Espainiako Langile Alderdi Sozialistak 1888. urtean egin zuen lehen kongresua. Bartzelonan izan zen, eta guztira 60 pertsonak hartu zuten parte, hain zuzen, 20 asanbladetako bozeramaileek. Kongresu hartan, gutxienekoen eta gehienekoen programa, gainontzeko eragile politikoekin eduki beharreko harremana eta barne antolaketa onartu zituzten, besteak beste.
Alderdi Sozialista defendatu zuten Europako sozialdemokratek, bera izan zitekeelako erregimen frankistatik demokraziarako trantsizioa modu baketsu, ezkertiar, demokrata eta erreformistan bideratu zezakeena
Oinarri politiko nagusiak honako hauek izan ziren: langileriak botere politikoa eskuratzea, jabetza indibiduala jabetza komun bihurtzea eta gizartea langile komunitate bidez antolatzea estatu kapitalistaren bidez beharrean. Finean, langile klasearen askatasun osoaren alde egingo zuen alderdi gisa ezaugarritu zuten alderdia, hau da, klaserik gabeko gizartea zuten xede.
Hurrengo urteetan alderdi zein eragile politiko errepublikanoekin egindako aliantzak eta 1910. urtean parlamentuan eserlekuak lortu izanak gizartean eragiteko gaitasuna eman zion Alderdi Sozialistari. Gainera, UGT sindikatua sortu izanak eta harekin lotura organikoa edukitzeak are gaitasun handiagoa eman zion.
1931n 131 diputatu lortu zituen, eta bera zen errepublikanoen artean indar handiena zuen alderdia. Frankismoak, aldiz, zabalpena eta eragina zapuztu zizkion, gainontzeko alderdi politikoak bezalaxe legez kanpo utzi baitzuten. Horrek buruzagi askoren erbesteratzea eragin zuen.
Frankismo garaian zegoen alderdi indartsuena, ezker hegalean, Espainiako Alderdi Komunista (PCE) zen; batez ere, bera zelako militantzia sare handi eta sendoena zuena. Alderdi Sozialista, aldiz, kinka larrian geratu zen urte luzez, bai zuzendaritza erbesteratu zelako (nagusiki Frantziara eta Mexikora), bai barne gatazkak izan zituelako.
Frankismoaren azken urteetan berregituratu zen Alderdi Sozialista. 1974. urteko Suresneseko (Frantzia) kongresua ezinbestekoa izan zen horretarako. Zuzendaritza zaharra erbesteratuta zegoenez, belaunaldi berri batek hartu zuen gidaritza, tartean, Felipe Gonzálezek, Alonso Guerrak eta Jose Maria Benegasek. Horrekin batera, zenbait aldaketa estrategiko hasi ziren lantzen, hurrengo urteetan aho batez onartuko zituztenak.
Aipatu kongresua ezaguna da Espainiako Estatuaz kanpoko hainbat alderdik babestu zutelako. Ez soilik estrategikoki; diruz, azpiegituraz eta kuadro politikoz ere hornitu zuten. Nagusiki, SPD (Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata) eta PS (Frantziako Alderdi Sozialista) izan ziren Espainiako Langile Alderdi Sozialista berregituratzen lagundu zutenak, nahiz eta Espainiako Alderdi Komunista izan garai hartan frankismoaren oposizioko eragile indartsuena.
Kontuan eduki behar da garaiko testuinguruan sozialdemokraziak proiektu eta ibilbide propioa zuela, eta kasu askotan gatazkan zeudela komunistekin. Horregatik eta PCEren diskurtsoa sozialdemokratentzat erradikalegia zelako haiekiko mesfidantza zutenez, PSOE hautatu zuten haien aliatu gisa. Ondorioz, Alderdi Sozialista defendatu zuten, bera izan zitekeelako erregimen frankistatik demokraziarako trantsizioa modu baketsu, ezkertiar, demokrata eta erreformistan bideratu zezakeena.
PSOEk alde batera utzi zituen estatuarekiko ikuspegi marxista eta iraultza politikoaren ideia. Hori dela eta, kapitalismoa ontzat eman eta hura erreformatzeko saiakerari heldu zion, eta, beraz, Espainiako Estatua gobernatu ahal izateko hautagaia bihurtu zen
Ondorengo urteetan, Franco diktadorearen heriotza dela eta, hainbat alderdi legeztatu zituzten, tartean Alderdi Sozialista. Espainiako Estatuko testuinguru aldaketa baliatuta, 28. kongresua egin zuten, orduko hartan Madrilen.
