ARGAZKIA / Amaiur Ruiz, Irune Juangarcia & Ekhiotz Arbee
Aimar Nuñez
2025/06/06

Bigarren Mundu Gerra SESBeko Alderdiak zuzendu zuen irmotasunez eta, aldi berean, pragmatismoz. Sozialismo ekonomikoa eraikitzeko premiak zuhurtasunez jardutera behartu zuen Sobietar Batasuna gerra hasieran eta gerra aurretik. Bestalde, gerraren garapena zela eta, beharrezkoa zen komunismoarekin zerikusia zuen oro suntsitzeko prest zegoen erakunde deitoragarri bati aurre egiteko moralki gertu zegoen armada bat. Hori dela eta, nazioarteko komunismoak hartu zuen deribarekin bat egiten zuen kanpaina nazionalista bat gauzatu zen. Jarraian, gerraren zein aurreko hamarkaden garapena azalduko da, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren (KPSS) bilakaerarekin eta funtsezko erabakiekin batera.

SOZIALISMOA HERRIALDE BAKARREAN ETA FAXISMOAREN GORAKADA

1920ko hamarkadan, ezabatu egin ziren komunismoak Europan irabazteko aukerak. SESBek Kontinente Zaharrean egindako inbertsioak ahuldu egin ziren elementu sozialchauvinistaz erabat kutsatutako sozialdemokrazia errebisionistak langile-­klasea traizionatu zuenean; izan ere, azken horrek etorkizun itxaropentsu baina funtsean ezinezko bat erakutsi zion langile-klaseari, kapitalismoaren kontraesanak berehala azaleratuko baitziren berriz. Hori dela eta, SESBek komunismoa hedatzeko zuen misioa atzeratu egin behar zen, eta sozialismoa herrialde bakarrean eraikitzea bihurtu zen funtsezkoa, sistema kapitalistaren aurka balio zezan, une horretan berreraikitzen ari baitzen. Nolanahi ere, kontakizun aldaketa honek, azkenean, helburua SESB bera zela eman zuen ulertzera.

Testuinguru horren baitan, Komiternaren 1927ko VIII. osoko bilkurarekin bat eginez, KPSSk –Stalinen gidaritzapean– adierazi zuen nazioarteko langile mugimenduarentzat auzi premiazkoena Sobietar Batasunaren aurkako gerra bat izan zitekeelako arriskua zela. Gerra antikomunista baten mehatxua gero eta handiagoa zen, eta Alemania aliatuak bilatzeko Mendebaldean egiten ari zen saiakerek argi erakusten zuten iragankorrak zirela Rapalloko Hitzarmeneko politikak. Hori dela eta, Mendebaldeko sozialdemokraziek bultzatutako armagabetze kanpainen aurkako kritika irekia egin zuen KPSSk; izan ere, haren ustez, alferrikakoak ziren, eta beren bultzatzaileak “sozialinperialista” bihurtzen zituzten.

Komiternaren VI. biltzarrak 1928an ondorioztatu zuenez, gerra kontrairaultzaile bat egonez gero, taktikak argia izan behar zuen: munduko proletarioek euren gobernuen porrotaren alde borrokatu behar zuten, eta beren jarduna SESBek zehaztutako estrategiara subordinatu. Armada Gorria babesteko eta sobietar lurraldeen baitan bakeari eusteko betebeharra ezarri zen, hura armatzea eta haren industria garatzea errazteko helburuarekin. Ordudanik, KPSSk gerra inperialistaren aurkako makineria propagandistiko handi bat jarri zuen martxan.

1920eko hamarkada bukaerako krisi globalaren erdian, Alderdiak “klasea klasearen aurka” estrategia sustatu zuen, eta, haren bidez, ofentsiba fase bat proposatu zuen, Europako langile klasea faxismoaren aurka batzeko, baina alderdi sozialdemokratak sozialfaxistatzat kategorizatuta. Estrategia hori indarrak fronte bakarrean bateratzean zetzan, baina sozialdemokraziarekin hautsi beharra ezartzen zuen aurrebaldintza gisa. Betebeharrak argi zeuden: faxismoaren aurka eta aberri sozialistaren alde batzea. SESBek irabaztea zen helburua, eta kontrairaultzailetzat hartuko zen edozein desbideratze. Alabaina, emaitzak ez ziren esperotakoak izan, eta, frente antifaxista masibo bat baino gehiago, joera sektarioa ekarri zuen.

