Historian zehar migrazio-desplazamenduak ohiko gertakariak izan badira ere, proletarioen migrazio masiboak XIX. mende hasieran gertatu ziren, industrializazioaren gorakada eta garapen kapitalista tarteko. Kapitalaren indarrek, beren sorreratik bertatik, lurrari eta eskulanari lotutako nekazarien kanporatze bortitzarekin, errotzerik gabeko klase sozial bat sortu dute, zeinak ez duen etxerik eta behartuta dagoen, soldatapeko langile izaera duenez, bere lan-indarra behar den lekura mugitzera.
XIX. eta XX. mendeetako migrazio-olatuen jatorria arakatzeko, sistema feudaletik kapitalismorako trantsizio garaira egin beharko litzateke atzera. Garai hartan jatorrizko metaketaren prozesua gertatu zen, eta, haren bidez, biztanleriaren masa handiak, modu bortitz eta bat-batekoan euren bizi bitartekoak kenduta, merkatura jaurti ziren proletario libre eta desjabetu moduan. Marxen hitzetan, “berriki emantzipatutako langile hauek euren ekoizpen-bitarteko guztiak eta instituzio feudal zaharrek bermatzen zizkieten bizi-berme guztiak kendu ostean soilik bihur daitezke euren buruaren saltzaile. Eta desjabetze hori odolezko eta suzko trazu ezabaezinekin idatzirik gelditu da historia liburuetan”[1].
Gremioen desegitea eta landa-eremuko jornalarien proletarizazioa nekazaritza-lanen ezegonkortasun tradizionalarekin batera gertatu ziren. Lan-segurtasunik gabeko testuinguru horretan, gero eta ohikoagoak bihurtu ziren Europako industriaurreko ekonomietan zeuden artisau ibiltariaren moduko figurak, zeinak lan mugikorretara jotzen zuten eta hainbat lan hartzen zituzten aldi berean. Eric Hobsbawmek Kapitalaren garaia liburuan dioen moduan: “XIX. mendeko langileen bizitza determinatu zuen faktore bat egon bazen, hori segurtasun eza izan zen”[2].
Potentzia horiek, jatorrizko metaketa gauzatu eta beren industrializazioa abiatzeko, kolonizazio- eta inperialismo-prozesuak erabili zituzten, eta, haien barrenean, derrigortutako migrazio ekonomikoak eta esklaboen trafikoa
Hedapen kapitalistarentzat hasiera-hasieratik izan da erabakigarria lan-indarraren mugikortasuna, batez ere lan-indar merkearena. Leninek kontu hori nabarmendu zuen: “Kapitalismoak biztanleriaren bortxazko mugikortasuna eragiten du; aurreko gizarte ekonomia sistemetan ez zen beharrezkoa, eta, neurri handi edo txikiagoan, ezinezkoa zen”[3]. Ekonomia politikoari marxismoak egiten dion kritikan, migrazio masiboak, esentziaz bortxazkoak, ekoizpen-modu kapitalistaren eraketaren parte dira. Era berean, garrantzitsua da aipatzea nazioarteko lan-banaketaren eta gaur egungo dominazio-harreman kapitalisten aurrekari historikoa Mendebaldeko potentzia ekonomikoen finkapena izan zela. Potentzia horiek, jatorrizko metaketa gauzatu eta beren industrializazioa abiatzeko, kolonizazio- eta inperialismo-prozesuak erabili zituzten, eta, haien barrenean, derrigortutako migrazio ekonomikoak eta esklaboen trafikoa. Kolonietako jatorrizko biztanleriaren zati handi bat sarraskitu eta lehengaiak eta metal preziatuak arpilatzearen eraginez, eskala handian inportatu behar izan zuten esklaboen eskulana. XVI. eta XIX. mendeen artean, 10 eta 20 milioi pertsona inguru eraman zituzten Afrikatik Amerikara eskulan esklabo moduan. Bien bitartean, klase agintariek Europatik kolonietarako migrazioa bultzatu zuten, gero eta jendetsuagoa zen klase proletario baten eraketaren eta eztanda iraultzaileak areagotzearen beldur. Derrigortutako migrazioaren inguruko Marxen analisiek erakusten dute ezen, garapen kapitalistaren hasierako etapetatik, zentro inperialistako langileak kanporatuak izan zirela lan-merkatutik, ekoizpen-prozesuaren makinizazioa zela eta. Ondorioz, industriaren garapenarentzat eta metaketa kapitalistarentzat beharrezkoa zen soberako langileen masak sortzea, eta horrek gainpopulazio handia ekarri zuen.
