Eneko Carrión
@enekocarri
2025/09/03

Gaurkoan, PSOE izango dut hizpide, Espainiako Estatuaren modernizazio prozesuko aktore nagusia eta 78ko erregimenaren zutabea, agente baketzailea eta kudeatzailea klase-gatazkak areagotzen diren uneetan. PSOE giltzarria izan da Espainiako erregimen burgesean: Zapateroren agintaldian 2008aren hurrengo urteetan, Pedro Sánchezekin pandemian bake soziala ziurtatu nahian, Kataluniako gatazkan, DANAn, itzalaldian eta alderdiaren barruko ustelkerian. Hori dela eta, erreportaje honen helburua da alderdiaren azken urteen analisia egitea, eta aztertzea nola kudeatu dituen gatazkak eta nola konfiguratu dituen bere aliantzak eta babesak; haatik, hauteskundeetako analisitik eta analisi soziologikotik harago joan nahi nuke, haren atzean dauden klase interesak argitara ateratzeko helburuz.

Nola iritsi gara honaino?

Inflexio une gisa ikusten dute askok 2008ko krisia, bai munduan, baita estatuan eta estatuaren barreneko lurraldeetan ere. Bizi garen gizarte honen egiazko aurpegia erakutsi zuten zenbait gertakarik, adibidez krak finantzarioak, ondoren bankuak salbatu izana Estatuak, pobrezia handitu izanak eta etxegabetzeen eta enbargoen gorakadak. Horiek guztiek, beste behin ere, agerian utzi zuten gobernatzaileek nolako arazoak dituzten krisian dagoen gizarte bat kudeatzeko. Ezintasun horren eraginez, gainbehera egin zuten Europako alderdi sozialdemokrata klasikoek, hala nola Greziako PASOK eta Frantziako PS alderdiek, eta, aldi berean, eite populistako alderdiak sortu ziren, besteak beste La France Insoumise, Syriza eta Podemos. 6 milioi langabetu eta 12 milioi lagun bazterketa sozialean eta pobrezia-arriskuan egoteak, normala denez, haserre handia eragin zuen gizartean. Europako eta estatuko instituzioen kontrako haserrea zen, eta, zehazki, Zapateroren PSOEren kontrakoa, krisiaren kudeatzailea zen aldetik. Espainiako Estatuan, haserre hori eta haren adierazpenak M-15aren forma hartu zuten. Borroka-ziklo luze hark askotariko adierazpenak izan zituen: greba orokorrak 2010 eta 2012 urteen artean, haserretuak plazak hartzen, “Inguratu Kongresua” ekimena 2012an eta Duintasunaren Martxak 2014an, besteak beste.

Ordea, haserre horren muina ez zen neurri ekonomikoei eta pobretze orokortuari uko egitearen forma bat bakarrik; aitzitik, haren bidez, gaur egungo Estatuaren formari, alegia, 78ko erregimeneko Estatuaren formari egiten zitzaion uko. Hori “ordezkaritza krisi” edo “bipartidismoaren krisi” deitzen da: 2 alderdi tradizionalak ez dira gai gizarteko geruza zabalen eskaerak ordezkatu eta bideratzeko, ezta belaunaldi gazteetan ikusten den haserre sozial handiari erantzuteko ere.

Haserre horren emaitza gisa, indar politiko berriak sortu ziren, izan mugimendu sozialen forman (etxebizitza, feminismoa, ekologismoa…), izan alderdi politikoen forman. Bigarren horietan, Podemos (2014) da adierazle nagusia. Indar horiek, era batera edo bestera, PSOEren ezkerreko espazioa lortzeko norgehiagokan zeuden, ea nork apurtuko hamar urteko hegemonia hori. Aldi berean, krisi politiko horrek adierazpen propioa izan zuen Kataluniako procésean (2017), gobernuko alderdiei erronka ikaragarria ekarri baitzien prozesu horrek ekarri zuen independentismoaren gorakadak.

Asaldurazko testuinguru hartan azaldu zen azken urteetako Espainiako politikaren protagonista nagusietako bat, Pedro Sánchez. 2014ko Europako hauteskundeetan lortutako emaitza kaskarrengatik Rubalcabak dimisioa aurkeztu ondoren, egungo presidentea aukeratu zuten haren ondorengo gisa, militantziaren boto zuzenaren bidez. Gero, ordea, zalantzan jarri zen Sánchezen lidergoa, ikusita 2015ean emaitza negargarriak izan zituela PSOEk –20 eserleku eta 1.500.000 boto galdu zituen–, haren inbestidurak porrot egin zuela, eta 2016an berriz ere emaitza txarrak zituela –nahiz eta errekuperatu zituen galdutako boto batzuk–. Horren adibide dira nolako barne xextrak izan zituen alderdiaren beste sektorearekin, hau da, Susana Díazek gidatu eta Felipe Gonzálezek babesturikoarekin. Borroka horiek gaindituta, Sánchez berriz aukeratu zuten alderdiko presidente gisa, eta horrek alderdiko kohesioa handitu zuen haren figurari dagokionez, eta oposizioko kideena ahuldu. Sánchezek kargua hartu zuenean, helburu zuen bere alderdiarekiko konfiantza berritzea eta aurre egitea egoera ekonomiko kaskartuari, botoen jaitsiera nabarmenari, ezkerreko alderdien gorakadari eta Kataluniako gatazkaren ondorioei. Besteen meritu faltak edo berak egindako merituek eraginda –ziurrenik biek eraginda–, PSOE gai izan da testuinguru berri horretara behar bezala egokitzeko eta ezker parlamentarioko erreferente nagusi izatera bueltatzeko.