Paraleloki, “sozialismoa herri bakarrean” teoria Stalinek gauzatu zuen Trotskiren “etengabeko iraultza” teoriari kontrajarriz, zeina ordurako ahulduta baitzegoen. Bi korronteen arteko tentsioa handitzen joan zen, harik eta 1927an bai Trotski eta bai Zinoviev (Stalinengandik urruntzen joan zen) Alderditik kanporatu zituzten arte. Une haren eraginez, estalinismo deiturikoa leninismoaren jarraipen gisa determinatu zen, Trotskik ukapen thermidorianotzat jo zuen arren.

Stalinek hazkuntza industrialeko, etxaldeen kolektibizazioko eta “deskulakizazioko” garai bat hasi zuen, SESBen gaitasunak Alemania nazia garaitzeko gai izateraino handitzeko helburuz, eta, horretarako, industria astunaren garapena lehenetsi zuen arinaren kaltetan; horrek ondorio nabarmenak izan zituen biztanlerian. SESBeko biztanleen errenta %86 eta %110 hazi zen lehen bi bosturteko planetan, eta hirugarrean ere handituz joan zen, gerraren hasierak igoera hori eten zuen arren.

GERRA AURREKO KANPO HARREMANAK: 30eko HAMARKADA

1930eko hamarkadan zehar, Sobietar Batasunak dinamika bikoitza izan zuen kanpo-politikari dagokionez. Batetik, nazioarteko harremanak hobetzen saiatu zen, elkar ez erasotzeko itunak sinatuz besteak beste Turkiarekin, Persiarekin, Baltikoko herrialdeekin eta Errumaniarekin. Politika horren helburua Urriko Iraultzaren osteko isolamendu diplomatikoa amaitzea zen. Testuinguru horren baitan, Estatu Batuek diplomatikoki onartu zuten SESB 1933an, eta hura  Nazioen Ligan sartu zen 1934an. Hala ere, ekimen horiek bigarren planoan geratu ziren bosturteko planak abiaraztean, SESBek industrializazio bizkorrera eta barne boterea indartzera bideratu baitzituen bere ahaleginak.

Mendebaldeko sozialdemokraziek bultzatutako armagabetze kanpainen aurkako kritika irekia egin zuen KPSSk; izan ere, haren ustez, alferrikakoak ziren, eta "sozialinperialista" bihurtzen zituzten beren bultzatzaileak

Aldi berean, tentsio gorakorreko giroa eragin zuen komunismoaren aurkako jarrera nabarmena zuten potentziak sendotu izanak, hala nola Alemania nazia, Italia faxista eta japoniar inperialismoa. 1933an, Hitlerrek boterea hartzearekin batera, kanpaina antikomunistak hasi ziren. Lehen urteetan Alemaniaren eta SESBen arteko harreman ekonomikoak nahiko egonkor mantendu baziren ere, mehatxu ideologikoa indartu egin zen gerora.

1935etik aurrera, Alemaniarekiko tentsioak handitu ziren. Orduan, sobietar politikak  norabidea aldatu zuen, eta nazioarteko batasun antifaxista bat eratzen hasi zen, Europako alderdi sozialistekin batera Herri Fronteak sustatuz, estrategia interklasista baten baitan.

Kanpo mehatxu gorakor baten testuinguruan, KPSSk Estatu sozialistaren papera birformulatu zuen, eta Alderdian, bitartean, eztabaidagai bihurtu zen Estatu sozialistaren existentzia bera. 1938ko diskurtso batean, Stalinek dogmatismoa ukatu zuen, eta defendatu zuen setio kapitalistaren aurrean Estatuari indartsu eutsi behar zitzaiola, egoera konkretuaren analisi konkretua eginez. Posizionamendu hori justifikatzeko, nabarmendu zuen Estatua funtsezkoa zela bai hezkuntza sozialistarako eta baita sozialismoaren eraikuntza ekonomikorako ere. Norabide hori berretsi egin zen KPSSren XVIII. biltzarrean.