Ekonomia politikoari marxismoak egiten dion kritikan, migrazio masiboak, esentziaz bortxazkoak, ekoizpen-modu kapitalistaren eraketaren parte dira. Era berean, garrantzitsua da aipatzea nazioarteko lan-banaketaren eta gaur egungo dominazio-harreman kapitalisten aurrekari historikoa Mendebaldeko potentzia ekonomikoen finkapena izan zela
Lan-indarraren mugimendu espazialaren formen artean, bi nabarmendu ziren: estatuen barneko migrazioak eta nazioartekoak. Kapitalak bere garapena sustatzeko sortzen dituen nazio-estatuen mugen arabera baino ez dira bereizten bi fenomeno horiek. Landa-eremutik hirirako lekualdaketak dira migrazio forma sinpleenak, lur komunalen pribatizazioak eta desjabetzeak, industria garapenak eta hiriak eskaintzen zituen lan-aukerek eragindakoak. Metaketa kapitalista azkartuak eta ehun industrialaren hazkuntza dinamikoak migrazio-foku bihurtu zituzten portu-hiri handiak eta meatze-arroak. Hasiera batean, sasoikako migrazio modua nagusitu zen: urritasun garaian, lurrik gabeko jornalariak meatze-eremuetara joaten ziren nekazaritzako atseden-garaietan. Marxen iritziz, “biztanleria nomada” hori zen langileen sektore prekarioena: jatorria landa-eremuan izan, lan bila mugitu eta berdin erabiltzen zutena eraikuntzan aritzeko zein trenbideak egiteko. Landa-munduko emakumeak ere joaten ziren probintzietako hiriburuetara euren kasara, neskame-lanetan aritzeko. Geroago, hirietarako migrazioak dibertsifikatu egin ziren, eta tipologia anitza sortu zen; horien artean familien migrazio-eredua nagusitu zen. Normalean, familiako kide bakarra lekualdatzen zen, eta behin hura kokatuta, gainerakoak mugitzen ziren. Hiri hartzaileak langile-auzoz bete ziren; burgesiaren zabalgune eta hiri-espazioetatik urrun kokatzen ziren, industrien artean. Trenak langileen eta merkantzien mugikortasuna ahalbidetzen zuen, eta landa-eremutik hirirako mugimendua erraztu.
Industrializazio goiztiarraren lehen fase honetan, non nekazaritzako erreformek kanporatutako jornalariak Europako gune industrialetara lekualdatu ziren, distantzia laburreko migrazio-prozesuak nagusitu ziren. Esate baterako, Lancashiren (Ingalaterra) kokatutako Preston hiri kotoi-lantzaileak oso datu esanguratsuak izan zituen 1851an, beste manufaktura eskualde batzuetara estrapola daitezkeenak: biztanleriaren erdia baino gehiago immigrantea zen, eta %40 inguru 18 kilometro eskaseko ingurunetik zetorren; aldi berean, immigranteen %30 soilik mugitu zen 45 kilometrotik gora; kanpotarren % 14 soilik zen irlandarra, eta 1840ko migrazio olatuaren ondorioz heldu zen hirira[4]. Jatorrizko herria gertu egotearen eraginez, aldi baterako langileek aukera zuten uzta bildu eta ereiten zen garaian jornalari moduan lan egiteko, mantendu egiten ziren harreman komunitarioak eta irekita gelditzen zen migratzaileak bueltatzeko aukera.