Azken urteotan hainbeste gorabehera gertatu izanak zaildu egiten du analisia; beraz, kronologikoki ordenatutako taula batean jarri ditut sanchismoaren garaiko gertakari nagusiak, aipatutakoa sekuentzializatu eta hobeto uler dadin (ziurrenik ahaztuko zitzaidan baten bat). Erreportajea 3 bloke nagusitan bereizi dut, hain justu nire ustez sanchismoaren 3 helduleuk nagusi diren horietan: PSOEren ezkerreko espazioaren subordinazioa; “independentismoaren” laguntza; eta eskuin muturrari galga jarri, eta aldi berean, kohesio sozialeko neurriak hartu izana.

691f43b3a8c91.1.png

Sanchismoa eta ezkerraren fagozitazioa/desaktibazioa

PSOEk gizarte- eta hauteskunde-testuinguru berrira egokitzeko izan duen fase gisa ikus daiteke Zapateroren ondorengo garaia. Ezkerraren hegemonia lortzeko norgehiagokaren testuinguru batera egokitu beharra izan zen alderdiaren estrategia berriaren elementu nagusietako bat.

Podemosen proposamen politiko populistaren kausak ziren, alde batetik, PSOEren proposamen sozioliberalaren krisia, eta, beste alde batetik, bizi baldintzak kaskartu izana, eta, egoera horretan, pobretze horri oztopoak jarri behar izatea langile aristokraziak eta burgesia txikiak

2008ko krisiak eta haren ondorioek Podemos alderdi berrian izan zuten adierazlerik gorena. Proposamen  politiko populista horren kausak ziren, alde batetik, PSOEren proposamen sozioliberalaren krisia, eta, beste alde batetik, bizi baldintzak kaskartu izana, eta, egoera horretan, pobretze horri oztopoak jarri behar izatea langile aristokraziak eta burgesia txikiak. Ortzi muga estrategikorik eta haserre hori artikulatzeko antolakunderik ez egotearen ondorioz M-15 mugimendua ahultzen hasia zenean sartu zen Podemos espektro politikoan. Aldaketa-deiadarrez beterik etorri zen, politika tradizionalarekin identifikatzen ez ziren pertsona horiek guztiak ordezkatzera, establishmentaren kontrako diskurtso nabarmenarekin, bai eta proposamen “hausturazale” batzuekin ere; ez zituzten langile klasea eta sozialismoa aipatzen, “herriari” zuzentzen zitzaizkien, herritarrei, behekoei, erdiko klasekoei. Hori da azkeneko hamarkadetako politikak hartu duen forma populistaren elementu giltzarrietako bat; alderdi guztietan du eragina, baina batzuetan modu zuzenagoan ikusten da. Hastapen “erradikal” haietan, Podemosek herri mugimendu osoaren ordezkari gisa aurkeztu nahi izan zuen bere burua, eta mugimendu sozial horien aldarrikapen batzuk sartu zituen programan, bai eta bere lerroetan espazio horietako erreferente batzuk ere. Alderdiaren eta mugimenduen arteko harreman hori gero eta konplexuago eta arazotsuago bilakatu zen pixkanaka, nagusiki promes eder haiek gauzatzeko ezintasunaren eta pertsonalismoetan oinarritutako egitura hierarkikoaren eraginez.

Bitartean, PSOE testuinguru berrira egokitzen eta bere posizioa errekuperatzeko estrategia berri bat ari zen sortzen. Hasieran, Podemosen diskurtsoaren konfrontazio zuzenera eta deslegitimaziora jo zuten. Horren adibide dira Pedro Sánchezek 2014an esandako hitzok: “PSOEk ez du ez pakturik egin populismoarekin, eta ezta egingo ere”. Ordea, ez zuten argi nola egin aurre hauteskunde norgehiagokari: batzuen ustez, lehentasuna eman behar zitzaion ezkerreko hegemonia lortzeari, eta Podemos garaitu (Sánchez), eta beste batzuen ustez, berriz, posizio zentrista indartu behar zen, eta PP garaitu, gobernatzeko helburuz (Díaz). Baina botoen ihesaren eta 2015eko eta 2016ko hauteskundeetan gobernua osatu ezinaren eraginez, zenbait barne zatiketa sortu ziren, eta zalantzan jartzen hasi zen Sánchezen lidergoa. 2015ean, PSOEk hogei eserleku galdu zituen (90 lortu zituen), eta Podemosek, aldiz, 69 eskuratu zituen, hau da, 400.000 botoko diferentzia baino txikiagoa atera zion PSOEri. Hauteskunde haietan, PSOEren boto emaileen %26,2k Podemosen eta IUren aldeko botoa eman zuten, eta %6,6k, berriz, ez zuen botorik eman edo boto zuria eman zuen. Urtebete geroago, PSOEren boto emaileen fideltasuna %77,4ra igo zen, baina boto emaileen %4,7k Unidas Podemosi eman zion botoa, eta abstenitu egin zen beste %10. Beraz, hauteskunde-emaitza orokor kaskarrak zituen, oraindik ere.