1935etik aurrera, sobietar politikak  norabidea aldatu zuen, eta nazioarteko batasun antifaxista bat eratzen hasi zen, Europako alderdi sozialistekin batera Herri Fronteak sustatuz, estrategia interklasista baten baitan

Era berean, Internazional Komunista (Komiterna) ahuldu egin zen. 1929 eta 1943 artean, Munduko Biltzar bakarra egin zen, eta KPSSk gainerako alderdi komunistak gidatzeko erabiltzen zuen erreminta mediatiko bihurtu zen Komiterna. Hori kritika iturri izan zen, batez ere trotskisten aldetik, iritzi baitzioten erakundeak utzia ziola benetako nazioarteko estrategia iraultzaile bat ordezkatzeari. Bitartean, Internazional Sozialistak batasunik gabe eztabaidatzen zuen faxismoaren funtsaren inguruan, inolako aurrerapausorik eman gabe. Vanderveldek, besteren artean, faxismoa Europa ekialdeko herrialde azpigaratuen berezko fenomenoa zela kategorizatu zuen.

Hogei urte lehenago Internazional Sozialistak gerraren aurrean izan behar zuen zereginaren inguruan izandako eztabaida hura, garai hartan, faxismoaren aurrean hartu beharreko jarrerari buruzkoa izatera igaro zen. Nolanahi ere, emaitzak berak izan ziren: gaitasun eza eta dekadentzia, langile klasea suntsitzera zatorren fenomeno baten aurrean.

GERRA: HASTAPENAK ETA INTERPRETAZIOA

Faxismoaren mehatxua handitzen zen bitartean, Frantziak eta Erresuma Batuak baketze politika bat sinatu zuten, eta lehenik Austria eta ondoren Txekoslovakia okupatzeko bide eman zieten naziei.

Ziurtasunik ez zen eta Mendebaldeak konpromisorik ez zuen testuinguru horretan, SESBek eta Alemaniak elkarri ez erasotzeko itun bat sinatu zuen 1939ko abuztuan (Ribbentrop-Molotov izenez ezaguna). Egun batzuk beranduago, Alemaniak Polonia inbaditzearekin batera, Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta, jarraian, Sobietar Batasunak herrialdearen ekialdea okupatu zuen. Aipatutako itunaren ondorioz, SESBek Baltikoko herrialdeak, Besarabia eta Bukovina ere anexionatu zituen, eta borrokak izan zituen Finlandiarekin eta Japoniarekin. Komunismoaren mehatxua mahai gainean zegoen, eta horren aurrean prestatu beharra zegoen.

Ikuspegi teorikotik, gerra piztu izana 1914an bezalatsu interpretatu zuen KPSSk: gerra erreakzionario eta inperialista bat, zeinetan langile klaseak ez zuen parte hartu behar. Irakurketa horren arabera, Frantzia eta Ingalaterra ez ziren demokraziagatik edota herrien askatasunagatik borrokatzen, baizik eta euren dominazio inperialista mantentzearren. Marko horren baitan, komunistek euren gobernuen aurkako propaganda egin behar zuten, ez haiek babestu.

Beranduago, kontakizuna aldatu egin zen: baieztatu zuten gerra hasieratik izan zela antifaxista, eta SESB hartara batzeak izaera hori indartu baino ez zuela egin. Modu horretara, aurreko urteetan sobietarrek Alemaniarekin izan zuten politikaren fase pragmatikoak justifikatzen zituen narratiba bat finkatu zuten, eta berrarmatzea funtsezkoa zela argudiatu. Hortaz, KPSSk definitu zuten kontraesan kapitalistetatik bereizi ezin den elementua zela gerra, baina kapitalismo kritikoaren aurpegietako bat baizik ez zen elementu sozioekonomiko bat zuena: faxismoa.

BARBAROSSA OPERAZIOA ETA ALDERDIAREN BERRANTOLAKETA

Ondorengo lerroetan, Alderdiak gerran zehar izandako garapena eta Mendebaldeko historiografiatik eta historiografia trotskista edo khrustxoviarretik eratorritako zenbait mitoren atzean dagoen errealitatea uztartuko dira.

Alemaniak aurrera egiten jarraitzen bazuen ere, Frantziak eta Erresuma Batuak SESBen gaitasun militarra gutxiesten jarraitzen zuten, baita alemaniarrek Austria eta Txekoslovakia okupatu ondoren ere. Diplomazialari britainiarren hitzetan, SESB “gaitasun militar eskaseko” potentzia gisa ikusten zuten. Hitlerrek eta haren ingurukoek ere berdin gutxiesten zuten. Führerrak berak Bulgariako diplomazialari bati Armada Gorria “irrigarria” zela esan zion. Kontrara, hori pentsatzea akats estrategiko ikaragarria izan zen. Goebblesen egunerokoak erakusten duenez, sobietar makineriak ez zuen erresistentzia bakarrik egin, baizik eta mobilizazio nazional izugarria lortu zuen, bai militarra, bai zibila.

