Ohikoa da alderdi erreformistak beren diskurtso osoa euren lehiatzaileen aurka artikulatzen ikustea, politikatik bizitzeko ahalegin noblean. Esaten dute alderdi politiko guztiak ez direla berdinak; edo hori esaten zuten lehen. Orain diskurtsoa bestelakoa da: politikari guztiak ez dira berdinak. Subjektuaren aldaketa hori ondo neurtuta dago, ondo baitakite honakoa: egitura politikoak herritar guztiengan duen eragin sozial eta ekonomikoari dagokionez, eta, are gehiago, erreformak sartzeko helburu formalari dagokionez, arku parlamentario burgesa osatzen duten alderdi politiko guztiak dira gauza bat, eta gauza bera.
Datuek beren kabuz hitz egiten dute: euskal sistema alderdibikoa osatzen duten bi alderdi handiek, EAJk eta EH Bilduk, ondare eta kapital kopuru izugarriak metatzen dituzte. Langile-klaseari esplotazio bidez lapurtzeak bakarrik ahalbidetzen du hori; eta, batez ere, proletalgoaren miseria are gehiago esplotatzeak. Legezko alderdi politikoek belakien moduan xurgatzen duten diru publiko hori guztia, langileen bizi-kalitateari egindako murrizketak dira. Zein aurpegirekin hitz egin liezaiokete esplotatuen klaseari, argudiatuz beren miseriaren adierazpen eta kausa baino ez diren alderdi politiko horiek guztiak ez direla berdinak? Ez dute egiten, badakitelako ezin dutela.
Euskal sistema alderdibikoa osatzen duten bi alderdi handiek, EAJk eta EH Bilduk, ondare eta kapital kantitate izugarriak metatzen dituzte. Langile-klaseari esplotazio bidez lapurtzeak bakarrik ahalbidetzen du hori; eta, batez ere, proletalgoaren miseria are gehiago esplotatzeak
Subjektua aldatzea, alderditik politikarietara igarota, proletarioei zuzendutako politika egiteari uko egitea da, argi eta garbi: ez dute axola sistema politikotik kanpo daudenek, garrantzitsuena erdi-mailako klaseko boto-emaile potentzialen artean nabarmentzea da –apolitikoa eta klase-borrokatik kanpokoa da, sentimendu moralista eta pertsonalista sakonek gidatua–.
Horregatik birbideratzen dute euren tiroa, eta sozialdemokraziaren ohiko estilo moralistan egiten dute hori: ados, baina gure politikariak zintzoagoak dira. Jokoan dagoena ez da botere-egitura, ezta antolakuntza-modu burokratikoa ere, baizik eta, horren ezinbestekotasuna onartuta, benetan axola duena erdi-mailako klasea pozik uzteko politikak egitea da; badakielako burokratak behar direla, baina eraginkorrak izan daitezen nahi du.
Demokrazia burgesaren alde lan egiteagatik eta kapitalisten estatuari egindako zerbitzuengatik soldata gisa jasotzen dituzten kantitate lotsagarriak, haien esanetan, ez dituzte euren poltsikoetara sartzen, baizik eta alderdiari ematen dizkiote. Alderdia −modu sinplean, mugimendu baten ildo politikotzat ulertuta− erabat baztergarria eta bigarren mailakoa da, eta kolpeak jasotzen dituen zaku bat izatera ere irits daiteke; betiere, bere burokrazia eta politikari profesionalak egoera horretatik onik ateratzen badira.
Horregatik, alderdi politiko guztiak berdinak ez direla argudiatzen ere ez dira ahalegintzen jadanik; orain nahikoa da esatea politikari guztiak ez direla berdinak. Hala ere, ikuspegi burokratiko horrek, zeinetan politikarien irudia salbatzea eta oinarri sozial osoa haiei botak miazkatzen jartzea bilatzen den, ondorio katastrofikoak ditu antolakunde politikoen politikan eta euren barruko printzipio demokratikoan. Izan ere, printzipio hori ez da ezinbestekoa, betiere hala izan behar badu egitura politikoak behar bezala funtziona dezan, hau da, ongi funtziona dezan talentua kaptatzeko enpresa bat balitz bezala, marketin-praktikak erabiltzen dituena erdi-mailako klaseko masa handiak erakartzeko, zeinak irrikaz baitaude politikan parte hartzeko eta interes propioak baliarazteko kontzientzia minimorik ere ez duen proletalgo pobretu horretatik bereizteko. Nork nahi ditu demokrazia eta parte-hartzea, militantzia eta dedikazioa, itxaropen guztia jar badaiteke norberaren jomuga bikain erakusten duten politikari burokratek osatutako egitura batean?
Kontua honela dago: politikari guztiak berdinak diren ala ez, politikariei beraiei bakarrik dagokien zerbait da. Honakoaren inguruko zalantzarik ez dago, ordea: parlamentuko alderdi politiko guztiak berdinak dira. Eta oinarri soziala, bigarren horretatik defendatu beharrean, lehenengoak defendatzen aritzen bada, hori da alderdia ordezkatzen duen burokrata talde batek -estatus politiko eta ekonomiko horretaz gozatzeko aukera ematen dien egitura sendotzea helburu duena- politika desitxuratu eta bahitu duelako. Alderdi politiko batek modu horretan hartzen du enpresa izaera, baita asmo burokratikoak dituzten txakurkume askorentzako promozio-zentro izaera ere. Alderdiari diru hori “ematea” politikatik bizitzea ahalbidetzen duen eta politika lan duin eta ogibide errespetagarri gisa ulertzen duen egoera hori finkatzeko eta zabaltzeko bitarteko bat besterik ez da.