Zenbait hilabetez tentsioak, seinalamenduak eta norgehiagokak izan ondoren, liderra aukeratzeko unea iritsi zen. Sánchez berriz aukeratu eta alderdia birkonfiguratu izanak PSOE berritzeko oinarriak ezarri zituen, eta, horren ondorioz, idazkari nagusi berriaren lidergoa indartu zen, eta posizio giltzarrietan jarri zituzten haren hurbileko profilak.

2018an, ustelkeria kasuek ahuldurik, PP gobernutik kanporatzeko eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean bere burua alternatiba erreal gisa aurkezteko parada ikusi zuen PSOEk. Mozioak arrakasta izan zuen, eta, oinarriak ezarri zizkien PSOEri babesa emango zioten alderdiei: ezker “erradikalari” eta “independentistei” (hurrengo orrialdeko irudian ikusten den moduan). Babes horiek ulertzeko, ezinbestean hartu behar da kontuan alderdi sozialistaren estrategiaren zutabe nagusia: alternatiba bakarra izatea PPk eta VOXek osaturiko balizko gobernu baten aurrean, eta boto erabilgarriaren ordezkari bihurtzea.

691f43b3aa800.2.png

Ezkerraren zatiketak zaildu egin zuen gobernu egonkorrak osatzea, eta, beraz, PSOEk alderdi gehiagorekin egin behar izan zituen akordioak. Testuinguru horretan, gobernatzen saiatzea edo Ciudadanosen babesa jasotzea izan zen PSOEren lehenbiziko aukera 2019ko hauteskundeen ondoren, baina ez zuen arrakastarik izan. 2019aren bukaeran hauteskundeak berriz egin zirenean, PSOEk UPri zenbait postu eman beste erremediorik ez zuen izan, eta koalizio gobernuak Ministroen Kontseiluan sartu zituen Pablo Iglesias, Yolanda Díaz, Irene Montero, Alberto Garzón eta Manuel Castells. Nahiz eta ez zen PSOEren aukerarik gustukoena izan, UP gobernuan sartzea aukera ona izan zitekeen dena aldatzera zetorrela esaten zuen alderdi hura ahultzen jarraitzeko; izan ere, ikusi den moduan, gobernuan egoteak higadura eragiten du hauteskunde emaitzetan, eta are gehiago UPren ezaugarriak dituen alderdi batean. Higadura hori agerikoa zen; horren adibide izan zen urte horretan bertan Más País zatiketa sortu izana, Íñigo Errejon buru. PSOEk gauza bakarra egin behar zuen: estrategia propioak (edo estrategia faltak) hauteskunde beherakada eragiten zion alderdi bat higatu. Taula honek higadura hori erakusten du:

Koalizio-gobernuaren garaiak higadura izugarria eragin zion Podemosi, eta haren barreneko gero eta ahots gehiago hasi ziren eskatzen alderdia berritzeko. 2023an, aurreneko Podemos haren liderrek alderdia utzi ondoren, Sumar sortu zuen Yolanda Díazek. Beste behin ere, bete egin zen ezkerra banatu eta ahuldu egiten den ideia hori, eta horrek desilusio handia sortu zuen, bai eta alderdiarekiko atxikimendu falta handitu ere, ordurako nahiko handia zen arren.

PSOEri ezker “erradikalak” eta “independentistek” emandako babesa ulertzeko, ezinbestean hartu behar da kontuan alderdi sozialistaren estrategiaren zutabe nagusia: alternatiba bakarra izatea PPk eta VOXek osaturiko balizko gobernu baten aurrean, eta boto erabilgarriaren ordezkari bihurtzea

691f43b3ab2ea.3.png

Hori horrela, interesgarria da aztertzea zer sektorek babestu dituzten ezkerreko alderdiak azken hauteskundeetan. Horretarako, CISek (Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroa) 2023ko hauteskundeak baino lehen egin zuen inkesta aztertu dut, zeinak kanpoan uzten baitu UP. Agerikoa da inkesta horiek ez direla termino marxistetan egiten, eta esan gabe doa tentuz aztertzekoak direla, baina uste dut analisirako elementu interesgarriak dakartzatela hala ere.