Barbarossa Operazioa kolpe handia izan zen Alderdiarentzat; izan ere, prestaketa lanetan bazebilen ere, ekialdeko frontearen leherketa atzeratzen zen egun bakoitza onuragarri zitzaion. 1939an, Alderdi Komunistak bederatzi hegazkin fabrika handi eraiki zitzaten agindu zuen eta, 1941erako, SESBek 2.700 hegazkin moderno eta 4.300 tanke inguru zituen. Gerrarako prestaketa industriala, egiaz, interpretazio khrustxoviarrak zioenaren kontrara, askoz lehenagotik zetorren.

Ofentsiba faxista hasi bezain laster, Stalinek 11 orduko bilera bat gidatu zuen, eta, ondorengo egunetan, Alderdiak gerraren kudeaketarekin lotutako auzi ororen kontrol zuzen eta xehea hartu zuen. Erabaki estrategikoak zein xehetasun txikiak izan zituzten eztabaidagai, adibidez Pravdan argitaratutako artikuluen izenburuak. Sobietarren erantzuna azkarra izan zen: inbasioa hasi aurretik, maiatzetik ekainera bitartean, 800.000 erreserbista mobilizatu zituzten. Eta erasoa gertatu eta bi egun eskasera, Ebakuazio Komitea martxan jarri, eta 1.500 fabrika handi baino gehiago eraman zituzten ekialdera; logistika prozesu erraldoia zen, aste batzuk lehenago hasia. Ahalegin horiek posible izan ziren, hain zuzen, Uraletan, Siberian eta Kazakhistanen gune industrial berri bat egiteko proiektua egin zuelako Alderdiak, kanpo erasoei eusteko eta deszentralizatzeko estrategia baten barruan.

KPSSk definitu zuen kontraesan kapitalistetatik bereizi ezin den elementua zela gerra, baina kapitalismo kritikoaren aurpegietako bat baizik ez zen elementu sozioekonomiko bat zuena: faxismoa

Alderdia berrantolatu egin zen. Estatuaren defentsarako kuartel nagusi bat ezarri zuen, Stalinek gidatuko zuena eta zuzenean koordinatuko zena Estatuko Defentsa Komitearekin eta Kontseilu Militarrekin. Hortik, Armada Gorriaren mugimendu estrategikoak ez ezik, kudeaketa industriala, frontearen morala eta biztanleen mobilizazioa ere antolatu ziren. Komosomol erakundeak, hau da, Alderdiaren gazte antolakundeak, 1941ean soilik, 95.000 militantetik gora bidali zituen frontera, entrega eta diziplina indar eredugarri moduan. Komite Zentraleko kide garrantzitsuak ere frontera joan ziren operazioetan zuzenean parte hartzeko, zuzendaritzaren erabateko konpromisoaren erakusgarri.

Alderdiaren egiturek egokitzeko gaitasun harrigarria erakutsi zuten. Fakzio lokalek etenik gabe jarraitu zuten, baita borroka zuzeneko guneetan ere, hala nola Ukranian, Bielorrusian, Moldavian edota Baltikoko errepubliketan. Eskualde-, udalerri- eta distritu-komiteek modu aktiboan hartu zuten parte erreserbistak mobilizatzen, gotorlekuak eraikitzen edota biztanleak eta baliabideak ekialdera ebakuatzen.

Dinamika horren alderdi esanguratsuenetako bat izan zen etengabe arduratu zirela armadaren moralaz. KPSSko zuzendaritzak bazekien erresistentzia ezin zela baliabide materialen bidez soilik mantendu, baizik eta konbikzio ideologiko sendoak behar zirela. Horretarako, propaganda eta agitazio politikorako organoak berrantolatu zituzten, eta frontean komisario politiko militarraren figura ezarri zuten, fronteko kideen artean moral altuari eta Alderdiarekiko zuten konfiantzari eusteko. Alabaina, aldaketa erretoriko nazionalista funtsezko elementu ideologiko bat izan zen; zentzu horretan, “heroi nazional” errusiarrak berpizteaz gain, aberriagatik egin zuten borroka, eta horri elementu eta termino nazionalista ugari gehitu zizkioten, etorkizunean internazionalismo proletarioa garatzeko potentzialki kaltegarriak izango zirenak.