Bigarren tipologiaren baitan, gertuko herrialdeen arteko migrazio-mugimenduak eta migrazio transatlantiko handiak aurki ditzakegu, metropoli eta kolonia arteko mugimendu tradizionalei gehitu zitzaizkienak. Zaila da zehaztasunez kuantifikatzea garai hain goiztiarretako dinamika demografikoak eta migrazio-fluxuak; estatistika, klase dominanteen zerbitzurako sortu eta biztanleriaren kontrol sakonagoa ahalbidetzen zuena, nahiko zientzia berria da. XVIII. mende erdialdera, Estatu modernoaren sorrerarekin eta garapen kapitalistarekin batera, tresna estatistikoek eta gizartea erroldetan antolatzeak aukera eman zieten gobernuei gero eta modu zehatzagoan jasotzeko biztanleen kopurua, sexua, adina, osasun-egoera eta langintza. Jardun hori erabilgarria zen adin militarrean zeuden gizonen kopurua eta herrialde bakoitzaren baliabide demografikoak ezagutzeko, baina Europako herrialdeek ez zuten XIX. mendean aurrera egin arte ezarri biztanleriaren eta haren mugimenduen kontrol sistematikoa. Hortaz, zenbakiak aldatu egiten dira kontsultatutako iturrien arabera, nahiz eta, oro har, bi olatu bereiz ditzakegun Europako migrazio masiboen baitan: lehena, XIX. mende hasierakoa, non 1820 eta 1920 artean 60 milioi europarrek emigratu baitzuten Ipar Amerikara, eta, bigarrena, Bigarren Mundu Gerraren ostekoa.
Lehen olatua, historialari batzuek “nazioarteko migrazio handien garaia” izendatu dutena, mila biztanleko 10 eta 20 pertsona arteko immigrazio-tasetara heldu zen herrialde hartzaile batzuetan, egungoak baino tasa altuagoetara, alegia. 1880an, Europatik Ipar Amerikara emigratu zutenen kopuruak Afrikako esklaboena gainditu zuen lehendabizikoz. Migrazio-bolumen handieneko garaia 1870 eta 1913 artekoa izan zen. Emigranteen gehiengoa herrialde hauetatik zetorren: Britainiar Uharteak (15 milioi), Italia (10 milioi), Alemania (5 milioi) eta Espainia (5 milioi), eta helmuga nagusiak Estatu Batuak, Argentina, Kanada, Brasil eta Kuba izan ziren. Emigrazioak ez zuen eragin berbera izan zentro inperialistako potentzia guztietan, batetik bestera ezberdintasun handiak egon baitziren emigrazio-tasetan zein helmuga-hautaketan. Herrialde hartzaile nagusiek, baliabide natural ugari eta eskulan eskasia zutenek, langile atzerritarren etorrerari traba legalik ez jartzeaz gain, Europako lan-indarraren immigrazioa erraztu zuten. Brasilen eta antzeko kolonietan, esklabotza abolitzeak arriskuan jarri zuen kafearen ustiapena, zeinak lurjabeen aberastasuna eta herrialdearen egonkortasun ekonomikoa sostengatzen baitzituen. Erantzun modura, immigranteak erakartzeko politika anbiziotsuak abiarazi ziren; haien bidez, besteak beste, garraioa eta bost urterako egonaldia eskaintzen zieten familia europarrei.
Emigrazioak ez zuen eragin berbera izan zentro inperialistako potentzia guztietan, batetik bestera ezberdintasun handiak egon baitziren emigrazio-tasetan zein helmuga-hautaketan. Herrialde hartzaile nagusiek, baliabide natural ugari eta eskulan eskasia zutenek, langile atzerritarren etorrerari traba legalik ez jartzeaz gain, Europako lan-indarraren immigrazioa erraztu zuten
Oro har, irlandarrek, britainiarrek eta eskandinaviarrek Estatu Batuetara joatea erabaki zuten. Espainiarren kasuan, migratzaile gehienak Hego Amerikara joan ziren. Italiarren artean joera aldaketa bat ikus daiteke; izan ere, hasieran Latinoamerikarantz jo zuten, Brasil eta Argentina izanik helmuga nagusiak, baina 1901 eta 1915 artean, Estatu Batuak bihurtu ziren ozeanoz haraindiko italiar emigrazioaren hartzaile nagusiak.