691f43b3ac1e6.4.png

Boto emaileak adinaren arabera aztertzen baditugu, ikusiko dugu gazteen artean PSOE dela alderdi nagusia, baina Sumarrek gertutik jarraitzen diola. Adinean aurrera egin ahala, Sánchezen alderdiak koska handiagoa irabazten dio Díazenari, bigarren horren hauteskunde-oinarria gazte sektoreetan eta hurbilekoetan baitago errotuta, argi eta garbi. PSOErena, aldiz, sektore tradizionalagoetan da indartsuagoa, hau da, diktadura eta trantsizioa bizi zituzten haien artean.

Herrialde askotan ari da gertatzen ezkerrak langile “klasikoen” alderdi izateari uztearen eta ikasketa-maila altua duten sektoreetan indartzearen fenomeno hori (adibidez Alderdi Demokratarekin AEBn)

Bi grafiko horietan botoaren aukeraketa ikus dezakegu bi aldagairen arabera: boto emaileek zein klase sozialetan kokatzen duten beren burua eta haien ikasketa-maila. Argi ikusten da gobernuan dagoen alderdia hezkuntza-maila baxuko sektoreek elikatzen dutela neurri handi batean, eta, gehienbat pobretzat dutela beren burua. Zenbat eta hezkuntza-maila altuagoa izan boto emaileek, orduan eta babes txikiagoa jasotzen du alderdi sozialistak, eta justu kontrakoa gertatzen zaio Sumarri. Herrialde askotan ari da gertatzen ezkerrak langile “klasikoen” alderdi izateari uztearen eta ikasketa-maila altua duten sektoreetan indartzearen fenomeno hori (adibidez Alderdi Demokratarekin AEBn). Badirudi PSOEk oraindik eutsi egiten diola langile klase “klasikoari” lotutako hauteskunde nitxo horri. 

691f43b3acea0.5.png

Baina datu horietan gelditzen bagara, errealitatearen irudi oso desitxuratua emango dugu, hau da, aditzera eman daiteke PSOE dela langile klasearen hautua. Ordea, hauteskundez hauteskunde ikusten dugu gizartearen geruza ugarik ez dutela botorik eman, bereziki gaitasun ekonomiko txikiena duten horiek. Garrantzitsua da seinalatzea ezen, sektore bat politika instituzionalarekin identifikatuta sentitzen ez den era berean, gaitasun ekonomiko handiagoa duten beste sektore batzuk mobilizatzen ari direla beren estatusari eusteko, adibidez langile aristokraziaren sektoreak (funtzionarioak, kasu). Politika instituzionalarekiko desatxikimendua nahiko agerikoa da ezkerreko sektoreetan, baina ez da ahaztu behar elementu mobilizatzailea ari dela izaten PP eta VOXek elkarrekin balizko gobernu bat eratu dezaketelako ideia; hori ikusten da, adibidez, 2023ko hauteskundeetan, non parte-hartzea 4 puntu igo baitzen 2019ko hauteskundeen aldean. Desatxikimendu horren kausa, neurri handi batean, promesak betetzeko ezintasuna da, eta, beste neurri batean, promes horiek gauzatzeko anbizio eta ausardia falta. Horrek ateak irekitzen dizkie VOX eta antzeko alternatiba erreakzionarioei. Horrez gain, kontuan hartzekoak dira azken urteetan ikusten ari garen norgehiagoka pertsonalistak.

Garai aldaketa gisa ikusi zen Podemosen eta Sumarren arteko haustura, 2014an ireki zen ezkerreko espazio horren inplosio gisa

Garai aldaketa gisa ikusi zen Podemosen eta Sumarren arteko haustura, 2014an ireki zen ezkerreko espazio horren inplosio gisa. Alderdi moreak, 2023ko uztaileko hauteskundeetan Sumarrekin aurkeztu ondoren, 5 hilabeteren ondotik utzi zuen koalizioa (hamabost bat erakundek osatua), eta talde mistora igaro zen, 5 eserlekurekin. Eztanda egin zuen 2015ean 5 milioi boto baino gehiago lortu zituen alderdi hark (2023an 3 milioi boto). Esan daiteke PSOEk ondo asmatu duela bere estrategian, lortu duela ezkerreko erreferente nagusi izaten (egungo testuinguruaren aldaketen barruan, jakina), duela urte batzuk erraza ez zirudien arren. Prozesu hori erraztu egin du Podemosen etengabeko higadurak, alde batetik printzipio politiko komun irmorik ez izateak eragindakoa, eta beste alde batetik lider pertsonaletan oinarritutako politika egiteak –adibidez Pablo Iglesiasen, Íñigo Errejónen eta Yolanda Díazen figuretan oinarritutako politika–. PSOEk, beste alderdi baten sorpassoa saihestu ondoren, testuinguru berri honetan gobernatzea errazten dion makulu bat lortu du.

