialde sozialistetan egondako posizioak aztertzea interesgarria da. Zentzu horretan, atal hau hiru zatitan banatu dut: agitaziorako esparrua; boikota eta langile-kirola; eta eztabaidarako zenbait elementu.

Agitaziorako esparrua

Lehen puntua oso sinplea da: Olinpiar Jokoak munduko ekitaldirik ikusiena dira, izan in situ, izan online. Errepresioa eta kontrol soziala ikaragarriak dira, baina ezinbestekoa da halako espazioetan ekintzak gauzatzea. Horretarako, beharrezkoa da gaitasun teknikoak, organizatiboak eta irudimenezkoak handitzea. Izugarria izan daiteke zenbaterainoko oihartzuna izan dezaketen propaganda- eta desobedientzia-ekintzek eta ekintza zuzenek.

Bestalde, kirolariek eurek egindako ekintzak historiara igaro dira, hala nola Tommie Smith eta John Carlos kirolariek Estatu Batuetako arrazismoaren kontra protesta eginez ukabila altxata duten argazki famatua.

Boikota eta langile-kirola

Olinpiar Jokoetan parte hartu ala boikot egin. XX. mendeko herrialde sozialistetan nagusitasuna hartu zuen eztabaidetako bat izan zen hori. Gerra Handiaren ondorengo urteetan, “langile-kirolaren” goraldia izan zen, eta Langile Olinpiadak eta Espartakiadak antolatu ziren. Lehen Langile Olinpiada ofiziala 1925ean antolatu zen Frankfurten, “Gerra gehiagorik ez” lelopean eta Coubertinekiko eta NOBrekiko. Bigarrena “Viena Gorrian” antolatu zen 1931n, eta 26 naziotako 85.000 kirolari eta 250.000 ikusle bildu zituen. Ekimenaren dimentsio politikoa uler dezagun, zifra horiek aise gainditu zituzten hurrengo urtean Los Angelesen egin ziren Olinpiar Jokoetakoak. Azkenik, 1936ko Olinpiar Joko naziei boikot eginez, Bartzelonako Herri Olinpiadak antolatu ziren, baina Gerra Zibila hastean bertan behera geratu ziren. 200 kirolari baino gehiago batu ziren milizia antifaxistetara.

Hortaz, XX. mendearen lehen erdian, boikot egin zitzaion kirol burgesari eta nolabaiteko langile-kontrabotere baten alde egin zen Langile Olinpiaden bidez. Olinpiada horietan, kirolariek ez zuten beren nazioa ordezkatzen eta Internazionalak eta bandera gorriak ordezkatzen zituen langile guztiak. Helburua nazioarteko langile-klasearen arteko lankidetza sustatzea zen.

XX. mendearen lehen erdian, boikot egin zitzaion kirol burgesari eta nolabaiteko langile-kontrabotere baten alde egin zen Langile Olinpiaden bidez. Olinpiada horietan, kirolariek ez zuten beren nazioa ordezkatzen eta Internazionalak eta bandera gorriak ordezkatzen zituen langile guztiak. Helburua nazioarteko langile-klasearen arteko lankidetza sustatzea zen

Hala ere, SESBek, 1948ko Jokoei ezezkoa esan ostean, 1952ko Helsinkiko Olinpiar Jokoetan lehen aldiz hartu zuen parte, eta lehen postua irabazi zuen. Urteetan zehar alternatiba baten alde jardun ondoren, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistak munduaren aurrean Olinpiar Jokoak ere irabazteko gai zen potentzia baten moduan agertzea erabaki zuen. Barne-egoerak eta testuinguru geopolitikoak ere pisu ikaragarria izan zuten aldaketa horretan, noski.

Eztabaidarako zenbait elementu

Urriko Iraultzaren ondorengo lehen urteak izan ziren emankorrenak politika egiteko forma berriak sortzeari dagokionez. Horixe ikus dezakegu hezkuntzaren, ekonomia sozialista antolatzearen eta, nola ez, kirolaren eta jarduera fisikoaren esparruan ere.

Kirola legezko eskubide bat zen, eta sobietek haren garapenerako baldintza tekniko eta ekonomikoak sortu behar zituzten. Jarduera fisikoaren kontzeptua eta osasuna estuki loturik zeuden eta helburu zuen gaitasun fisikoen, teknikoen, intelektualen eta militarren garapena. Baina, horretaz gain, ikuskera horretan, alderdi ludikoa azpimarratzen zen, eta modu kolektiboan gauzatutako lana lehenesten.

Olinpiar Jokoen inguruko eztabaida hutsetik haratago, erabat premiazkoak dira jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruko eztabaidak eta ikerketak. Funtsezkoa da osasunaren, sozializazioaren, masen hezkuntzaren eta gaitasun iraultzaileak eskuratzearen ikuspegitik. Testuan zehar aipatu bezala, komunitate-loturak lehertu egin dituzte, eta premiazkoa da balio antagonikoetan oinarritutako sozializazio- eta borroka-espazioak sortzea.

Horrek ez du esan nahi inguruan ikusten ditugun jarduerak modu akritikoan erreproduzitu eta bestelako itxura bat eman behar diegunik, baizik eta egon diren esperientziak (Proletkult, Jungpioniere, Espartakiadak…) eta klase herrikoiek historian zehar izandako denbora-pasak aztertu, eta egungo beharrak modu kolektiboan aseko dituzten proposamenak egin behar ditugula, borroka-komunitatea bateratzeko eta sozialismoaren garapenerako baldintzak sortzeko balioko dutenak.

ERREFERENTZIAK

[1] Brohm, Jean-Marie (1982). Sociologie politique du sport.

[2] Corriente, Federico eta Montero, Jorge (2011). Citius, altius, fortius. Kirolaren liburu beltza.

[3] Tapia, Mikel (2010). Deporte y Socialismo.

EZ DAGO IRUZKINIK