Irlandatik, zazpi milioi pertsona baino gehiago ontziratu ziren Estatu Batuetarantz, 1845 eta 1851 arteko gosetea zela eta. Gosete horren kausa nagusiak patataren uzta suntsitu zuen onddo baten ugaltzea eta kolono ingelesen mende zeuden errentari irlandarrek jasaten zuten nekazaritza-sistema zapaltzailea izan ziren. Migranteen profilari eta haien jatorrizko herrialdetik alde eginarazi zieten arrazoiei dagokienez, bi fase bereizi behar dira. XIX. mende hasieran, nekazaritzaren krisiaren eta gremio-artisautzaren amaieraren ondorioz alboratuak izan ziren nekazari eta artisauek migratu zuten gehienbat. Mende bukaera aldera, migratzaileen profila aldatu egin zen, eta formakuntzarik gabeko gazteak nagusitu ziren. Taulan ikus daitekeenez, 1880ko hamarkadatik, hau da, herrialde askotan migrazio-tasa maximoak izan ziren garaitik, Mediterraneoko eta Ekialdeko Europako guneak izan ziren migratzaile gehien igorri zituzten herrialdeak. Taulan atzematen denez, migrazio-olatu bakoitza aurrekoa baino handiagoa izan zen I. Mundu Gerra piztu baino apur bat lehenago maximora heldu arte.
EUROPAKO MIGRAZIO-TASAK (URTEKO BATEZ BESTEKOAK 1.000 BIZTANLEKO)
Iturriak: Ferenczi eta Willcox (1929)[5], Sánchez Alonso (1995)[6]
Gerrarteko aldian –geldialdiak, inflazioak eta desoreka ekonomikoek ezaugarritutako garaia–, mantsotu egin ziren migrazio-mugimendu transatlantikoak. Garbiketa etnikoko eta erlijioagatiko jazarpeneko prozesuek, esate baterako Errusia tsaristako pogromek, biztanle talde zabalen lekualdaketa eragin zuten. 1929ko kolapso ekonomikoak eta 1930eko hamarkadako krisiak nabarmen geldiarazi zuten ozeanoz haraindiko immigrazioa. Nahiz eta immigrazio arloan lege falta izan, Estatu Batuetako langabezia bat-batean % 20 baino tasa altuagoetara iritsi izanak aro berri bat ireki zuen, zeinetan gogortu egin ziren mugak eta deportazioak. Kaltetu nagusiak langile mexikarrak izan ziren, gutxien kualifikatutako lanak egiteaz gain, Estatu Batuetatik alde egitera behartu baitzituzten, kasu askotan seme-alabekin batera, nahiz eta haiek lur estatubatuarretan jaiotakoak izan. Kalkulatzen da 1929 eta 1939 artean 469.000 mexikar itzuli zirela euren jatorrizko herrialdera, euren borondatez edo behartuta. XIX. mendeko migraziorik jendetsuena Europako ozeanoz haraindikoa izan bazen ere, beste biztanleria-mugimendu garrantzitsu batzuk ere gertatu ziren. Nabarmentzekoak dira, batetik, Errusiaren barneko migrazioak, 1861ean joputasuna abolitu ostean Siberiara egindakoak; eta, bestetik, Europako herrialdeen arteko lekualdatzeak. Eskualde atzeratuen eta urbanizazio-prozesu azkartu batean sartutako hirien arteko desoreka territorialak handitu egin zituen Ingalaterrarako eta Europa erdialderako migrazio-fluxuak. Amerikarako itsasontzia hartzen ez zuten irlandar asko Ingalaterrara joan ziren, italiarrak Frantziara, eta poloniarrak Alemaniako lurraldeetara.