Aipatu kongresua 1979an izan zen, eta, Suresneseko kongresuari jarraikiz, mota guztietako aldaketak eragin zituen alderdian. Horien artean, marxismoa doktrina politiko gisa haien programatik alboratzea erabaki zuten. Felipe Gonzálezek, azken 5 urteetan idazkari nagusia zenak, marxismoa alboratzea proposatu zuen, nahiz eta ofizialki alderdiaren oinarri politikoa zen. Haren ustez, modernizatu beharra zegoen, eta doktrina zaharrek ez zuten balio garaiko testuingururako. Ondorioa zera izan zen: delegatuen gehiengoak ezezkoa bozkatzea, Gonzálezek dimititzea eta gai hori lantzeko ezohiko kongresu bat egitea.
Hilabete batzuk geroago egin zuten ezohiko kongresua. Bertan, ordea, gehiengoz onartu zen Gonzálezen proposamena, eta berriz izendatu zuten idazkari nagusi. Hortik aurrera, Espainiako Langile Alderdi Sozialistak hau zioen bere buruari buruz: PSOE langileen alderdi sozialista demokratikoa da, zeina askatasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren alde borrokatzen den.
Espainiako Langile Alderdi Sozialista, haustura-alderdi izatetik urrun, frankismoaren ondare politiko eta ekonomikoa mantentzeko pieza izan zen. Diskurtso progresista eduki bazuen ere, ez zuen inolaz ere auzitan jarri ez monarkia, ez botere judiziala eta ezta frankismotik herentzian jasotako estatua ere
Gauzak horrela, eta Europako sozialdemokraziaren lerroari jarraituta, sorrerako oinarri politikoei muzin eginez berregituratu zen PSOE, eta bestelako printzipioak adostu zituen; hobeto esanda, alde batera utzi zituen estatuarekiko ikuspegi marxista eta iraultza politikoaren ideia. Hori dela eta, kapitalismoa ontzat eman eta hura erreformatzeko saiakerari heldu zion, eta, beraz, Espainiako Estatua gobernatu ahal izateko hautagaia bihurtu.
Frankismo ondorengo lehenengo bi hauteskundeak Adolfo Suárezek irabazi zituen. Nagusiki berak diseinatu zituen Francoren heriotzaren ondorengo urteak. Gai izan zen denborak kudeatuz eta kontsentsua bilatuz trantsizioa posible egiteko. Horrekin bat, prozesu horretan ezkerreko zein eskuineko alderdien errepresentazioa egon zedin lortu zuen, Espainiako testuinguru berriari egonkortasuna emateko asmoz. Hor kokatzen zen PSOE, Suárezek diseinatutako planaren ezker hegalean.
1982an Felipe Gonzálezek gehiengo absolutua lortu zuen. Espainiako Estatuko “aldaketa urtea” deitu ohi zaio; izan ere, urte hartan UCD (Union de Centro Democrático) alderdiaren bi legealdiak albo batera utzi eta frankismotik demokraziarako bidea marrazten hasi zen Alderdi Sozialista.
Erreformek ezaugarritu zituzten urte haiek, erreforma sozial eta ekonomikoek zein hezkuntza alorrekoek. Hauek izan ziren esanguratsuenak: Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren (SNS), Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoaren eta gazteen enplegua sustatzeko egitasmoaren sorrera.
Hori gutxi ez eta, Europako Komunitate Ekonomikoaren parte bihurtu zen Espainia, hain zuzen ere, gaur egun Europar Batasuna gisa ezagutzen dugun horren parte. Espainia NATOren parte izaten jarraitzeko erreferenduma ere Gonzálezen lehen legealdian izan zen. 1982an, UCDk NATOn sartzea onartu zuen, eta PSOEk aurkako jarrera mantendu zuen; Gonzálezen legealdian, ordea, alde batera utzi zuen ideia hori, eta, nahiz eta erreferenduma egin, hasiera-hasieratik defendatu zuten bertan jarraitzea.