Ahalegin integral horrek guztiak Alderdi Komunistari aukera eman zion arrisku handiko une hartan kontrola mantentzeko, erresistentzia bultzatzeko eta moral kolektiboa indartzeko. Alderdiak gizarte osoa mobilizatzeko izan zuen gaitasuna funtsezkoa izan zen alemaniarren lehen kolpeari eusteko (galera ikaragarriak izanagatik ere) eta baita, geroago, kontraerasora igarotzeko ere.

ALEMANIAREN OFENTSIBA

Hitlerren hasierako estrategia frontean gudu erabakigarri bakar bat eragitea izan zen, sobietar boterearen gehiengoa kolpe bakarrez suntsitzeko helburuarekin. Blitzkrieg deitu zioten. Jeneral sobietar batzuek onartu egin nahi izan zuten hasiera batean, baina KPSS ez zen tranpan erori.

Sobietarren defentsarako antolaketa taktikoak erresistentzia eta egokitze gaitasun ikaragarria erakutsi zuen hasieratik, nahiz eta batzuetan garaitua izan mugikortasunari dagokionez. Besteak beste Smolensk, Leningrad, Kiev, Odesa eta Sebastopol hiri garrantzitsuek defentsa eredugarria izan zuten. Leningrad etengabe irismen luzeko bonbez bonbardatzen zuten bitartean, milaka langilek gotorlekuak eraikitzen lan egin zuten gau eta egun, eta ia menderaezin bihurtzea lortu zuten. Kiev azkenean abandonatu egin behar izan bazuten ere, luzaroan defendatu zuten, eta horrek ikaragarri zaildu zituen alemaniarren planak. Odesan 100.000 langilek baino gehiagok hartu zuten parte defentsak eraikitzen Sebastopolera lekualdatu aurretik, eta han egoerak eskatzen zuen mailan erantzun zuen erresistentziak. Defentsa horiek guztiek, porrotean bukatu ziren arren, Alemaniaren planaren eraginkortasuna deuseztatu zuten.

Sobietarren defentsarako antolaketa taktikoak erresistentzia eta egokitze gaitasun ikaragarria erakutsi zuen hasieratik, nahiz eta batzuetan garaitua izan mugikortasunari dagokionez

Blitzkriegaren porrotak biraketa estrategiko bat eragin zuen gerran. Alemaniaren aurrerapena atzeratzeaz gain, Sobietar Batasunari bere ekoizpen militarra berrantolatzea eta defentsan sakontzea ahalbidetu zion.

Momentu erabakigarrienetako bat 1941eko urrikoa izan zen, Moskuren setioan. Uztailerako, Alderdiaren udal fakzioek herri boluntarioen dibisioak eratu zituen, eta 120.000 kide baino gehiago bildu zituen, horietatik ia erdiak Alderdiko edo Komsomoleko kideak. Berrogeita bi mila lagun batu ziren aireko defentsa indarretara eta hiriko destruktoreen batailoietara. Guztira, defentsan milioi erdi biztanlek parte hartu zuten zuzenean. Alderdiaren Moskuko eskualde-fakzioak, ekoizpena martxan mantentzeaz gain, tropak eta biztanle zibilak hornitzeko lanak ere bete zituen. Bestalde, Alderdiak Uraletan, Siberian, Volgan, Asia Erdialdean eta Kaukason zituen fakzioek hiriburura erreserbak eta ekipamendua etengabe iristea ziurtatu zuten.

Setioa jasanda ere, boltxebikeek ez zuten amore eman. Instituzio asko badaezpada ere ebakuatu zituzten arren, Komite Zentralaren Politburoa, Gobernu Sobietarra, Estatuko Defentsa Komitea eta Kuartel Nagusia hiriburuan mantendu ziren, modu eredugarrian. 1941eko azaroaren 6an, bere ohiko biltzarra egin zuen Moskuko Diputatu Langileen Sobietak, Alderdiko eta herri fakzioetako ordezkariekin batera. Biharamunean, Armada Gorriak urteroko desfilea gauzatu zuen, Urriko Iraultzaren urteurrenean urtero egiten zuen moduan. Moskuk eutsi egin zuen, eta nazien planak zapuztu egin ziren. 