1929ko kolapso ekonomikoak eta 1930eko hamarkadako krisiak nabarmen geldiarazi zuten ozeanoz haraindiko immigrazioa. Nahiz eta immigrazio arloan lege falta izan, Estatu Batuetako langabezia bat-batean % 20 baino tasa altuagoetara iritsi izanak aro berri bat ireki zuen, zeinetan gogortu egin ziren mugak eta deportazioak
II. Mundu Gerran, arrazoi ekonomikoengatiko migrazioak bigarren planoan gelditu ziren, eta deportazioek eta errefuxiatuen exodo masiboek milaka pertsona mugiarazi zituzten; asko ez ziren beren jatorrizko lurraldeetara itzuliko. Gatazka amaitu ostean, gatazkan demografikoki kaltetuak izan baina ekonomia azkar suspertu zuten herrialdeetako eskulan falta konpontzeko helburuz, migrazio politikak sustatu ziren. Gatazkaren ondorioz suntsitutako hirien berreraikuntzak eta metropoli zaharren suspertze ekonomikoak migratzaileak erakarri zuten 1945 eta 1974 artean. Europa hegoaldetik eta Afrikatik abiatutako hamabost milioi langile inguruk –haien artean nagusi ziren italiarrak, espainiarrak, portugaldarrak, marokoarrak, turkiarrak eta algeriarrak– Frantziara, Alemaniako Errepublika Federalera, Suitzara, Belgikara edota Austriara migratu zuten. Estatuek, biztanleen mugimenduak modu eraginkorrean kontrolatu nahian, gobernu-erakundeak sortu zituzten immigranteen garraioaz arduratzen ziren agentzia pribatuak ordezteko. Nolanahi ere, langile gehienek turista-pasaportea baliatuz bidaiatzen zuten, eta modu irregularrean egiten zuten lan. Etxeak edo atariak garbitzea, mahatsa biltzea, konponketak egitea edota eraikuntzan lan egitea izan ziren aldi baterako lanbide ohikoenetako batzuk. Espainiako emigrazioaren kasuan, Frantziara modu iraunkorrean joandako langileen %24 baino ez zen modu erregularrean sartu, eta familien berrelkartzeen %70 modu irregularrean egin zen.
Zentro inperialista osatzen duten herrialde guztiek ez zuten industrializazio-prozesua aldi berean hasi. Industrializazioaren arrakastaren kausa, batez ere, burgesia industrialaren eta zentro politikoaren interesek bat egin izana zen. Espainiako Estatuaren kasuan, Iraultza Industrialaren hastapena motela eta berantiarra izan zen, prozesua mantsotu zuten zenbait egiturazko faktore zirela-eta; hain izan zen motela, ezen “industrializazio-porrot (erlatibo)” terminoa ere erabili izan baita hura deskribatzeko. Inperio koloniarraren desegiteari lotuta, XIX. mendean, kontraesanak areagotu ziren landa-erdigunearen –kapitalista baino gehiago lurjabe eta latifundioetan oinarritua zen– eta periferia industrializatuaren artean. Latifundista handien interesak eta interes industrialak, batez ere ehungintzako burgesia katalanarenak, ezberdinak ziren, nahiz eta bi blokeek bat egin zuten, zalantzarik egin gabe, langile-mugimenduak egonkortasun soziala arriskuan jartzen zuen momentuetan. Espainian, industrializatu zen lehen eskualdea Katalunia izan zen, eta ehungintzako industriak bultzatu zuen haren garapena; haren jarraian, Bizkaia, Gipuzkoako gune batzuk eta Asturiasko meatze-arroak zeuden. Lehen nukleo horiek finkatzearekin batera, lehen trenbideak eraiki eta nekazaritza-erreforma liberalak gauzatu ziren, zeinek nekazariak landa-eremuetatik kanporatu baitzituzten.
Euskal Herriaren kasuan, industrializazio-prozesua tren eta lurrun bidezko garraioari zegokion batez ere, minerala eta langileak azkar garraiatzea ahalbidetzen baitzuten, eta, hala, altzairuaren ekoizpenaren kostuak merkatzen baitziren. Bilboko eta itsasadarraren ertzeko eremuak eredu industrial tipiko batenak dira. XIX. mendeko lehen herenean lehen ekoizpen-egitura industrialak eta lehendabiziko bankuak finkatu izanaren, eta, aldi berean, altzairuaren ekoizpena merkea izatearen eraginez, atzerriko, Espainiako eta Bilboko kapitalen kontzentrazioa handitu zen. Ondoren, azkartu egin zen hazkunde demografikoa: 1876tik aurrera, Triano-Muskiz tarteko meatze-ustiapenen handitze intentsiboaren eraginez, eta, 1880tik aurrera, siderurgiari eta metalgintzari lotutako fabrika eta tailerren finkapenaren ondorioz. Urte horietan, Bizkaiko biztanleria 168.659 biztanlekoa izatetik 485.205ekoa izatera igaro zen, eta Bilboko itsasadarrekoa, 44.681 biztanletik 304.365era; %187,7ko eta %581,2ko hazkundea izan zuten, hurrenez hurren[7]. Trapagako, Ortuellako, Zierbenako eta Muskizko meatze inguruetako errolden arabera –burdinaren meatzaritza-jarduerari lotutako ingurunea–, proletarioa eta migrantea zen batez ere gizarte-egitura. Antzeko zerbait gertatzen zen Bilbon; izan ere, 1900an biztanleen %77 zen immigrantea, eta Barakaldon eta Sestaon, 1890an, biztanleen %72,3k zuen jatorri migrantea. Datuek berretsi egiten dute migrazio-fluxuen pisua. Oro har, kualifikazio baxuko lanpostuak nagusitu ziren, aldi baterakoak eta prekarioak, bereziki baldintza eskasak zituztenak eta, meatze-inguruko barrakoien kasuan, fabrika-inguruneetako langileenak baino dezente okerragoak. XIX. mende bukaerara arte, meatzari batzuek Gaztelan igarotzen zuten urtearen zati bat, landan jornalari jardunez, eta, urtearen gainerakoan, Bizkaiko meatzeetan lan egiten.