PSOE eta “independentismoa” 

Katalunia procésaren ondoren

Herrialde Katalanetara joan nintzen erreferendumaren aurretik; dena zen ilusio eta garaipenaren zapore. Ezinezkoa zirudien estatuak aktibismo eta mobilizazio hura guztia desaktibatzea, baina, urte batzuk geroago, ez da geratzen behinola izan zen haren itzala baino. Hain justu, PSOE dago desaktibazio eta asimilazio horren erantzuleen artean, eta ondo asmatu du bulkada hori kontzesio, klaudikazio eta konpetentzien forman bideratzen. Jakina, ez da ahaztu behar alderdi “independentistek” eta haien estrategia faltak duten erantzukizuna. Azkenean, gelditu den bakarra zera da: politikariak beren interes partidistekin salerosketan aritzen diren mahai bat, jendearen bizkarretara jarduten duena. 

Mariano Rajoyk errepresioan oinarrituz kudeatu zuen gatazka hura; Sánchezek aldatu egin du hori, baina ez erabat. Gobernu zentralak, normaltasun politikoa berrezarri eta PSOE indartzeko neurri gisa, indultu partzial bat, Zigor Kodeko sedizio delitua indargabetzea eta Amnistiaren Legea sustatu ditu. Hala ere, uste dut errepresioak alderdi batzuen irudia indartu duela, batez ere Juntsena (Puigdemont), irudi hausturazalea eman baitio, eta horrek aukera eman baitio hauteskundeei dagokienez hazteko. Hala ere, Salvador Illak atera du atarramenturik onena.

Ordenaren, baretasunaren eta legearen aldeko jarreran asimilatu da procésak sortutako euforia guztia

Procésaren ondoreneneko elementurik nabarmenenetakoa izan da jendeak desatxikimendua sentitu duela alderdiekin, sentitu baitute ez direla gai aurrerapen errealak egiteko; desatxikimendu hori ongi ikusten da hauteskundeetako parte-hartzearen beherakadan (abstentzioan eta botoaren dispertsioan). Halaber, nabarmentzekoa da bloke independentistak izan duen haustura, estrategia faltak eta norgehiagoka partidistek eragindakoa. Ez da ahaztu behar CUPen beherakada ere, 2021ean 9 eserleku izatetik 2024an 4 izatera igaro baitzen, 60.000 boto baino gehiago galduta. Argi gelditu da procésak ez duela egina zuen promesik bete, eta, indartu beharrean ahuldu egin dituela proiektu hausturazaleak. Lezio esanguratsuagoak lortzeko, alabaina, sakonago aztertu beharko litzateke hori. Ordenaren, baretasunaren eta legearen aldeko jarreran asimilatu da procésak sortutako euforia guztia. Horren guztiaren ondorioa finantzazio sistema berezi bat egiteko akordio bat izan da (2025eko uztaila), non Generalitatak lege gaitasun handiagoa izango duen zergak kudeatzeko. Kataluniako burgesiak lortu du gobernuaren mahai berean esertzea, eta, mahai horretan, mekanismo instituzionalak lortu nahian dabil mundu ordena gero eta konplexuago batean posizio hobea izateko.

691f43b3ad9ad.6.png

EH Bildu-EAJ: morroi izateko norgehiagoka

Herrialde Katalanetatik harago, Euskal Herrian bi alderdi handienen arteko norgehiagoka ireki da, ea nork lortzen duen eskumen eta diru gehien transferitzea EAEko instituzioetara. EH Bilduk EAJren estrategia berari jarraitu dio (estatutuaren eta eskumen gehiago eskuratzearen aldekoa), eta hori lagungarri izan zaio gobernuari, aurrekontuak eta legeak onesteari dagokionez. PSOErentzat eragile garrantzitsu bihurtu dira alderdi horiek, gobernu zentralari babesa eta egonkortasuna ematen diote, eta, trukean, transferentzia eta inbertsioak jasotzen dituzte autonomia-erkidegoentzat.

Argi dago, ordea, gauza bera dagoela EH Bilduren eta EAJren proposamenen azpian: EAEko instituzioei mekanismo gehiago ematea, enpresen posizioa hobetu eta gizarte maila batzuetan ongizate kuota batzuk mantendu daitezen, eta, halaber, gizarte maila horiek hauteskunde babesa eman diezaien