Bitartean, zona okupatuetan, Alderdiak erresistentzia partisanoa antolatu zuen. Ukrainan, Bielorrusian, Moldavian eta Baltikoko herrialdeetan etsaiaren aurkako kolpeak antolatu zituzten etengabe. Komite Zentralak komisio berezi bat sortu zuen lan hori erretagoardiatik zuzentzeko. Partisanoek agintari okupatzaileen neurri politiko eta ekonomikoak sabotatu zituzten, ondasunak Hitlerren Alemaniara eramatea galarazi zuten, eta etsaiaren giza baliabideak eta material belikoak suntsitzen lagundu zuten. Alderdiaren antolakunde klandestinoek antolatu eta zuzendu zituzten mugimendu partisanoa eta zona okupatuetan sobietar herriak inbaditzaileen aurka gauzatutako borroka. Fakzio horien buruak Alderdiko eskualde-komiteetako 26 idazkari eta udalerri- eta distritu-komiteetako 539 idazkari ziren.

1941eko abenduan, sobietarren kontraerasoa hasi zen. 1942ko otsailerako, Armada Gorriak etsaia 400 kilometro bultzatu zuen mendebalderantz, eta, horrela, libre utzi zituen Mosku eta Tula, baita Kalinin, Leningrad, Orel eta Smolensk eskualdeetako distritu batzuk ere. Hala, Wehrmachtaren garaiezintasunaren mitoa hautsi zen. Leninek baieztatu zuen moduan, morala erabakigarria izan zitekeen: nazien gailentasunaren aurka, kolpe militarra bezain garrantzitsua izan zen kolpe sinbolikoa.

Plano diplomatikoari dagokionez, isolamendu bortitz baten arriskuari aurre egin behar zion SESBek. Mendebaldeko potentzien eta Alemania naziaren arteko koalizio bateratu baten aukera benetakoa zen. Horren froga dira Harry Truman Missouriko senatariaren deklarazioak; izan ere, 1941an honakoa esan zion New York Times egunkariari: “Alemania irabazten ari dela ikusiz gero, Errusiari lagundu behar genioke; eta Errusia ari bada irabazten, Alemaniari lagundu behar genioke. Modu horretara, elkar ahalik eta gehien hil dezaten utziko diegu”. Hala ere, Alemaniak irabazteak eta sobietarren baliabideak kontrolatzeko aukerak sortzen zuen beldurrak (iritzi publikoaren gero eta sektore gehiagok zuten beldur hori) eta Japoniak Pearl Harborri egindako erasoak koalizio bat sortzeko prozesua azkartu zuen. 1942an, Ardatzaren aurrean elkar babesteko adierazpen bateratu bat sinatu zuten 26 herrialdek, horien artean, Estatu Batuek, SESBek eta Txinak. Erresuma Batuak eta Estatu Batuek urte horretan bertan Europan bigarren fronte bat zabalduko zutela hitzeman zuten. Ez zuten bete. Bitartean, Alemaniako armadaren zatirik handiena ekialdeko frontean zebilen. 1942ko urrian, 266 dibisio alemaniar zeuden han.

1942 bukaera aldera, Wehrmachtak beste erasoaldi bat gauzatu zuen Stalingraden. 150.000 langile eta nekazarik lagundu zuten gotorlekuen eraikuntzan, eta Alderdiko eta Komsomoleko milaka militante batu ziren Armada Gorrira.

Ordurako, sobietarren gerra-ekonomiak antolakuntza maila handia lortu zuen. 1942an, %50 baino gehiago handitu zen aurreko urteko ekoizpena. 1.300.000 langile inguru trebatu ziren ofizio berrietan eta 2.500.000 langilek baino gehiagok jaso zuten trebakuntza gehigarria. Alderdiaren oinarriko fakzioek produktibitatea handitzeko moduei buruz eztabaidatzen zuten. Landagunearen zatirik handiena etsaien esku bazegoen ere, Alderdiak nekazariak politizatzeko eta landa-ekoizpena handitzeko neurri eraginkorrak hartu zituen ekialdeko lurraldeetan.