XX. mendean, aldaketa garrantzitsuak izan ziren migrazio-fluxuetan. Mendearen lehen hiru laurdenetan, nagusi izan ziren atzerrirako migrazioa (Amerikarakoa mendearen lehen erdian, eta Europa Mendebaldeko herrialdeetarako migrazioa hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan) eta Espainiako Estatuko gune industrializatuagoetarako migrazioa (Madril, Bartzelona eta Euskal Autonomia Erkidegoa); ordea, XX. mendeko azken hamarkadetan erabat murriztu zen atzerrirako migrazio-fluxua, eta atzerriko immigrazioaren gorakada nabarmena gertatu zen; haren barnean sartzen zen jatorrizko herrietara itzulitako emigranteen fenomenoa eta hegoalde globaletik etorritako langileena.
Honakoak izan ziren XIX. eta XX. lekualdatze eta migrazioen kausak, bai estatuaren barrenekoenak eta bai ozeanoz haraindiko migrazioenak ere: ekoizpen-moduan gertatutako aldaketak, gainpopulazioa –metaketaren logiken berezkoa– eta Kapitalaren kontraesanak. Immigrazio askeari buruzko teoria liberalean, “Mundu Berrira”, hau da, ustezko aukeren lurraldera egindako bidaiaren ikuspegi epikoaren oinordekoa den aldetik, argi ikusten da desplazamenduak, aspirazio indibidualei erantzutetik urrun, ekoizpen moduan izandako aldaketek eta goseteek determinatu zituztela, eta erabat derrigortuak izan zirela.
[...] argi ikusten da desplazamenduak, aspirazio indibidualei erantzutetik urrun, ekoizpen moduan izandako aldaketek eta goseteek determinatu zituztela, eta erabat derrigortuak izan zirela
ERREFERENTZIAK
[1] Marx, K. Kapitala. XXIV. kapitulua. Hemendik eskuratua: https://www.marxists.org/espanol/m e/1860s/eccx86s.htm
[2] Hobsbawm, E. (2011) La era del capital, 1848-1875. Editorial Crítica.
[3] Lenin, V.I. (1975). El desarrollo del capitalismo en Rusia. El proceso de la formación del mercado interior para la gran industria. Hemendik eskuratua: https://www.marxists.org/espanol/lenin/obras/1899/desarrollo/el desarrollo-del-capitalismo-en-rusia.pdf
[4] Datu estatistikoak hemendik eskuratuak: https://uapas2.bunam.unam.mx/sociales/migraciones_europeas_causas/
[5] Willcox, W. F (koord.) (1929) International Migrations, Volume I: Statistics. 1929.
[6] Sánchez Alonso, B. (1995) “La emigración española a la Argentina. 1880-1930”. In Sánchez Albornoz, N. (koord.). Españoles hacia América: la emigración en masa, 1880-1930
[7] Datu estatistikoak hemendik eskuratuak: Pallol Trigueros, R., Abad García, R., Inmigrantes en la Ciudad. Dinámicas demográficas, mercados de trabajo y desarrollo urbano de la España contemporánea.
HEMEN ARGITARATUA