Baina, egiatan, ikuspegi politiko eta iraultzaile batetik, eta sozialdemokrazia erreformistaren egitura pertsonalista eta burokratikoek kooptatu gabeko ikuspegi batetik, bada hamar politikarik 80.000 euro kobratzea baino zerbait okerragorik: hogei politikarik 40.000 euro kobratzea. Eta horrela bata bestearen segidan. Izan ere, lehenengo aukerak zenbait baditu ere, bigarrenak, gizarteko geruza handietara zabaltzen du politikatik bizitzea zerbait duina delako ideia, eta, horrekin batera, politika bizimodua ateratzeko beste era bat delako ideia; hau da, iraunarazi beharreko lan bat. Ustelkeria politikoaren atzean ezkutatzen den ideia da hori, eta horretarako aukera ematen duena. Ustelkeria ez baita, sozialdemokraziari esatea gustatzen zaion bezala, gutxi batzuek asko irabaztea; baizik eta gero eta handiagoa den egitura bat proletalgoaren miseriatik elikatzea. Ustelkeria politikoaren aurka borrokatzetik urrun, sozialdemokraziak bidea errazten du hura existitu dadin, eta lehen eskutik gorpuzten du.
Bada hamar politikarik 80.000 euro kobratzea baino zerbait okerragorik: hogei politikarik 40.000 euro kobratzea. Eta horrela bata bestearen segidan. Izan ere, lehenengo aukerak zenbait arribista altxatzen baditu ere, bigarrenak, gizarteko geruza handietara zabaltzen du politikatik bizitzea zerbait duina delako ideia, eta, horrekin batera, politika bizimodua ateratzeko beste era bat delako ideia; hau da, iraunarazi beharreko lan bat
Horrela hazten dira burokraten egiturak, lapen moduan alderdiaren egiturei itsatsita geratzen diren politikari profesionalak, beren posizioa ez dutenak defendatzen konbikzio politikoagatik, baizik eta bizitzeko eta erreproduzitzeko bitarteko gisa, erabat azpiratuta daudenak soldatapeko lanaren egitura objektiboagatik eta beren politiken funtsezko helburua den enpresaren bideragarritasunagatik: botoak kosta ahala kosta irabaztea, diru publikoa lortzea eta egitura burokratikoa handitzea, gero eta finantzaketa-iturri gehiago lortzeko inbertsio-bide gisa. Horrek antza beldurgarria du enpresen eta inbertsio-blokeen barruan botere kapitalista metatzeko logikarekin, eta mundu hobe baten alde antolatutako masen iniziatiba demokratikorako aukera oro irensten duen egitura objektibo horren mende egotearekin.
Liberatuaren kontzeptua erabat desfasatuta geratzen da burokrataren figuraren aurrean. Alderdi-enpresan bere lan-promozioa bilatzen du burokratak, izaera pribatuko erakunde publiko gisa artikulatuta baitago alderdi-enpresa hori, edo estatu kapitalistaren organo kudeatzaile gisa. Ustelkeria ez da estatuko gobernuaren egitate esklusibo bat, gobernatu nahi duten alderdi politiko horiena guztiena baizik.
Deskribatutakoa bezalako egoera batean, kritika politikoak edo autokritika txalotuak kutsu erabat burokratikoa hartzen dute: alderdiaren egitura uneko joeretara egokitzera mugatzen da dena. Horrek, alde batetik, berrikuntza estetikoa esan nahi du. Hausnarketa politiko sakon batean baino gehiago, alderdi parlamentario burgesen hauteskundeetako porrotek dimisioak eta hobeto egiteko promesak ekarri ohi dituzte; herritarren interesak hobeto entzuteko promesak. Bestalde, ezer aldatzeari uko egitea esan nahi du; izan ere, autokritika, hauteskundeetako porrot bati emandako erantzun automatikoa eta berehalakoa denez −duela 5 minutu dena ondo zegoen, eta orain ondorioztatu duzu ez zela horrela?−, politika burgesaren agindu gogoetagabe bat da, marketin-teknika bat hautesleak engainatzen saiatzeko, eta betiko alderdi-enpresaren hutsak ordaintzeko.
EAJ eta EH Bildu bezalako alderdi burokratikoek proletalgoari kendu dioten ondarearen zenbakiek zerbait frogatzen badute, honakoa da: nolako modu sakonean dauden biak estatuaren botere-egituretan integratuta, eta zenbaterainokoa den haien mendetasuna; ez traizio- edo koldarkeria-ekintza gisa, baizik eta estatuaren botere-egituraren funtsezko sorrera-elementu gisa. Bestela esanda, halako alderdiak ez lirateke posible izango gaur egungoa bezalako testuinguru batean beren printzipio eratzailea mendetasuna bera ez balitz; hau da, beraiek ere estatu kapitalista izango ez balira.
HEMEN ARGITARATUA