Aurkakoa pentsa badaiteke ere, erreforma eta aldaketa horiek guztiek ez zuten inolako haustura estrukturalik ekarri frankismoarekiko, Alderdi Sozialistak ez baitzuen garaiko botere ekonomikoa aldatzeko saiakerarik egin. Horren erakusle dira frankismo garaiko enpresa zein enpresariekiko harremana mantendu edo indartu, enpresa publikoak pribatizatu eta dozenaka ate birakari egin izana.
Hortaz, Espainiako Langile Alderdi Sozialista, haustura-alderdi izatetik urrun, frankismoaren ondare politiko eta ekonomikoa mantentzeko pieza izan zen. Diskurtso progresista eduki bazuen ere, ez zuen inolaz ere auzitan jarri ez monarkia, ez botere judiziala eta ezta frankismotik herentzian jasotako estatua ere. Finean, haren sorrerako printzipio politikoak alde batera utzi, eta boterearen eta estabilitatearen alderdi gisa indartu zen.
Publikotik pribatura
Urteen poderioz, oligarkiarekin harremanak estutu eta haren mesedera jarduten hasi zen. Ikus, bestela, zenbat enpresa publiko pribatizatu, zenbat ate birakari egin eta zenbat korrupzio kasu atera zaizkion argitara bere historia laburrean.
Urteak pasatu ahala, ikusten da PSOEk gauzatutako pribatizazioek enpresa eta enpresarien poltsikoak bete zituztela, eta zutena baino indar gehiago lortu zutela enpresa batzuek
1985. urtetik 1991. urtera 20 enpresa publiko inguru pribatizatu zituen, esaterako, Seat, Secoinsa eta Ateinsa. Guztiak internazionalizatu eta estatuaren kargutik kentzea zen helburua, baina ez zen uste bezain ondo atera. Izan ere, askok ez zuten internazionalizatzea lortu, eta beste hainbat, pribatizatu ondoren ere, dirulaguntzaz hornitzen jarraitu zuen estatuak, tartean Seat.
Ildo beretik, Estatuak 350.000 milioi pezeta inguru gastatu zituen Seat enpresa saneatzeko, eta, ondoren, Volkswagen multinazionalari saldu zion. Horrela, azken horrek prezio baxuan eta zorrik gabe, ekoizpen gaitasuna eta Espainiako eta Europako merkatuetara sarbidea zituen enpresa bat erosi zuen.
Aurreko urteetan ez bezala, 1992. urtetik 1995. urtera bitarte, ustez errentagarriak ziren enpresa publiko batzuk pribatizatu zituen. Ordukoan 30 enpresa inguru izan ziren; Telefónica, Endesa eta Respol, besteren artean. Estatuaren defizit publikoa murriztu eta irabazi ekonomikoa lortzeko asmoz pribatizatu zituen enpresa guztiak, baina orduan ere ez zen horrela izan. Irabaziak ohiz kanpokoak izan ziren, ez egiturazkoak, eta Estatuak ez zuen lortu defizita gutxitzea.
Aipatu enpresa publikoek badituzte komunean ezaugarri batzuk. Hirurak gutxinaka-gutxinaka pribatizatu zituzten, zatiz zati saldu baitzituzten burtsan. Esan behar da Estatuari errentagarriak zitzaizkiola, baina pribatizatu egin zituela hala eta guztiz ere.
Aipatu pribatizazioek hainbat ondorio ekarri zituzten: enpresen jabetza enpresari kopuru edo sektore txikiago baten esku geratu zen, Espainiako Estatuko hainbat sektore estrategiko enpresarien esku utzi zituzten, eta etekinak lortu zituztenak Espainiako eta kanpoko enpresariak izan ziren.
Hori guztia ez zen pribatizazio plan gisa saldu, baizik eta kapitalismoa popularizatzeko (herritarrak enpresen akziodun bilakatzeko) eta estatuak irabaziak edukitzeko plan gisa. Urteak pasatu ahala, ikusten da pribatizazioek enpresa eta enpresarien poltsikoak bete zituztela, eta zutena baino indar gehiago lortu zutela enpresa batzuek. Gainera, hurrengo urteetan Alderdi Popularrak enpresa publikoak nahieran pribatizatzeko atea ireki zuen Alderdi Sozialistak.
