Gaur egungo gizartean gerta daitekeen biolentzia oro gizarte horren eta hari eusten dioten horien erantzukizuna da, ez beste inorena. Zapalduaren lana bere burua askatzea da, eta bitartekoak inposatu egiten zaizkio. Nolabaiteko dilema moral batengatik bitarteko horiei uko egitea askatasunari uko egitea da; izan ere, bitarteko horiek ez dira haietaz libra gintezkeen istripu kontingente batzuk, baizik eta harreman sozial batzuen adierazpen objektiboak, eta haien manifestazio-bitarteko historikoak. Hori horrela izanik, hasieratik bertatik da faltsua biolentziaren –edo borrokaren beste zenbait manifestazio-formaren– alde edo kontra egon beharko ote genukeen planteatzen digun dilema, historia desitxuratzen eta lausotzen baitu, eta, hortaz, etsaiaren sistema moralaren parte da.
Hasieratik bertatik da faltsua biolentziaren –edo borrokaren beste zenbait manifestazio-formaren– alde edo kontra egon beharko ote genukeen planteatzen digun dilema, historia desitxuratzen eta lausotzen baitu, eta, hortaz, etsaiaren sistema moralaren parte da
Dilema moral hori, maiz, iraganeko balorazioei lotuta ageri zaigu. Eta hori egitea hain da absurdua, ezen iragandako egitate batek gertatu behar ote zuen ala ez aztertzen baita –hori ikusi dugu, besteak beste, ezker abertzaleak eta ETAko militanteek autokritika egin eta “inoiz ez zuela gertatu behar” esan dutenean–; ordea, errealitatea da egitate hori gertatu dela dagoeneko, eta zerbaitegatik gertatu dela.
Horri gehitu behar zaio, gainera, errebisionismo historikoari lotua egon ohi dela dilema morala, eta errebisionismo hori gaur egungo egoeran dela, non galdua baitago iraganeko gertaeren suhartasuna; suhartasun horrek, borroka-prozesu eta iraultza guztietan gertatu ohi den moduan, arrazionalitate politikoa eta mugimenduaren zuzendaritza kontziente bat ordezkatzen zuen, baina ez ezabatzen. Alabaina, borroka-ziklo baten porrotak disolbatu egiten du suhartasun iraultzailearen oinarria, arrazionalitate politikoa alegia, eta bien arteko –suhartasun iraultzailearen eta arrazionalitate politikoaren arteko– konexio historikoa desegiten du; horrela, derrotismoan eta porrot politikoan erortzen da, hainbesteraino, non zalantzan jartzen baita biolentziaren erabilera, eta, harekin, zapalduak bere askatasunaren alde borrokatzeko duen eskubidea.
Borroka-ziklo baten porrotak disolbatu egiten du suhartasun iraultzailearen oinarria, arrazionalitate politikoa alegia, eta bien arteko –suhartasun iraultzailearen eta arrazionalitate politikoaren arteko– konexio historikoa desegiten du; horrela, derrotismoan eta porrot politikoan erortzen da
Alabaina, dilema moral hori ez dago iraganeko gertakariekin bakarrik lotua. Halaber, gertatzen egon behar ez luketen gertakariei ere erantzuten die. Gertakari horiek, ez luketenez gertatu behar, irrazionalitate arraro batengatik gertatzen dira, errealitate honi eta are gutxiago sistema kapitalistari ez dagokion fenomeno batengatik. Ondorioz, aurreko mendeko kontzentrazio-esparru faxista eta nazietan bezala, zeinak “ez zuten inoiz gertatu behar”, potentzia kapitalistak, egun, “beste garai bateko” sarraskitze-esparruak eraikitzen ari dira. Dilema, hortaz, nabarmen kontraesankorra da; gertatu behar ez zuen hori beste garai batekoa bada, garai hartan ekidinezina zelako gertatuko zen, hau da, gertatu behar zuelako. Hortaz, gertatu behar zuelako gertatu bazen, gertatu behar duelako ari da gertatzen orain ere.
Artekaren aurreko zenbakian dilema moral horren antzeko adierazpen bat ikusi genuen. Bazirudien faxismoaren aurreko mendeko agerpena bereizirik zegoela gizarte liberal kapitalistatik; faxismoak berak ere antikapitalista gisa aurkeztu zuen bere burua hasieran. Eta hala izan balitz ere –nahiz eta ezinezkoa den–, antikapitalismoaren izenean gertaturiko ezer ez litzateke gizarte kapitalistaren eta haren defendatzaileen erantzukizunetik kanpo egongo, biolentzia iraultzailea ere kanpo ez dagoen bezalaxe, burgesiak haren ondorioak zapalduen borondate txarrari egotzi nahi dizkion arren.
Hona hemen dilema moralaren faltsutasuna: gizarte kapitalistak eta potentzia handiek entzungor egin nahi diote faxismoaren goraldian haiek duten erantzukizunari “ez zuela gertatu behar esanez”, eta, bitartean, haien gaur egungo gizartea eta dominazio kapitalista “gertatu behar ez zuen” horren produktu dira, faxismoa ez baitzen abangoardia burges antolatua besterik, zeinak, gerraren eta autoritarismoaren bitartez, munduko ordena berri bat ezarri nahi baitzuen, hau da, menderakuntza-subjektu berri bat, forma politiko berri bat burgesiarentzat, nola eta burgesiaren klase-batasunak eta haren sistema guztiak bidea egiteko duen modu bakarrean, hau da, biolentziaren bidez.
Hortaz, juduen sarraskia –denbora luzean zapaldu baitzituzten Europako potentziek eta beren estatuetatik kanporatu–, eta koadro komunisten sarraskia, faxismoak eta nazismoak egina, burgesia guztiaren programaren gailurra dira, dudarik gabe, burgesiaren interesen adierazpen perfektuak, nahiz eta orain potentzia kapitalista guztiak zinismoz mintzo diren iraganaz, ihes eginez beren erantzukizunei, baita eta sistema kriminal honek –burgesiaren dominazioaren oinarria– gerretan, kontrairaultzetan eta kontzentrazio-esparruetan milioika gizaki, pobre, proletario eta besteren sarraskian duen erantzukizunari ere.
Hortaz, juduen sarraskia –denbora luzean zapaldu baitzituzten Europako potentziek eta beren estatuetatik kanporatu–, eta koadro komunisten sarraskia, faxismoak eta nazismoak egina, burgesia guztiaren programaren gailurra dira, dudarik gabe, burgesiaren interesen adierazpen perfektuak
Horren ezer ezin da ezkutatu komunismoak ustez eragindako heriotzekin, eta, jakina, iraultzaren biktima bat ere ez da iraultzaileen erantzukizuna. Zenbaki honetan aztergai ditugun kontzentrazio-esparruak ere ez dira sistema kapitalistatik aparteko zerbait, baizik eta sistema horren dominazio-logikaren berezkoak, eta harentzat beharrezkoak, baita komunismoari leporatu zaizkion horiek ere. Izan ere, gizarte hori ez zen bere oinarri propioetatik sortu eta garatu, baizik eta, Marxek aurreratu zuen moduan, beste gizarte baten zimenduetatik, zeinak denbora jakin batean aurrekoaren aje berberak dituen, eta, askotan, haren soluzio eta erantzunak behar dituen. Ezin dezakete gauza bera esan gizarte kapitalistak eta burgesiaren klaseak, zeinak, beren garaipen iragankor baina sobera goraipatu baten ondoren ere, kontzentrazio- eta sarraskitze-esparruak behar baitituzte biziraupen-tresna gisara.
HEMEN ARGITARATUA