EAJ da oraindik ere PSOEren lehentasunezko bazkidea, izan autonomia-erkidegoetan, izan estatuan. Jeltzaleekin sortzen dituzte transferentziak (espetxeak, gizarte segurantza, trenbideaj, tituluak, Ertzaintza eta abar) eta inbertsioak kudeatzeko batzorde teknikoak. EH Bildu, berriz, goberura iristeko estrategiaren barruan, irudia aldatzen saiatzen ari da, ordenaren eta kudeaketaren alderdi bihurtuz. Boto erabilgarriaren eta “gutxienik txarrenaren” logikaren barruan, EH Bilduk Sánchezen gobernua babestu du, hura eskuinaren kontrako balazta gisa hartuta. Emaitza gisa, indarra hartu du lege batzuk onesteari dagokionez; datu batzuen arabera, gobernuaren 80 ekimen babestu zituen 2019 eta 2023 urteen artean, tartean Etxebizitzaren Legea, pentsioen erreforma, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata eta memoria demokratikoari buruzko legea. Gobernuak nolabaiteko agenda soziala eman dio Bilduri hitzezko itun batzuen bidez, baina aldebiko egiturarik gabe. Gobernuaren eta EH Bilduren arteko harremana aldakorra da, eta argi dago gero eta gehiago negoziatzen dutela ezkutuan, Nafarroako Gobernurako eta Iruñeko Udalerako babesa ematean, kasurako. Ikuskizun dago babes horiek nolako bilakaera izango duten egungo testuinguruan, gobernu zentralak legitimitate txikia duen honetan. Argi dago, ordea, bi proposamen horien azpian gauza bera dagoela: EAEko instituzioei mekanismo gehiago ematea (adibidez, gizarte segurantzan), enpresen posizioa hobetu eta gizarte maila batzuetan ongizate kuota batzuk mantendu daitezen, eta, halaber, gizarte maila horiek hauteskunde babesa eman diezaien. 

Balazta faxismoari eta neurri sozialak

Gobernuko alderdiaren beste zutabeetako bat da –akaso inportanteena– PSOEk bere burua eskuin muturra blokeatzeko eta konkista sozialak lortzeko alternatiba erreal bakar gisa aurkeztea. Boto erabilgarriaren eta botoa alderdi sozialistaren inguruan kontzentratzearen estrategia hori oso eraginkorra ari da izaten babesa eta egonkortasuna lortzeko. Gainera, egonkortasun hori indartzen dute baketze sozialeko politikek, nagusiki PSOEk UGTn eta CCOOn dituen babes sindikalak eragindakoek; izan ere, Sánchezen alderdiaren beharren arabera aktibatzen eta desaktibatzen dira.

PSOEk ondo irakurri du testuinguru berria, bai hauteskundeei eta bai gizarteari dagokionez, eta hartara egokitu da, jakinik 2008tik aldatu egin direla gauzak, eta orain beste era batera egin behar direla. Eta, gauzak egiteko beste modu horren barruan, garrantzi ikaragarria du komunikazioaren elementuak, zeinak lotura estua baitu gertakariei buruz zeure narratiba ezartzeko gaitasunarekin. Sánchezen alderdia bete-betean sartu da borroka kultural horretan –eskuin muturrak denbora luzea darama horretan–, eta horrek polarizazio sozial handi samarra sortu du progresisten eta kontserbadoreen/erreakzionarioen artean. Garrantzirik gabeko gauzetan ere ikusten da hori, adibidez El Hormiguero eta La Revuelta telebista-saioen arteko ika-mikan.

Ikasturte politikoa uztailaren bukaeran amaitu zen, Pedro Sánchezek eman zuen prentsaurreko batekin: “Cumpliendo” izeneko agerraldi hartan, presidentea eta haren gobernua harrokeriaz mintzo ziren izandako aurrerapen “handiez”. Gobernua gero eta esfortzu handiagoa ari da egiten gezurrei eta fake news direlakoei aurre egiteko (interesatzen zaizkion horiei), eta gauzak hobetzen doazelako kontakizuna ezartzeko. Aurrerapen horiek datu forman aurkezten dituzte, kudeatzaile on eta fidagarri gisa agertu nahian herritarren aurrean. Sozialdemokraziari –eta are gehiago orain– egiten duena aitortu behar zaio, eta ez egiten duela esaten duen hori. Ikus dezagun zein diren ahotan darabiltzaten aurrerapen horiek.

Neurri sozialak

Gobernuak lan erreforma bat bultzatu zuen aurreko lan erreforma (PPrena) indargabetzeko premisaren pean. Ordea, egungo lan testuingurura egokitu dute indargabetu baino gehiago, datuez gehiago makillatuta. Gobernuak paparra puztuta esaten du inoiz baino afiliatu gehiago dagoela eta milaka kontratu sinatzen direla, baina errealitatea da lan kaleratzeak merke ateratzen direla, eta prekarietateak gero eta gehiago egonkortzen jarraitu duela. Langabezia txikitzeak ez dakar ongizatea; horren adierazgarri da 2023. urtean lanean ari ziren 3,5 milioi pertsona pobrezia-atalasean egotea. Ez da ahaztu behar datuek, maiz, gehiago ezkutatzen dutela erakutsi baino. Hori ondo ikusten da langabeziaren datuarekin; izan ere, ez ditu barne hartzen aktibo ez dauden aldizkako langile finkoak, eta horrek %31 txikitzen du zenbaki hori. Prekarietatearen eta sasoikako lanaren testuinguru horri inflazioaren elementua gehitu behar zaio, datu batzuen arabera %15 inguru murrizten baititu soldataren diru-sarrerak.