Alabaina, langileriarentzat ez zen enpresarientzat bezain egokia izan. Hainbat enpresaren pribatizazioak aldaketa handiak ekarri zizkien bertako langileei, izan itxierengatik, izan kaleratzeengatik. Horretaz gain, langileriaren oinarrizko beharrizanetako batzuk enpresari handien esku geratu ziren, publikoak zirenean baino neurri handiagoan, eta haiek nahieran aldatu zezaketen dena; esaterako, auto baten prezioa edo hilero argindarrean ordaindu beharrekoa.
Ate birakariak
Pribatizazioek ez zuten soilik enpresarien diru goseak asetzeko balio, Alderdi Sozialistak ere etekin handia atera baitzuen hortik. Izan ere, pribatizazioak begi onez ikusi ondoren, harremanak sendotu zituen haiekin, politikariak enpresa pribatuetan txertatzeko.
Espainiako Estatuko gobernantza-ereduan ate birakariak ohikoak izan badira ere, PSOE izan da kasu publiko gehien eduki dituena, Alderdi Popularra baino gehiago. Felipe Gonzálezen gobernuaren garaian 60 pertsona inguru izan ziren, Zapaterorenean 55 inguru, eta, Pedro Sánchezenean, 10 inguru. Egia da ezin daitekeela zehatz-mehatz jakin zenbat karguk amaitu duten enpresa pribatuetan, aldaketa asko egon batira, baina ideia bat egiteko baliagarria izan daiteke.
Espainiako Estatuko gobernantza-ereduan ate birakariak ohikoak izan badira ere, PSOE izan da kasu publiko gehien eduki dituena, Alderdi Popularra baino gehiago
Nagusiki energia, banku eta teknologia enpresetan amaitu dute politikari askok; adibidez, Endesan, Barclaysen eta Telefónican. Garrantziaz jabetzeko Felipe Gonzálezen kasua aztertu daiteke, bera izan baitzen enpresa publikoen pribatizazioak bultzatu eta politikako kargua utzi ondoren Gas Naturaleko goi karguetan lan egin zuena.
Beste hainbat kargu garrantzitsuk ere bide berbera jarraitu zuten. Narcis Serrak, lehendakariorde eta defentsa ministro izandakoak, Caixa Catalunyako lehendakari eta Gas Naturaleko aholkulari gisa amaitu zuen. Pedro Solves Mirá Ogasun eta Ekonomiako ministroa izan zen bai Gonzálezen gobernuan eta baita Zapaterorenean ere, eta Enel eta Barclays enpresen aholkularia izan zen. Javier Solana Madariagak, Europar Batasuneko idazkari nagusia izandakoak, CaixaBankeko eta Eneleko aholkulari eta Accionaren kontseilu internazionaleko partaide izaten bukatu zuen.
Ustelkeriaren bidez alderdia indartu
Politikari profesionalen ibilbide laboralaz harago, ustelkeria kasu andana eduki ditu Alderdi Sozialistak; besteren artean, finantziazio irregularrari, diru partiden desbideraketari eta legez kanpoko komisioei lotuak.
“Filesa” auzia entzutetsua izan zen, batik bat PSOEko 50 pertsona inguru inputatu egon zirelako, besteak beste José María Sala eta Carlos Navarro Kataluniako Alderdi Sozialistako (PSC) kargu esanguratsuak. 1989. urtean hiru enpresaren (Filesa, Malesa eta Time-Export) arteko trama bat sortzen saiatu ziren. Ondoren, 1.200 milioi pezeta bideratu zituzten alderdira. Espainiako lehen legez kontrako finantziazio argitaratua izan zen, eta eragin handia izan zuen beste alderdietan.
“Ibercorp” auzia, berriz, hiru urte beranduago gertatutako influentzia-trafiko kasu bat izan zen, hain zuzen ere, Espainiako Bankuarekin loturikoa. Kasu hartan, eduki zezakeen informazioa eman zion Mario Rubiori –Espainiako Bankuko kargu altua– Miguel Boyer Ekonomiako-ministroa zenak. Harreman eta informazio hori baliatuta, burtsan zituzten akzioak areagotzen zituzten, beren irabaziak handitzeko. Guztira, 7.100 milioi pezeta lapurtu zituzten.