Partisanoek agintari okupatzaileen neurri politiko eta ekonomikoak sabotatu zituzten, ondasunak Hitlerren Alemaniara eramatea galarazi zuten, eta etsaiaren giza baliabideak eta material belikoak suntsitzen lagundu zuten

Aberriaren Gerra Handiaren lehen aldi hori izan zen denetan zailena, eta erabakigarria izan zen Alderdi Komunistarentzat. Ezin da ahaztu ezen, nazien hasierako planak zapuztea lortu bazen ere, izugarriak izan zirela sobietarrek izan zituzten giza galerak zein lurralde- eta ekonomia-galerak. Alderdiaren gidaritza eta antolatzaile funtzioa inoiz baino ageriagokoa izan zen. Irmotasuna, moldakortasuna eta herrialdeko baliabide guztiak aberri sozialistaren alde mobilizatzeko gaitasun berdingabea erakutsi zituen. Konfiantza gorakor horren adierazgarri, 1942an 1.368.000 militante berri batu zitzaizkion. Urte horren bukaerarako, bi milioi komunista baino gehiago ziren Armada Gorriaren parte (Alderdiko kide guztien %54,3). Alderdia inoiz baino indartsuago atera zen aro horretatik, zuzendaritza politiko, militar, ekonomiko eta organizatiboan esperientzia sendoa irabazita.

STALINGRADETIK BERLINERA

Industriako emaitza arrakastatsuen ondorioz, 1942an, Alemaniaren armadak Stalingradi eraso egitean, sobietarren armadak garaitu egin zuen armamentuari dagokionez. Zuzendaritza militarrak, irmo, 330.000 nazi inguru setiatu zituen hirian, eta hori aurrekaririk gabeko arrakasta politiko eta militarra izan zen. Garaipen horrek dena aldatu zuen: Alemanian ezegonkortasuna eragin zuen, eta haren perspektibak ezkorrak izaten hasi ziren; Japoniak eta Turkiak SESBen kontrako ekintzaren bat egitea pentsatzeari utzi zioten; eta krisi politikoak izan ziren Italian, Hungarian eta Errumanian.

1943an, Alemaniak beste eraso bat gauzatu zuen, Estatu Batuek eta Erresuma Batuak ez baitzuten beste mendebaldeko fronte bat sortu, hala agindu zuten arren. Eraso hori Kurskera zuzendu zen, baina Armada Gorriak berehala geldiarazi zuen. Hauek izan ziren Volgako, Kurskeko eta beste zenbait lekutako sobietarren arrakastaren arrazoiak: barne frontearen ahalegin belikoa, Armada Gorria indartzeko eta arma modernoenekin hornitzeko Alderdiak egin zuen antolaketa-lan handia eta soldadu sobietarrek arma horiek trebetasunez erabiltzen ikasi izana. Nolanahi ere, SESBen garaipen dinamika hori baldintza gehiagok ahalbidetu zuten.

Aurretiaz, Alderdiaren oinarriko fakzioak erregimentuetan soilik zeuden; une hartan, aldiz, batailoietan eta beste unitate baliokide batzuetan ere eratzen ziren. 1943ko udaberrian ezarritako neurri horrek Alderdiaren fakzioen eta Armadaren arteko loturak indartu zituen, eta, haren eraginez, tropen artean lan egiteko modu malguagoak erabiltzen hasi zen Alderdia. Stalingraden hasitako gerrako fase berrian, neurri horrek Armada Gorria eta Alderdia kohesionatzen lagundu zuen, erasoaldi garai batean.

Aberriaren Gerra Handia bukatua zen. Sobietar Batasunak gizateria izurri faxistatik salbatzea lortu zuen. Munduko langileek horrenbeste nahi zuten bakea berrezarri zuten, baina ez zen nazioarteko iraultzarik izan

Bestalde, fase hartan, sobietarren industriak lehen mailako borroka-ekipamenduen gero eta kantitate handiagoz hornitu zuen Armada Gorria. 1940. urtearekin alderatuta langileen heren bat gutxiago bazuen ere, Alemaniako industriak Wehrmacht faxistari baino askoz ekipo militar gehiago eman zion fronteari sobietarren armadak. Sobietarren tanke fabrikek 44.600 tanke ekoitzi zituzten bi urtean (1942 eta 1943), eta alemaniarrek, berriz, 18.200 soilik. Denbora tarte berean, sobietarren aeronautika-industriak alemaniarrenak baino 20.000 hegazkin gehiago hornitu zizkion fronteari.

Stalingradeko garaipenaren ostean, naziek okupatutako lurraldeak aske utzi zituzten pixkanaka, eta leku horietako ekonomia birgaitzeko neurriak hartu zituen KPSSk. 1943an, SESBeko Herri Komisarioen Kontseiluak eta Alderdiaren Komite Zentralak "Alemaniaren okupaziotik askatutako eremuetan ekonomia berrezartzeko premiazko neurriei buruzko erabakia" hartu zuten. Hura ezartzearen ondorioz, kaltetutako lurraldeetako etxalde kolektiboek 1.720.000 abere eta neguko laborantzarako 96.000 tona hazi jaso zituzten 1944ko urtarrilaren 1erako. Etxebizitzak, eskolak, ospitaleak eta fabrikak berreraikitzeko ere lan handia egin zen. 