Beste neurri handietako bat, Zapaterok bultzatutako erreformaren jarraipen gisa, erretiro adina atzeratzea da. 2025ean, 66 urte eta 8 hilabetean dago adin hori, eta 2027an 67 urtekoa izatea da asmoa. Gobernuak esango du hobetu egin dela pentsiodunen egoera, baina, egiaz, Estatuko 4,6 milioi lagunek baino gehiagok 1.000 euro baino gutxiago jasotzen dituzte pentsioan, eta % 57 ez da iristen gutxieneko soldatara.

Urte gehiago eta baldintza okerragoetan egin beharko dugu lan, eta, laguntza sozialik behar baldin badugu, propaganda eta oztopo burokratikoak izango ditugu galanki, baina eraginkortasun eskasa. Datuek argi diote: laguntza horiek lortzeko modua izan dezaketen pertsona gehienek ez dute halakorik lortzen, eta lortzen dituzten horiei kontrol neurri zorrotzak aplikatzen zaizkie. Bitartean, gizartearen %20 pobreenak baino hiru bider laguntza gehiago jasotzen ditu %20 aberatsenak. Kontuan hartzekoa da soilik migratzaileen %11k jasotzen duela laguntza sozialen bat, nahiz eta batez bestekoak baino %30 txikiagoa den haien soldata, eta Europar Batasunetik kanpoko pertsonen %60,4 pobrezia-arriskuan dagoela. Garrantzitsua da hori gogoratzea gorakada erreakzionarioaren garaiotan.

Etxebizitza

Etxebizitza da eta izango da legealdi honetako beste gai nagusi bat. Etxebizitza Lege berriaren ekarpen handiak bolo-bolo darabiltzate gobernuak eta lege hori onetsi zuten bazkideek. Kapitalisten onurak bermatuz eta ziurtatuz arazoa konpontzea proposatzen du lege horrek. Bada denbora bat legea onetsi zela, eta denak konturatu dira arazoa larriagotu besterik ez dela egin. Prezioen alimaleko igoeraren eraginez, etxetik kanporatzen dituzte sektorerik zaurgarrienak, eta handitu egiten dira jendeak hilaren bukaerara iristeko dituen zailtasunak; horrek, halaber, eragina du beste arlo batzuetan, hala nola elikaduran eta pobrezia energetikoan. Baina barregarriena zera da, badirudiela PSOEk ez duela inongo erantzukizunik izan krisi honetan, baina bera izan dela 2008aren ondorengo azken higiezin ziklokoko protagonistetako bat, espekulatzaileei eta inbertsio funtsei ateak ireki dizkiena. Gobernua eta haren bazkideak ezkutatzen saiatzen badira ere, datuek argi hitz egiten dute: Batetik, 2021ean, 41.000 etxegabetze baino gehiago gauzatu zituzten, “debekatuta” egonagatik; bigarrenik, Langile batek soldataren 52 urte behar ditu etxebizitza bat erosteko; eta hirugarrenik, Alokairuaren prezioa %14 igo da 2024an bakarrik.

Eta beste aukerarik ez duzulako etxebizitza bat okupatu behar baduzu, gero eta zailtasun handiagoak izango dituzu, gogortzen ari baitira Zigor Kodea. Horri okupazioaren estigmatizazio soziala gehitu behar zaio, eta biztanle zaurgarrienen kontrako diskurtsoak eta praktika faxistak –tartean desokupazio enpresak– legitimatzeko diskurtsoen ugaritzea. Eskuin muturrak elikatzen du fenomeno hori, baina gero eta presentzia handiagoa du gizartean oro har eta arku parlamentario osoko diskurtsoetan.

Militarismoa

Militarismoaren munduko gorakadaren eta haren “Rearm Europe” adierazpenaren aurrean, bere burua Europaren mendekotasunetik bereizten saiatu da Sánchezen gobernua, gastu militarra %2 handitzeari edo Palestinako Estatua aitortzeari buruz egin dituen adierazpenetan ikusi dugunez. Beste behin ere, hori boto emaileen aurreko irudia hobetzeko makillajea da, errealitatean erabat subordinatuta baitago agenda atlantistara. Pedro Sánchezek iragarri du 10.000 milioi baino gehiago handituko duela aurrekontu militarra aurten, eta NATOk agindutako %2 horretara iritsiko dela, 22 ministerioen artean bigarren finantzazio handiena defentsakoari emanez, soilik Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioaren finantzazioaren atzetik.