PSOE ezin daiteke ulertu kapitalismotik kanpo, ezin daiteke ulertu haustura-alderdi gisa eta ezta 78ko erregimenik gabe ere. PSOE, nolabait ulertu behar badugu oligarkiarekin harremanean, burgesiaren ordenan eta kapitalismoan ulertu behar dugu
Andaluziako enplegu-erregulazioko espedienteen (ERE) kasuak ere zeresana eman zuen. Andaluziako batzordeak diru publikoa bideratzen zien kaleratzeak eta aurrejubilazioak ordaindu ezin zituzten enpresei. Dena dela, lagun, bitartekari eta enpresekin zerikusirik ez zutenek ere dirua irabazi zuten. Tartean ziren Manuel Chaves eta José Antonio Griñán, biak ala biak Andaluziako Juntako lehendakariak eta PSOEkoak. Gutxi gorabehera 1.200 milioi euroko iruzurra egin zuten.
Parte-hartze publikoa
Hori irakurrita, pentsa daiteke PSOEren eta oligarkiaren arteko harremana bakarrik legez kanpokoa izan dela, baina ez; izan ere, urteak joan eta urteak etorri parte hartu du batak bestearen ekitaldi zein foroetan.
Horren erakuslea da 1988an garaiko ekonomia ministroak Davoseko mundu mailako ekonomia foroan parte hartu izana. Hurrengo urteetan ere horrela izan da; 2025eko urtarrilean egin zen azkenekoa, eta Pedro Sánchezek hitz egin zuen hartan.
Hori gutxi balitz bezala, foro xumeagoetan ere parte hartu du alderdi sozialistak; besteren artean, enpresarien konferentzian hartu zuen parte 90eko hamarkadan, zeinak enpresariekin harremana sendotzeko balio zuen; 2000. urtean Forum Europan egon zen besteak beste Jose Luis Rodríguez Zapatero; eta 2025ean PRISA enpresa multinazionalak sortutako CREO foroan hartu zuen parte alderdiak.
Desitxuraketarik ez
Alderdiaren bilakaerak eta kasu horiek guztiek erakusten dutena zera da: PSOEk eta oligarkiak, Espainiakoak zein nazioartekoak, harreman zuzena eta estua izan dutela elkarren artean, hau da, izugarria izan dela urte luzez batak bestea indartzeko egindako ahalegina. Beraz, gaur egun ez da existitzen sorreran behintzat kapitalismoaren aurka zegoen alderdi hura, bera baita Espainiako Estatuan kapitalismoak duen babesgune handienetarikoa.
Bide beretik, nahiago izan du sorrerako printzipio politikoei muzin egin eta kapitalismoa betikotu, batez ere, klaserik gabeko gizartea eta langile klaseraren askatasuna aldarrikatzetik kapitalismo ez hain txarra babestera igaro baita. Are gehiago, frankismotik demokraziarako bidea progresista izan zitekeelako ideia zabaldu zuen, inolaz ere moztu gabe frankismoaren herentzia politiko eta soziala.
Hortaz, PSOE 78ko erregimenaren alderdia da; hain zuzen, monarkiarena, oligarkiarena eta ustelkeriarena. Bete-betean asmatu zuen Adolfo Suárezek demokraziari pluraltasun itxura ematen (ezker zein eskuin alderdiekin), eta horri esker Espainiako Estatuan kapitalismoa mantentzen.
Gainera, alderdia gai izan da Espainiako Estatuan egon zitezkeen gatazka politikoak apaldu eta haren ezkerrera egon zitekeena politikoki bereganatzeko. Hala erakutsi du urte luzeetan, trantsiziotik hasi –PCE jokoz kanpo utzi zuenean– eta Kataluniako prozesu independentistara arte –non independentismoa lege bitartez apaldu baitu–.
Bibliografia
Andrade, J. (2006). El PCE y el PSOE en (la) transición. Siglo XXI de España Editores.
Maestre, A. (2025). Franquismo S.A. Akal.
Morán, G. (1991). El precio de la transición. Akal.
Sesma, N. (2010). La dictadura franquista: Ni una, ni grande, ni libre. Síntesis.
Brandariz Portela, T., Caamaño Deus, S., Campos Nieto, P., Casas Quiroga, P., & Filloy Martínez, L. (n.d.). Casos de corrupción en España desde 1977 hasta la actualidad. [Txosten akademikoa edo ikerketa].
Castillero, E., Moreno, A., & Castillo, A. (n.d.). Transparencia y gobierno: puertas giratorias en España. [Txosten akademikoa edo ikerketa].
Martín Urriza, C. (2001). Breve historia de las privatizaciones en España. Editorial Síntesis.
HEMEN ARGITARATUA