1944an, Alderdi Komunistak faxismoarekin bukatu eta Alemaniara heltzeko beharra azpimarratu zuen. Helburu horri eutsiz aurrera egiten hasi ziren, Wehrmachtak indar boteretsua izaten jarraitu bazuen ere. Arreta berezia eman zitzaion prentsari: 4 egunkari zentral, fronteko 19 egunkari eta armadari zegozkion 90 argitaratzen ziren. Momentu hartan, nazien porrota bistakoa zenean, mendebaldeko frontea berraktibatu zen.

Askatutako herrialdeetan oso handia izan zen sobietarren eragina. Balkanetako eta Europa ekialdeko Alderdi Komunistek harrera egin zioten Armada Gorriari, eta Hungariak, Bulgariak, Errumaniak eta beste herri askok nazien aurkako jarrera hartu zuten esplizituki. Sozialisten sistema ekonomikoaren abantailek, herritar sobietarren artean sustatutako balio moralek eta Alderdi Komunistaren antolakuntza-gaitasunek euren balioa erakutsi zuten.

Komite Zentralak eta Gobernuak etengabe heldu zieten gune askatuetako birgaitze ekonomikoari zegozkien arazoei. Azpiegitura-eraikuntzan egindako inbertsioen %40 baino gehiago bideratu zen arazo horiek konpontzera. Askatu bezain pronto hartu ziren gune sobietar bakoitzean gerrak eragindako kalteak konpontzeko neurriak.

Alderdiaren eta langile-herriaren arteko batasun gero eta handiagoa agerian geratu zen, beste gauza batzuen artean Alderdiko afiliazioek inoiz ez bezala egin baitzuten gora; 1944an, 1.336.350 hautagai eta 1.124.853 kide gehiago zituen. Gerran zehar batu zirenak afiliatuen ia bi heren ziren. Jakina, onartu berrien formakuntza ideologikoa eta herritarren arteko lanketa politikoa lehentasunezko lan bihurtu ziren Alderdiarentzat, baina Alderdiaren fakzioek txikitua zuten lanketa ideologikoari ematen zioten arreta. Hori dela eta, Komite Zentralak egoera hori zuzentzeko zenbait erabaki hartu zituen, eta hobekuntza kualitatibo nabarmena eragin zuten.

Funtsezko eginbehar ideologikoetako bat okupatutako guneetan faxisten eragina ezabatzea zen. Ukrainan, Bielorrusian, Besarabian eta Baltikoko herrialdeetan, nekazariei itzuli zizkieten naziek lur-jabeei itzuli zizkieten lurrak. Hala ere, ukaezina da herrialde horietan bazegoela nolabaiteko nazionalismo bat. 1944ko urtarrilean, SESBeko Sobiet Gorenak, KPSSren Komite Zentralaren osoko bilkura batean hartutako erabaki batean oinarrituta, Batasuneko errepublikek kanpo-harremanen eta defentsaren arloan zituzten eskubideak zabaltzen zituen lege bat onartu zuen. Defentsarako eta Kanpo Harremanetarako Herri Komisarioak berrantolatu egin ziren, eta Batasun osokoak izatetik Herri Komisario Errepublikarrak izatera igaro ziren. Modu honetara, errepublikei baimena eman zitzaien atzerriko estatuekin harreman zuzenak izateko, haiekin akordioak sinatzeko eta unitate militarrak ezartzeko.

Gerraren azkenetan, Churchillen lehentasuna zen Berlinera iristen lehenak aliatuak izatea, eta ondoren SESB inbaditzea ere planteatu zuen. Kontrara, sobietarrak izan ziren iritsi eta faxismoa akabatu zutenak. Abuztuan, Japoniari gerra deklaratu zion SESBek, eta Mantxurian garaitu zuen. Hala, Japoniak irailean amore eman zezan lagundu zuen. Aberriaren Gerra Handia bukatua zen. Sobietar Batasunak gizateria izurri faxistatik salbatzea lortu zuen. Munduko langileek horrenbeste nahi zuten bakea berrezarri zuten, baina ez zen nazioarteko iraultzarik izan.