Kanpo politikari dagokionez, nabarmentzekoa da Sánchezek etengabe babestu duela Ukraina: 2.950 milioi euro baino gehiago bidali ditu hara, 2.000 milioi euro baino gehiago laguntza militar zuzenean, 840 milioi laguntza finantzarioan eta 110 milioi laguntza humanitarioan. Gainera, “Ukraina berreraikitzeko bulegoa” sortu du, Espainiako enpresek negozioa egin dezaten gerraren suntsiketaz baliatuz. Bestalde, Saharako herria abandonatu du Marokoren autonomia-plana onartuz, eta, horrela, kolpe bakarrez deuseztatu du autodeterminazioaren aldarrikapen historikoa. Ez da ahaztekoa, orobat, Sánchezek Palestinako genozidioarekin duen konplizitatea, ez baitu triskantza horren kontrako neurri errealik hartu neurri kosmetikoez harago. Espainiako Estatuan ez da egon zigorrik, kontu izozterik, armamentuaren konfiskaziorik edo armagintza-enpresen negozioaren blokeorik.

Horrez guztiaz gain, errepresio neurriak handitu dira, izan agente errepresiboen kopurua handituz, izan Zigor Kodea gogortuz (ebasketak, okupazioa…). Horren harira, esan behar da ezen, historiako gobernu progresistenak Mozal Legea indargabetzeari buruz egindako promesak gorabehera, lege horrek 10 urte bete dituela aurten. Hamarkada horretan, 2 milioi zigor prozesu baino gehiago ireki ditu, 1.200.000 euro baino gehiago bildu ditu, eta %42,92 igo dira jarduera politikoari lotutako zigorrak. Ez da ahaztu behar Pablo Hásel eta Valtonyc raperoen kontrako errepresioa, ezta La Suizako 6en kontrako kondena, duela gutxi aterea. Argi dago autoritarismoranzko joera ikusten dela, izan kanpoan, NATOren egitura militarra indartzen ari baita, izan Espainiako Estatuan, estatuaren errepresio mekanismoak sendotzena ari diren aldetik.

Ezkerrak ez du lapurtzen

Neurri handi batean, PPren ustelkeriak utzitako ajearen ondorioz iritsi zen gobernura PSOE. 7 urte geroago, egoera berean gaude: ustelkeria-kasuak tantaka-tantaka higatzen dute gobernatzen duen alderdia, eta oposizioak etekinak atera nahi ditu horretatik, eta gobernura bueltatu.

691f43b3ae3d1.7.png

Bazirudien PSOEk babes nahiko handia zuela (Sumar, ERC, EAJ, EH Bildu, Junts…), baina hori guztia pikutara joan daiteke tartean sartuz gero Espainiako politikagintzaren mamu zaharra: ustelkeria. Berriz ere, agerian gelditzen da egiturazkoa dela kargu publikoen eta botere ekonomikoaren esferako batasun eta elkarrekiko mendekotasuna. Kalkulu batzuen arabera, erregistratutako ustelkeria-kasu guztien kostuek 125.000 milioi euroko kostua izan dute (alderdi eta sindikatuetakoak; 588 bat kasu eta 3.848 kide inplikatuta).

Gobernua aldatzeak eta, bitartean, zutabeek bere horretan jarraitzeak nahiko ondo laburbiltzen du azken hamarkadako Espainiako Estatuko politika: etengabeko aldaketasentsazio bat, egiaz ezer aldatu ez bada ere

Ikusteko dago zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan; izan ere, hauteskundeak 2027an badira ere, gobernua irailean hasten da hurrengo urteko aurrekontuak aurkezten eta haietarako babesa biltzen, eta badirudi komeriak izango dituela. Ikusiko dugu gobernuaren bazkideak zenbateraino diren egonkorrak, edo ea gobernagarritasun ezaren eraginez berriz aurreratuko dituzten hauteskundeak, non gobernatzeko probabilitate handia bailukete PPk eta VOXek.

Ondorioa

Sistema hau intrintsekoki dago desordena konstante batekin lotuta, etengabeko turbulentzia eta aldaketekin, eta horrek isla zuzena du hauteskundeetako norgehiagokan. Aldaketa ekonomiko eta sozialek joan-etorriak sortzen dituzte alderdiek dituzten babesetan, inoiz gelditzen ez den gurpil batean. 2008an, testuinguru ireki batean, aldaketa-momentu bat ekarri zuen; alderdi berriak sortu ziren eta zaharrek egokitu egin behar izan zuten. Hauteskunde-logikak etengabeko aldaketaren sentsazio faltsu bat sortzen digu; ordea, zutabeek beren horretan jarraitzen dute. Uste dut ideia honek nahiko ondo laburbiltzen duela azken hamarkadako Espainiako Estatuko politika: etengabeko aldaketa-sentsazio bat, egiaz ezer aldatu ez bada ere . Sozialdemokraziak, forma klasikoan edo populistan, bere funtzio historikoa erakutsi du: ordena soziala betikotzea, sistemak sortutako desatxikimendua boto bihurtuz eta iraultzarako aukera oro blokeatuz.

EZ DAGO IRUZKINIK